Bukaera ikusgarria eman dio Iñigo Cervantesek 2015 urteari
Gurpil-aulki batean zegoen Iñigo Cervantes duela bi urte. Orain, munduko tenis jokalari onenen artean dago. 26 urte besterik ez dituen arren, oztopo ikaragarriak gainditu ditu tenislari irundarrak. Baina ez du amorerik eman, gogor lanean jarraitu du, eskuraezinak ziruditen helburuak gainditzeko. ATP zerrendako 72.tokian amaitu du urtea.
Gogoangarria izango da 2015a Iñigo Cervantesentzat. Emaitza onak lortu ditu urte osoan zehar, eta amaiera bikaina eman dio gainera. ATP Challenger mailako lehiaketak irabazi ditu Ostravan (Txekiar Errepublika), Vicenzan (Italia) eta Marburgen (Alemanian). Azaroan Hego Amerikan ibili zen, eta denboraldia borobildu zuen. Uruguaiko Montevideon garaipena lortu ez zuen arren, finalera heldu zen, eta horri esker, Top 100 zerrendan sartzeko ametsa bete zuen. 98.tokian amaitu zuen lehiaketa. Brasilen, berriz, garaipenaren zaporea dastatu zuen berriro. ATP Challenger Finals lehiaketa garrantzitsua irabazi zuen Sao Paolon, eta beste 26 postu igo zituen, 72.eraino.
Final gogorra izan zen Sao Paolokoa. David Muñoz de la Nava madrildarra mendean hartu zuen Cervantesek, hiru setetan, azkena tie break-ean. De la Navak abantaila zuen, ez zuelako finalerdirik jokatu, Guido Pella argentinarrak min hartu zuelako. Cervantesek, berriz, lau partida jokatu zituen aurreko lau egunetan, eta nekea antzeman zuen. Lehen set-a erraz irabazi zuen (6-2), baina hurrengo bietan sufritu behar izan zuen. Bigarren set-ean madrildarra nagusi izan zen (3-6). Hirugarrenean ere abantaila hartu bazuen ere, Cervantesek indarrak batu eta estualditik ateratzea lortu zuen. Bi match point gainditu eta finala irabazi zuen.
Itzela izan da Cervantesen gorakada 2015 urtean. Datu esanguratsuak utzi ditu. Hasteko, 180 postu egin ditu gora mundu mailako tenislarien ATP zerrendan. Gainera, 70 garaipen lortu ditu, Federerrek (63) eta Nadalek (60) baino gehiago. Soilik Djokovicek (82) eta Murrayk (74) baino gutxiago. Historiako tenislari gipuzkoar onena da jada. Euskal Herri mailan, 100 onenen artean sartu zen azkena Alberto Berasategi bizkaitarra izan zen. Lortutako emaitzei esker, Australiako Irekian parte hartuko du Iñigo Cervantesek urtarrilean. Lehenago, merezitako atsedena hartuko du Gabonetan. “Tenislariaren bizitzak ez du tarterik uzten etxetik pasatzeko. Hango kulturaren, janariaren eta jendearen falta sumatzen dut”, onartu du Cervantesek.
Oztopoen gainetik
Sei urterekin hasi zen Iñigo Cervantes tenisean. Club de Tenis Txingudyn hasieran, eta Donostian, beranduago. Futbola ere gertutik jarraitzen zuen, aita, Manuel Cervantes, atezain profesionala izan zelako, Realean, Murtzian, Betisen eta Salamancan. Tenisaren alde egin zuen azkenean, eta Bartzelonarako bidea hartu zuen, hamalau urterekin, trebatzen jarraitzeko. “Han baldintzak hobeak dira tenisean aritzeko: klima, jokalariak, instalazioak etab. Gogorra izan zen, baina ez zegoen beste irtenbiderik. Esperientzia horri esker hazi egin nintzen”, argitu du Cervantesek. Bilakaera progresiboa izan zuen, eta 2012.urtean, 23 urterekin, munduko 150 tenislari onenen artean sartzea lortu zuen. Etorkizun handiko tenislaria zirudien.
“Errekuperazio epe bakoitza gainditzean besterik ez nuen pentsatu”
Alabaina, 2013.urtea beltza izan zen Iñigo Cervantesentzat. Lau aldiz sartu zen ebakuntza-gelan, ukondoa, astragaloa eta aldakak operatzeko. Gurpil-aulkian egon behar izan zuen, ez baitzen ibiltzeko gai. Tenisa bertan behera uzteko arrazoi izan zitekeen halako urtea. “Ez zitzaidan burutik pasa. Errekuperazio epe bakoitza gainditzean besterik ez nuen pentsatu. Baikorra izaten eta maite nauen jendeaz inguratzen saiatu nintzen”, baieztatu du Cervantesek. Errehabilitazio luze baten ondoren, kantxara bueltatu zen, 2014ko martxoan. Ranking-eko puntu guztiak galdu zituen, urte osoa eman baitzuen lehiatu gabe. Beraz, behe mailako lehiaketetan hasi behar izan zuen, inbertsio ekonomikoa eginez.
“Bizitakoak indartu egin ninduen”
Emaitza onak lortu zituen, eta maila handiagoko lehiaketetan parte hartzeko gonbidapenak jaso zituen. “Bizitakoak indartu egin ninduen”, aitortu du tenislariak. Bartzelonako Conde de Godón parte hartu zuen, esaterako. ATP Ranking-eko 248.postuan amaitu zuen 2014 urtea, eta Ferrer Academian entrenatzen hasi zen, Israel Viorrekin eta Javier Ferrerrekin, David-en anaiarekin. 2015a bere ibilbideko urterik onena izan da, eta koska bat gorago kokatu du. Horren seinale, 2016a Australiako Irekian hasiko duela. “Erronka izango da niretzat, bost set-etara jokatzen delako. Motibazio eta ilusio handiarekin ekingo diot”, aipatu du Cervantesek.
100 tenislari onenen artean mantentzen ahaleginduko da 2016an. Dena den, ez ditu baztertu helburu handiagoak, lehen hilabeteetan ondo moldatzen baldin bada. Ranking-ean aurrera egiten jarraitzeko, “detaile” txikiak findu behar dituela azaldu du Cervantesek: “Arlo mentalean indartsua izatea batez ere. Dinamika onak aprobetxatzen jakitea, eta txarrei aurre egitea, buelta ematen saiatzeko”. Egoera aldrebesak gainditzen, bederen, maisua da Iñigo Cervantes.