Bidasoa helburu

Eskualdeko errepideetan nabarmentzen ahaleginduko dira txirrindulari gazteak

Irunera bidean dira, jada, 23 urtez azpiko tropeleko estatuko txirrindularirik onenak. Denboraldiko lasterketa nagusietako bat da denentzat Bidasoa Itzulia, egutegian ondo markatutako hitzordua. 20 talde eta 140 txirrindulari lehiatuko dira Bidasoko errepideetan. Lau etapa bizi izango dira, maiatzaren 4tik 7ra. SONY DSC

Mikel Landa, Ion Izagirre, Gorka Izagirre, Beñat Intxausti, Jonathan Castroviejo, Ramunas Navardauskas, Andrey Amador, José Joanquín Rojas eta Daniel Martin. Tourrerako edo beste edozein itzuli handitarako talde beldurgarria izango litzateke, gaur egun. Azken hamarkadan Bidasoa Itzulian nabarmendu izandako txirrindulariak dira denak. Lortu duten maila kontuan hartuta, haien bidea jarraitu nahi lukete une honetan 23 urtez azpiko tropelean dabiltzan txirrindulariek. Eta badakite, profesionaletara jauzia emateko tranpolin egokia dela Bidasoa.

Antolatzaileek prest dute aurtengo edizioa. Lau etapako lasterketa izango da, aurrekoen bidea jarraituko duena. Maiatzaren 4an Irungo Urdanibia plazatik irtengo da lehen etapa, eta Igantzin izango du helmuga, IrriSarri Land abentura parkean. 107km-ko etapa izango da, eta amaiera gogorra edukiko du, ia bi kilometroko igoera pikoa baita IrriSarri Land-era daramana. Joan den urtean ere hantxe amaitu zen etapa, lehen aldiz. Antxon Mendia lasterketako zuzendariak onartu du beldur pixka bat izan zuela: “Pentsatzen nuen diferentzia handi samarrak egongo zirela txirrindularien artean, minutu erdikoak ere bai. Baina azkenean segundo eskasekoak izan ziren aldeak”.

Bigarren etapak Hendaiako Gaztelu Zaharren izango du hasiera, eta Hondarribiko Harresilandan amaituko da, txirrindulariek 123km egin ondoren. Hondarribira jaitsi aurretik, Jaizkibel mendatea igo beharko dute. Hirugarren egunean Bidasoko mugetatik kanpo irtengo da itzulia, Gipuzkoan zehar ibiltzeko. Orioko Arrantzale kalean izango ditu irteera eta helmuga, eta Urola Kostako eta Goierriko errepideak zeharkatuko ditu tropelak. 23 urtez azpiko txirrindularitzaz gozatzeko aukera emango die lasterketak eskualde horietako zaleei, eta bide batez, Bidasoa Itzuliaren oihartzuna zabaltzeko balioko du etapak. Arrazoi ekonomikoak ere badira tartean, jakina. “Eskualdean jasotzen dugun laguntza ez da nahikoa, eta horregatik irten behar izaten dugu”, aitortu du Mendiak.

Laugarrena, erabakigarria

Laugarren eta azken etapa klasikoa izango da. Ficoba erakustazokan hasi eta Colon Ibilbidean bukatuko da. Oso etapa laburra da, 77,5km-koa, baina gogorra, hala ere. Aritxulegi, Agina eta Erlaitz mendateak gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Ibilbidea luzatu eta Erlaitzen ondoren Arkale mendatea sartzen ahalegindu dira antolatzaileak aurten. Antxon Mendiak azaldu du ez dutela baimena lortu: “Trafiko aldetik arazoak sor daitezke, larunbat arratsaldea delako eta jende asko mugitzen delako”. Gaur egun, Erlaitz mendateak ere ez du lasterketa erabat apurtzea lortzen. “Esaten da itzulia Erlaitzen irabazten dela. Baina ez da egia, azken aldian Gurutzetik behera irabazten da, askotan”, gogorarazi du Mendiak.

Joan den urtean, Steven Calderón kolonbiarrak lehen egunean jantzi zuen maillot horia, eta ez zuen berriro erantzi. Calderón igo zen sailkapen nagusiko podiumeko lehen tokira. Azken etapak, hala ere, emozio handia izan zuen, azken kilometroetan sartuta ez baitzegoen argi liderrak maillotari eutsiko zion edo ez. Ikuskizunari dagokionez positiboa izateaz gainera, lasterketaren mailaren erakusgarri ere badela uste du Antxon Mendiak: “Lau etapako lasterketa batean, amaieran halako emozioa lortzea oso zaila da. Seinale ona da, esan nahi du txirrindulariak oso parekatuta ibiltzen direla”.

Maila handiko tropela

20 talde egongo dira maiatzaren 4an Urdanibia plazako irteeran. Lau izango dira atzerritarrak: Blagnac eta La Pomme Marseille frantziarrak, VL Tecnics Esperza belgikarra, eta Colpack italiarra. “Oso talde ona da Colpack, baina txirrindulari azkarrak ditu batez ere, ez dira horren igotzaile onak”, azaldu du Mendiak. Euskal Herriko hamar talde, eta estatuko beste lekuetako sei izango dira gainerakoak. Polartec Fundación Alberto Contador azpimarratu daiteke azken horien artean, Fernando Barceló Espainiako Kopako liderra baitu taldean.

Euskal taldeen artean Lizarte nafarra nabarmendu du Mendiak. Itzuliko multzo indartsuena izango dela uste du. Sergio Samitier Gorlako igoera irabazi duen txirrindularia dago Lizarten, eta beste faboritoetako bat izan daiteke. Talde berean, Torredonjimenoko klasikoa irabazi duen Hector Carretero ere badago. Aiztondo Klasikoa irabazi duen Jaume Sureda (Seguros Bilbao), edo Balenciaga Memoriala irabazi duen José María Díaz Gallego (Rodríguez-Extremadura) ere sar daitezke hautagaien zerrendan. Euskal txirrindularirik ez dago horien artean. Antxon Mendiak uste du koska bat beherago daudela, eta podiumean sartzeko lehian egon daitezkeela, gehienez. Euskal harrobiaren maila aldarrikatzeko aukera aproposa izango dute Bidasoko errepideetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude