Eskaintza musikala, Urdanibia plazan

Hiru kontzertu nagusi antolatu ditu Irungo Udalak sanmartzialetarako

Kontzertuen eskaintza izaten da, herrietako jaietako egitarauetan, arreta gehien erakartzen duen puntuetako bat. Denborarekin landu eta zaindu ohi dute udalek. Irunen ohitura den moduan, hiru izango dira jaietako musika emanaldi nagusiak. Hilaren 23an Kulto Kultibo eta Vendetta ariko dira, 25ean Descanso Dominical eta Bad Sound System, eta 28an, Sangre de Mono eta Efecto Pasillo. Urdanibia plazako oholtzan izango dira denak.

San Pedro eta San Martzial jaietan kontzertuak eskainiko dituzten taldeak aukeratzeko parte hartze prozesua antolatu du berriro Irungo Udalak. Aurten ordea, prozesuaren planteamendua aldatu du. Kultura arloak aldez aurreko aukeraketa bat egin du, aurrekontuaren eta agendaren aldetik udalak jartzen dituen baldintzak kontuan hartuta. Argudioak eman ditu Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak: “Iaz gehien bozkatutakoen zerrendatik 13.ak betetzen zituen baldintza guztiak, eta duela bi urte, 24.ak”. 53 proposamen egin ditu udalak, hiru multzotan banatuta: euskaraz abesten duten taldeak ekainaren 23rako, tributu taldeak 25erako, eta gaztelaniaz abesten duten euskal taldeak edo estatuko beste lekuetakoak, hilaren 28rako.

2.362 irundarrek bozkatu dute irun.org web gunean eta CBA kultur gunean. Vendetta ska/punk rock talde nafarra, Descanso Dominical Mecanoren abestiak jotzen dituen tributu taldea, eta Efecto Pasillo pop rock talde kanariarra izan dira bozkatuenak. Udalak kontratazioak gauzatu ahal izan ditu, eta Urdanibia plazan ariko dira zuzenean sanmartzialetan. Bakoitzaren aurretik, edo ondoren, Irungo talde batek joko du. Horretarako, proposamenak egiteko aukera irekia eman die udalak herritarrei. Sangre de Mono, Kulto Kultibo eta Bad Sound System izan dira bozka gehien jaso dituztenak, hurrenez hurren.

Etxeko taldeen inguruan

Bad Sound System talde beteranoa da jada. 2003an sortu zen, eta reggae, ragga eta dancehall estiloak uztartzen ditu. Hiruetan ezagunena da, Irunen, baita hiritik urrun ere. Sanmartzialetan makina bat aldiz jo izan du jada. Egitarau ofizialean, edo gehienetan, handik kanpo, Urdanibia plazako lurrean bertan. Sangre de Mono rap/ragga taldea 2009an sortu zen, eta La Rebelión del Simio diskoa argitaratu zuen 2014an. San Pedro eta San Martzial jaietako kontzertuak Ficoban izan ziren urte hartan, eta Urdanibiaren inguruan herri ekimen batek antolatutako jai alternatiboetan aurkeztu zuten diskoa. Irungo Udalaren egitarau ofizialean, berriz, ez dira sekula egon: “Lehen aldiz joko dugu jaietan, eta ilusio handia dugu”, onartu du Markel Zabal gitarra jotzaileak. Parte hartze prozesuan haien taldea proposatu dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie.

sangre de mono

Lehen aldiz joko dugu jaietan, eta ilusio handia dugu”
Markel Zabal, Sangr de Mono
“Jendeak ezagutzen gaitu, gainera bigarren aldiz ariko gara, eta berezia izango den zerbait eskaini behar dugu”
Aimar Setien, Kulto Kultibo

Kulto Kultiborena ez da lehen aldia izango. Iaz ere, rap/reggae doinuez girotu zuten Urdanibia. “Plaza bete egin zen, eta oso gustura aritu ginen”, baieztatu du Aimar Setienek. Aurten, ordea, disko berria besapean ekarriko dute. La Mazeta izenburuarekin, hirugarren lana argitaratu dute jada. Diskoaren inguruko xehetasunak eman ditu Setienek: “Aurrekoak baino disko osoagoa da. Musika guk geuk ekoiztu dugu, eta letrak landuagoak dira”. Ekainaren 10ean aurkeztu dute, eta zuzenean defendatuko dute, etxean. “Irunen aritzea konpromiso handia da. Jendeak ezagutzen gaitu, gainera bigarren aldiz ariko gara, eta berezia izango den zerbait eskaini behar dugu”.

KK4

Jaien aurreko asteburuan ere, hitzordua izango dute musika zaleek Urdanibia plazan (Ekainak 17-18). Ostiralean, Supernova, Calle Beat, Kontraband eta Elena y la Verbena ariko dira (22:00). Larunbatean, MusikIrun maketa lehiaketako finala egingo dute (22:00). Finalisten ondoren, Grises elektropop talde gipuzkoarra ariko da. Igande eguerdian, Urko euskal kantautore beteranoak emanaldia eskainiko du, Irun Hiria Bandarekin. Bestalde, kontzertuetarako oholtzaren osagarri banaezinak izango dira txosnak. Sei egongo dira Urdanibia plazan, eta ondorengo entitateek jarriko dituzte: Ramutxo Trinkete Kluba, Pausu Media Gobernuz Kanpoko Erakundea, Santiagotarrak Kirol Elkartea, Mondragon Unibertsitatea, Emakumea eta Zinea elkartea eta Elatzeta Kultur Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude