Beñat Lizaso, jaiotzez oiartzuarra izan arren, Irunen bizi da egun. 2025eko azaroan Euskal Pilotako Nazioen Ligako finalera iritsi zen pala egokituko modalitatean. Euskal Selekzioaren izenean parte hartu zuen txapelketan eta Frantziaren kontra jokatu ostean, txapeldunorde bilakatu zen. Kirolariak pala egokituan lehiatzea nolakoa den azaldu du, bere kirol ibilbidearen errepasoa egitearekin batera.
Nola joan da azken txapelketa?
Ba Frantzian jokatu berri den txapelketa batetik nator, nahiko berezia dena, bi modalitate uztartzen baititu: trinketea eta frontoia. Oraingo honetan frontoia tokatu zaigu eta handik nator. Klub bezala 30-13 galdu genuen larunbatean, baina sentsazio onekin, besoko lesioaren ondorioz 2 urte txar pasa ditut eta. Beste partiduan, berriz, inoiz egin ez nuen zerbait egin nuen: bikotez aldatu Frantzia eta Euskaldunen artean, bikoteak desorekatuak zeudela zirudielako eta egia esan, oso ondo ibili ginen horrela. Orain Nizarako prestatzen ari naiz.
“Aurkezpen paseoan azkenekoak ateratzeko esan zigutenean, itzela izan zen”
Finalak aipatuta, azaroan Nazioen Ligako Finala jokatu zenuen Bilbon. Txapelketa handia da hori, ezta?
Guk 2011n uste genuen hau ez zela inora iritsiko 4 katu garelako eta begia, azkenean selekzioarekin jokatzeko aukera iritsi zaigu. Munduko Txapelketa jokatu nuen 2012an Frantzian Espainiako Selekzioarekin gonbidatu bezala eta hori ez zen inora iritsi. Baina Euskadiko Selekzioarekin Nazioarteko txapelketara joan naiz, presidentea ezagutzeko aukera izan dut eta familia bat sortu dugu denon artean; oso polita da.
Kanporaketak jokatu ostean, Frantziaren kontrako finala jokatu eta txapeldunorde izan zinen.
Frantzia zen txapelketa irabazteko faboritoa eta guk bigarren sorpresa bat emateko aukerak genituen; gainontzekoak, Portugalen edo Argentinan, hasiberriak dira eta ez dute ondo ezagutzen nolakoa den frontoian jokatzea gurpildun aulkian. Gainera, besoan lesio bat izan dut eta nire onera guztiz etorri ez naizen arren, orain urrirako prestatzen ari naiz Argentinarako, selekzioak erabakitzen baitu zeinek jokatuko duen. Nire maila berriz berreskuratzeko itxaropenarekin ari naiz, eta lortzea espero dut.
“Erraztasunak denok dauzkagu, horiek ateratzeko modua aurkitzea da kontua”
Aurten lehen aldiz aritu zarete Nazioen Ligan Euskal Selekzioaren izenean. Zer esanahi izan du aldaketa horrek zuretzat?
Futbolean ere hori lortzen saiatu dira eta oraindik ez dute lortu. Politikak oraindik kirola nola zikintzen duen ikusi daiteke, horregatik kirolari asko jokatu gabe geratzen dira eta. Benetan polita izan zen. Aurkezpen paseoan azkenekoak ateratzeko esan zigutenean, itzela izan zen.
Nola egiten da Nazioen Liga jokatuko duten kirolarien aukeraketa?
Egia esanda, 6 katu gara: Gipuzkoako 3 bikote, 2 Nafarroakoak eta Bizkaiak 4 dauzka, baina 2 inklusiboak direnez horiek ezin dute parte hartu. Aukeratutako 6ak 3 egunez Bizkaian entrenatzen aritu ginen eta bertan egin zen aukeraketa. Azkenean zain egon behar zara ea aukera etorriko zaizun. Gero urrian ikusiko dugu esperientzia errepikatzeko aukera izango ote dugun.
15 urte igaro dira pala egokituan ibiltzen hasi zinenetik, ezta?
Nik istripua 1994. urtean izan nuen. Lagun batekin bizikletan nindoala, kamioi batek harrapatu ninduen eta hanka galdu nuen. Nire bizitza guztian ostalaritzan lan egin dut eta ibilbide horren ostean familiarekin garagardotegi bat ireki genuen, Ardi Beltz, ni bezala, eta bertan, Iurgi Olasagasti lankideak barraren atzetik pala, aulkia eta bi boteak probatzea proposatu zidan. Hurrengo egunean bertan probatu nuen eta niretzat sekulako askatasuna izan zen. Aurretik kirola egitea gustatzen zitzaidan, baina jada korrika egitea ezinezkoa zaidanez, hau aurkitzea izugarria izan zen.
“Adibidez, jokatzeko erabiltzen dudan gurpildun aulki egokituak 8.000 euro balio ditu”
Palaz gain, txirrinduan ere aritzen zara.
Istripuaren ostean, 22 egun koman pasa ostean etxera bidali nindutenean, Ramon Unanue entrenatzaileak arrabolean jarri ninduen hanka bakarrarekin eta bizikletarekin kalean ibiltzen saiatu nintzen arren, konturatu nintzen hori ez zela niretzako. Ordu hartan belodromoa erakutsi izan balidate, gauzak bestelakoak izango lirateke.
2010ean palan hasi nintzenean, jakin-mina sortu zitzaidan Iurgirekin eta 2011n bizikletarekin. 6 hilabetean, 2012ko txapelketara joan nintzen Euskal Selekzioarekin. Brasilgo Olinpiadetara begira geunden jada, entrenatzaileak entrenatzen zituen kategoria guztietako gaztetxoen aurka entrenamenduetan norgehiagokan, eta bat-batean femurra puskatu nuen ia geldirik nintzela. Istripua 12 urterekin izan nuenez, nire hezurrak ez ziren behar bezala garatu eta bertan jakin nuen ere muinoiaren edo hankaondoaren itxiera ez zegoela behar bezala eginda. Beraz, bigarren ebakuntza bat egin behar izan nuen, baina behintzat horri esker nire emaztea ezagutu nuen. Bartzelonako traumatologo batek egin beharreko ebakuntza guztiak egin zizkidan azkenean. Txapelketa batean deskubritu nuen 6 urterekin hanka moztu zioten mutiko bat, eta txundigarria da benetan 8rekin aulkian nola moldatzen den ikustea. Berarekin hitz egin nuen aholkuak emateko eta, niri gertatutakoaren ostean, osorik zuen hanka zaintzeko esan nion, ahal nuen guztian lagundu nahian, medikuek arreta soilik hankaondoari jartzen diotelako.
“Gainera, batzuetan lesioa duzula konturatzen zarenerako beranduegi da eta arazoa larritu egin zaizu”
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Hasieran astean behin entrenatzen genuen soilik eta gero bakoitzak bere kabuz. Usurbilen bizi izan nintzenean lagun batekin batera entrenatzeko geratzen nintzen asteburuetan. Entrenamenduetan keinu ezberdinak nola egin behar diren edo baita pentsamenduak ere lantzen dira. Gauzak azkar eginda, zaila da egin beharreko gauzekin asmatzea. Erraztasunak denok dauzkagu, horiek ateratzeko modua aurkitzea da kontua. Nik badakit nire maila igotzeko aurkariei maila igotzen lagundu behar diedala. Azken batean, jende berria kirolean sartzen denean erakutsi egin behar zaio.
Kirol honetan besoak oso garrantzitsuak dira, beraz, horiek ez lesionatzea garrantzitsua izango da, ezta?
Hanka bakarra izanda, makuluarekin ibiltzen naiz, beraz hor besoarekin indarra egiten ari zara, edo bestela erdi saltoka ibiltzen naiz, etxean batez ere. Horri esker oreka eta indarra ere lantzen dituzu. Lesioak, beraz, ez dira konturatu gabe etortzen, baizik eta gehiegizko esfortzuak egiteagatik edo ondo ez estiratzeagatik edo luzatzeagatik. Gainera, batzuetan lesioa duzula konturatzen zarenerako beranduegi da eta arazoa larritu egin zaizu. Azkenean, 4 katu garenez pena ematen dizu jokatzeari uzteak. Nik 2 urtez besoan lesio bat izan nuen eta eskuan hainbeste min izatera iritsi nintzen ia ezin nintzela makuluarekin ibili. Ondorioz, masajistan dirua utzi eta utzi, baina talka-habailen bidez egindako tratamenduari esker dexente hobetu dut, orain behintzat badaukat eskua ixtea. Orduan, esandakoa, ia ezinean ibiltzen zara jokatzeari ez uzteko. Horrelako kiroletan ibiliz gero, sorbaldak lesionatzea oso ohikoa izaten da, baina gero lesio mota ezberdinak daude. Beraz, kontu horietan laguntzeko ere babesleak behar izaten ditugu. Adibidez, masaje emaile baten laguntza lortuz gero, gurekin batera Argentinaraino etortzeko aukera izango luke. Izan ere, gure artean giro ona dugu eta kanpora goazenean hori asko eskertzen da, gurekin laguntzera etortzen direnak ere gustura egoten baitira.
Aipatu duzunarengatik, jokatzeko dirua zuen poltsikoetatik ateratzen da, ezta? Beraz, babesleak izateak asko lagunduko luke.
Babesaz galdetuta, oraingoz babesle bakarra goian dagoena da. Kirolean hastea bereziki gogorra da, gastu handiak dakartzalako, eta denak bat-batean iristen dira. Adibidez, jokatzeko erabiltzen dudan gurpildun aulki egokituak 8.000 euro balio ditu. Femurra puskatu aurretik korrika hasi nahi nuen berriro eta hanka bat erosteko tapoi solidarioak biltzen aritu nintzen. Milaka tapoi jaso genituen, 14.000 euro inguru biltzeraino, nahiz eta hanka horrek gehiago balio zuen. Baina Nafarroan Ogasunaren aurrean deklaratzerakoan, dohaintzan bildutako dirua izan arren, 6.000 eurorekin geratu nintzen; Ogasunak 8.000 eraman zituen. Lortutako diru horrekin aulki hau erosi nuen. Besteentzako aulkiak lortzeko, Usurbilen Mikel Goñi, Coro, Lasa eta beste batzuk etorri eta La Caixarekin antolatutako ekitaldian dirua lortu genuen. Guztira, 4 aulki erosi ziren, 3.800 euro ingurukoak. Dena dirua gastatzea da. Txapelketak jokatzeko mugitzen garenez, babesleei ikusgarritasuna eman diezaiekegu, beraz, Irungo edo inguruko jendeak ni babestea asko eskertuko nuke. Adibidez, Errazkin bizikleta dendako lagun batek ahal duen guztian laguntzen nau eta biziki eskertzen diot.
“Aurtengo helburu nagusia Argentinan lehiatzeko aukera lortzea da”
Gainera, kontuan izan behar da zuena ez dela kirol profesionala, baina profesionalean bezala, denbora asko eskatzen du.
Kirol honetan aritzeko aukera izate hutsa asko eskertzen da. Ni ia-ia aitzindarietako bat izan nintzela esan daiteke, baina jende gehiago animatu nahiko nuke kirol honetan aritzera. Hau da, gurpildun aulkian gaudenontzat, saskibaloia eta mahai-tenisa ez dira aukera bakarrak. Atletismoa ere probatu nuen, baina gorputzarentzako jarrerak txarrak ziren, gainera orain gutxi esklerosi ankilosatzailea izeneko gaixotasun bat dudala jakin dut eta orain tratamendua hartzen hasi naiz hori eteten saiatzeko, gaixotasun degeneratiboa baita eta gorputzari eragiten dio. Baina zortea daukat hau dena bizitzeko aukera izan dudalako eta, horrez gain, aurrera jarraitu behar da, ez dago besterik.
Urtean zehar zein txapelketa jokatzen dituzu?
Batetik, Gipuzkoako Txapelketa dago, oraindik hasi gabe dagoena. Bertan 6 gara, 3 bikote. Orain dela bi urtera arte banakako txapelketa jokatzen nuen, bost urtez jarraian irabazi nuena. Frantzian barrena ere hainbat txapelketa jokatzen ditugu eta aurten jende gutxiago gaudenez, ezingo dugu txapelketa bukatu eta, beraz, titulurik gabe geratuko gara, nahiz eta internazionala izan. Gero Master Cupean bost saio edo egingo dituztela esan digute, baina hori jada hurrengo urterako. Aurten Master Cup bat izango dugu. Horrela, urrirako prestatu beharko gara eta motibatuta nago horretarako.
Zeintzuk dira zure helburuak datozen urteetara begira?
Beti prest egon gara kirol hau leku batetik bestera eramateko eta erakusteko. Orain kiloak galtzen hasi eta Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko asmoa dut, bikotea herren ez uzteko. Aurtengo helburu nagusia Argentinan lehiatzeko aukera lortzea da. Ondo prestatu behar gara horretako eta horretarako funtsezkoena entrenatzea eta jokatzea da, nahiz eta batzuetan kostatu. Kemen pertsona ezinduen kirol klubaren izenak dioen bezala, kemena behar dugu honetan aritzeko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



