
Azaroaren 27tik aurrera Baionan berriro irekiko dute Bonnat-Helleu museoa, hedapen eta berritze operazio handinahi bat burutu ondoren. Kulturgune nagusi horren berrezagutza egiteko aukera izango da 2025eko azaroaren 27tik goiti, osoki berritu baita eraikina. Jende ororentzat hurbilerraza den ibilbideari esker, bertan kokatutako 1.200 obra inguru ikusteko aukera izango dugu.
Irekidura eta paretak kentzea dira museoa berriz zabaltzeko lema nagusiak, bai BLP & associés bulegoak berrartutako arkitekturan, eta bai bisitaren ibilbidean eta kultur programazioan, bildumak emozioa, sorpresa eta elkarretaratzearen ikuspegitik ezagutzea eragiten dituelako. Diskurtso bakarra eta hierarkia izoztua saihestuz, esplorazio irekia proposatzen du, bakoitzak bere ibilbide propioa eginez, gelen arteko lotura pertsonalak ehun ditzan.
Eskuzabaltasunaren ondarea
Antzinatetik XX. mendera hedatzen den garaiko margolanez, eskulturez, marrazkiz eta arte objektuez osatutako 7.000 obra inguruko bilduma gordetzen du Bonnat-Helleu museoak. Museoaren historia oso berezia da aniztasun horren jatorrian: partekatzeko asmo bera zuten hainbat bildumagile, artista eta mezenasek egindako dohaintzek osatzen dituzte museoaren funtsak. Keinu bakoitzak moldatu du europar marrazkiak, Espainiako margolanak, antzinako eskulturak eta Pizkundeko obrak batzen dituen multzo hau. Pierre Rosenberg-ek, lehengo Louvre museoko lehendakari izan zenak, «Paris eta Madril artean dagoen bilduma ederrena» izendaturik, hainbat egileren obrak ditu, hala nola: Rubens, Van Dyck, El Greco, Goya, Ingres, Delacroix, Géricault, Degas, Barye, Bonnat, Helleu…
Giza historia kontatzen du gaur egun bildumak: eskuzabaltasunarena eta transmititzeko gogoarena. Mundua beste baten begien bidez ikusteko gonbita da emaitza bakoitza, legatu bakoitza. Beraien koherentzia eta kalitateari esker ohargarriak diren multzoen artean, aipatzekoak dira Léon Bonnat (1833-1922) baionar margolaria eta Paul-César Helleu (1859-1927), museoari izena eman dioten bi artisten 300 obrak: beraiek egindako obrak, baina baita beraien inspirazioak eta gustuak ulertzen laguntzen diguten beraien bilduma propioak ere.
Antolaketa kronologiko zorrotzaren ordez, bilduma ezagutzeko gai unibertsal handien bidez ikus daitezke obrak: gorputzaren irudikapena, besteak begiratzeko moldea, nortasunen adierazpena… Murruak eroraraziz antolatutako museografia horri esker, norberak libreki aztertu ahal ditu bertako obrak, haien arteko lotura propioak marraztuz eta ustekabeko perspektibak irekiz. Esperimentazio eremua bihurtzen da horrela museoa, bisitariari sentitzeko bezainbat gogoeta egiteko gonbita eginez. Gogo azkarra adierazten du hautu museografiko horrek: artea denen eskura jartzen duen lekua bihurraraztea museoa, bere izaera guztietan. Obra ezagunen eta pieza diskretuagoen arteko hierarkia ezabatzen da, obren eta bisitariaren arteko elkarrizketa sortzeko, nolanahikoa izanik bakoitzaren esperientzia edo artearekin duen harremana.
Mundu mailan ospea duen kabinete grafikoa
Europar artista ospetsuenen obrez gain, munduko arte grafikoko kabinete aberatsenetakoa ere hartzen du Bonnat-Helleu museoak bere barnean: 3.000 orri baino gehiagoz osatua dago arte grafikoko bulegoa, munduko ederrenetakoa. Horien artean, Leonardo Da Vinci, Michelangelo, Ingres, Dürer, Rembrandt, Véronese eta beste hainbeste. Ibilbide berri horren erronka bat da arte grafikoak zaintzea, herritarrek eskura izateko parada eskainiz, aldi berean. Horrela, esparru bereziak banatu dira ibilbidean zehar, marrazkiak museoko bisitako gelen barnean erakutsiz, kontserbazio baldintza egokiak atxikiz aldi berean. Hiru hilabetero marrazkiak aldatuko dira, obrak erakusgai jartzeko moduan eta gainerako ibilbideari oihartzun egiteko, bilduma osoa ere, eskatuz gero, ikus daitekeelarik.
Euskal sustrai eta zerumugak

Lurraldearekin solasean, XIX. mendearen bukaeran, Baionako artista belaunaldi bat nagusitzen da nazio mailan. Horietako anitz Achille Zo-ren ikasleak dira Baionan, edo Léon Bonnat-ek Parisen duen tailerretik pasatakoak dira. Irakasle eta eragin handiko sostenguak izanik, zeregin erabakigarria dute hauek, formakuntza zorrotza eta instituzioekiko bitartekoak eskainiz eta lehen enkarguak erraztuz. Jatorri berdina eta zenbait gaietarako gustu partekatuan oinarritutako elkartasun loturak ehuntzen dituzte Marie Garay, Georges Bergès, Henri-Achille Zo, Denis Etcheverry, Henry Caro-Delvaille edo Eugène Pascau-k. Lurralde errotzea eta tradizio akademikoak elikatu zituen margotzeko molde jakin baten inguruan bateratu zen taldeari «Baionako Eskola» deitu izan zaio, lurrarekiko hurbiltasunagatik. Paristar irakaskuntzatik etorri, baina lurralde partekatuan errotutako margolaritza figuratiboan sartzen dira denak horrela.
Baionako eskolaren gisara, arte eta historia hiriko lurraldean sartzen da Bonnat-Helleu museoa. Museoaren hedatzeari jarraipena emanez, auzotegi oso batez baliatzen da birmoldaketa hau, museoen auzotegia Baiona Ttipiaren bihotzean antolatuz. Oinezkoen eremua zabaltzeari eta landareztatzeari eman zaion arreta bereziak, ondoan dagoen eta Bonnat-Helleu museoko partaide pribilegiatua den Baionako Euskal Museorako igarobide naturala sortzen du.
Hiria eta eskualde osoaren garapen ekonomikoko estrategiaren muinean, gazteenentzako eta urrun dagoen publikoarentzako ere heziketa nahi sendoa erakusten du kultur baliabide harrigarri honek. Baserrigunearekin loturak sortzeko ardura duen lurralde bitartekari lana betez, errazagoa izango da museoa ezagutaraztea, erakargarritasuna areagotzea eta eskaintzak biztanleekin lankidetzan eraikitzea.
Tokiko bizitzan parte hartzen du kultur eskaintzak, bisitak eta eskualdeko eskolekin, instituzioekin edo elkarteekin partaidetzak antolatuz, biztanleei eta bisitariei sarbide bizia eskainiz ondarea ezagutzeko. Berrirekitzea ospatzeko Léon Bonnat irudikatzen duen erraldoi bat sortuz, Baionako Jaien tradizioa edo Aviron Bayonnais-eko errugbi taldearekiko partaidetzaren gisara, herri eta besta giroko tradizioarekiko atxikimendua erakusten da.
Bisita luzatzeko eta museoa, hirira buruz irekia den eremu bizi gisa hartzeko ideia gorpuzten dituzte korridoreek, ostatuak eta botikak. Museoa hedatuz, auzotegi oso batek hartzen ditu birmoldaketa horien onurak, museoen kale bat antolatuz Baiona Ttipiaren bihotzean. Berrirekitzeari esker, bilduma paregabea balioan jarria da Euskal Herriarentzat.



