Bidasoa eskualdea Euskal Herriko txotxongilolarientzako topaleku izango da urriko lehen asteburuan

Txotxongilolarien eskuek bizitza emateko boterea dute interpretazioari esker. Eskuak astinduz, istorioak aurkezten dituzte publikoaren aurrean. Ostomila Txotxongilo Taldea osatzen duten Zoa Tamara Cuellarrek eta Ruben Mejutok urrats bat harago joan nahi izan dute, esperientziak, ezagutzak eta kezkak partekatzeko asmoz Euskal Herriko Txotxongilolarien topaketa sortuz. Topaketaren lehen edizioa iaz egin zen eta bigarren edizioa berriz, 2025eko urriaren 3tik 5era egingo da Bidasoa eskualdean.

Txotxongilolarien topaketa antolatzeko ideia txotxongiloen sektoreko profesionalak elkartzeko behar handitik sortu zen. Zoa Tamara Cuellarrek azaldu duenez, bera Nikaraguan jaioa eta hazia da eta 18 urte baino gehiago daramatza txotxongiloak lantzen. “Han eta, oro har, Latinoamerika osoan, askoz ohikoagoa da edozein aitzakiarekin partekatzeko espazioak sortzea; hona iristerakoan ordea, ez nuen horrelako espaziorik aurkitu”, azaldu du Ostomilako kideak.

Guraso txotxongilolarien familian jaioa, Tamarak gogoratzen du bere gurasoek 2002. urtean Zugarramurdin egin zen txotxongilo topaketa batean parte hartu zutela eta oso esperientzia aberasgarria izan zela. Harri hori tiraka, bertan egiten zen topaketa aztertzen hasi zen Ruben bikotekidearekin batera, Euskal Herri mailan txotxongilolarientzako topaketa berri bat antolatzeko ideia indartzen joan zen heinean. Zoa Tamara Cuellarrek aipatu duenez, “gaur egun lurraldean txotxongilo jaialdi ugari dauden arren, txotxongilolariak elkartzeko eta gauzak partekatzeko espazioak falta zirela ohartu ginen”.

Ikasi eta ikusitakoa praktikara

Horrela, bi urteko ikerketa lanaren ondoren, ikasitakoa praktikan jartzeko unea ikusi zuten iaz Euskal Herriko Txotxongilolarien I. Topaketa antolatuz. Izan ere, Zoa Tamara Cuellarrek eta Ruben Mejutok antolatutako topaketak bi atal nagusi dauzka. Batetik, jaialdian parte hartzen duten txotxongilolarien obren erakustaldia egiten da. “Iaz 6 errepresentazio egin ziren eskualdeko txoko ezberdinetan eta publiko aldetik harrera ere ezin hobea izan zen”, azaldu du Cuellarrek. Antolatzaileentzat garrantzitsuena ekitaldiak elkarren artean ez solapatzea da, parte-hartzaile guztiek ekintza guztiez gozatzeko aukera izan dezaten.

“Gaur egun lurraldean txotxongilo jaialdi ugari dauden arren, txotxongilolariak elkartzeko eta gauzak partekatzeko espazioak falta zirela ohartu ginen”

Zoa Tamara Cuellar, topaketaren antolatzaileetako bat

Bestetik, topaketa hitzak zentzua izan dezan, sektorean lanean dabiltzanentzat esperientziak partekatzeko espazioak sortzen dira, jaialdian zehar gogoeta mahaiak antolatuz. “Lehen edizioan halako bi antolatu genituen eta oso aberasgarriak izan ziren”. Horietan gai bat ematen zaie parte-hartzaileei eta bakoitzak bere bizipenak eta ideiak partekatzen ditu, txotxongilolarien arteko sarea osatu eta sendotzeko. Jaialdiaren barnean antolatutako bazkari eta afariak ere une aproposak izan ziren partekatzen jarraitzeko.  Gainera, gozamenerako unea ere izan zen, Kabigorrin Ostomilako kideek antolatutako kabaretari esker: txotxongiloak eta zuzeneko musika emanaldi bakarrean uztartu genituen, inprobisazioa nagusi izan zelarik. “Gaueko egitasmo honek izandako arrakasta ikusita, aurten berriro errepikatzeko asmoa dugu, ziurrenik jaialdiko lehen egunean zehar”, aurreratu du Tamarak.

Jaialdia antolatzerakoan Euskal Herri mailakoa izan behar zuela argi izan zuten. “Gu Irunen bizi gara eta hiriaren mugaz gaindiko izaera ikusita, bide hori aukeratu genuen” aipatu du Tamara Cuellarrek. Lehenengo edizioan, ordea, ezinezkoa izan zitzaien bertan parte hartzeko Iparraldeko talderik lortzea. Aurten, berriz, nahi hori bete ahal izatea espero dute, eta, gainera, Irunen eta Hondarribian ez ezik, topaketaren ekitaldiren bat Hendaian ere egin ahal izatea. Izan ere, asmoa erakustaldiak espazio irekietan egin ahal izatea da, txotxongiloak ahalik eta jende gehiagorengana irits daitezen. Horretarako, elkarte, auzo elkarte, eskoletako guraso elkarte eta beste ekintzaileen laguntza ezinbestekoa zaie, egitasmoa babesteko.

Tira egiteko hari bat

Txotxongilolarien topaketa bakoitzak gai nagusi bat izatea bilatu dute Zoa Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto antolatzaileek. Cuellarrek azaldu duenez, iaz, jaialdiaren lehenengo edizioan, emakume txotxongilolariengan jarri nahi izan zuten arreta. “Antzerki ikerketako eta antzerki kritikako ikasketak ditudanez, oso interesgarria iruditzen zitzaidan txotxongilolari talde eta konpainia txikietan emakumeek duten pisua ezagutzea eta, aldi berean, nire esperientzia partekatzea”, gaineratu du Zoa Tamarak. Emaitzak antolatzaileen harridura eragin zuen: 16 emakume txotxongilolari elkartzea lortu zuten eta, guztira, 1.000 pertsona inguruk parte hartu zuten topaketan zehar antolatutako ekitaldietan.

2025ean, bigarren edizio honetan, Txotxongilo eta objektuen antzerki munduan lan egiten duten euskal txotxongilolari edo talde berriak eta sortu berri diren lanen erakustaldia antolatzea izango dute helburu.  Zoa Tamara Cuellarren hitzetan, “ideia honen bidez sortzaile berriak bultzatu nahi izan ditugu, txotxongiloen artean gaur egun gertatzen ari dena erakusteko”. Uztailaren 25etik abuztuaren 15era jaialdian parte hartzeko eskakizunak jaso zituzten, ostean hautaketa egiteko. Lanak aukeratzerakoan, Cuellarek azaldu du lehentasuna izango dutela euskal lanek, diasporarekin nolabaiteko lotura dutenek edo txotxongilolari migranteek sorturikoek.

“Ideia honen bidez sortzaile berriak bultzatu nahi izan ditugu, txotxongiloen artean gaur egun gertatzen ari dena erakusteko”

Zoa Tamara Cuellar, topaketaren antolatzaileetako bat

Egungo errealitatearen ispilu

Zoa Tamara Cuellarrek azaldu duenez, txotxongilolariek egun bizi duten errealitatea oso ezberdina da konpainiaren tamainaren arabera. Talde handiei, baliabide gehiago dauzkaten heinean, errazagoa zaie ikusgarritasuna lortzea, horretan lan egiten duten profesionalak dituztelako lantaldean. “Gure kasuan, bi kidek osatutako konpainia bat izanik, zailagoa zaigu gure ohiko eremutik kanpo gure proiektua ezagutaraztea”, adierazi du Ostomilako kideak. Horregatik, talde txiki eta sortzaile berrien arteko sinergiak sortzeko garrantzian sinesten dute. Txotxongilolariez gain, gizarteko bestelako eragileengana ere iritsi nahi dute, esaterako, soziologoengana, beraiekin batera hausnartzeko aukera izateko.

Euskal Herriko Txotxongilolarien topaketa jaialdi autogestionatua da. Antolatzaileek adierazi dutenez, formatu horren aldeko apustua oso garrantzitsua da egitasmoa gauzatu ahal izateko, dirulaguntzen sostengua besterik ez izateak gauzak zailtzen ditu eta. Hori dela eta, 2025eko Irungo jaietan txosna bat partekatzeko aukera izan dute eta II. Topaketarako aurrekontuaren zati bat bertatik aterako dute. Zoa Tamarak azpimarratu duenez, “hala ere, antolaketarako espazioak uzten dizkiguten elkarteen laguntza ere ezinbestekoa zaigu”. Horrela, jaialdian parte hartuko duten konpainietako kideek ezagun eta boluntarioen etxeetan hartuko dute ostatu, borondate onari esker gastuak murrizteko. “Oso esperientzia aberasgarria da, era honetan txotxongiloak mundu honekin loturarik ez duen jendearengana iristen direlako”, gaineratu du Cuellarrek. Era honetan, pixkanaka txotxongiloak mugitzeko eta bultzatzeko prest dagoen jende gehiago elkartzea lortzen da, hari magiko horren mugimenduak etenik izan ez dezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude