«Burdinatik berdera» izenburupean Irugurutzetako Labeen proiektua aurkeztu du gaur FITURen

Cristina Laborda Irungo alkateak Irugurutzetako Labeen proiektua aurkeztu du gaur FITUR Turismoaren Nazioarteko Azokan, Basquetourren Euskadi – Basque Country standaren barruan antolatu diren aurkezpenen artean. Ekitaldian izan dira, halaber, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko foru-diputatua.

Iaz Oiassoko erromatar termak aurkeztu ondoren, FITURen presente dago Irun aurten ere. Sektorearen nazioarteko erakusleiho nagusietako bat da azoka hori, eta Euskadiko multzo industrial esanguratsuenetako baten berrikuntzaren eta dibulgazioaren aldeko apustua egiten duen proiektua ezagutzera eman da bertan.  Proiektu horrek hiriaren posizionamendu turistikoa indartuko du, ondareari, historiari eta, kasu honetan, naturari lotuta.

Irugurutzetako labeen proiektuan Gipuzkoako siderurgiarekin eta meatzaritzarekin lotutako ondare multzo hori birgaitu, interpretatu eta egokitu nahi da. Ekimen horri esker, herritarrek eta bisitariek Irungo iragan industrialaren kapitulu zinez garrantzitsu bat ezagutzeko parada izango dute, kalitatezko proposamen turistikoa interpretazio-zentro baten bidez osatuko baita, teknologia aurreratuko ikus-entzunezko baliabideez hornitua. Gainera, Aiako Harria naturaguneko sarbidean kokatua dagoenez, proposamenak ingurune berdea ezagutzeko aukera ere emango du.

«Burdinatik berdera»

«Burdinatik berdera» izenburupean, Cristina Laborda alkateak aurkeztu du erakusketa. Nabarmendu duenez, Udalaren asmoa «ibili, ulertu eta gozatzeko moduko espazio bat osatzea zen, ez historia-liburuetan agertzera mugatzen zen proposamen bat. Proiektuak lan-ildo argi eta jarraitu bati erantzuten dio: gure historia berreskuratzea, zaintzea eta irundarren zein kanpotik bisitan datozkigunen eskura jartzea».

Azahara Domínguez foru-diputatuak nabarmendu du Irungo Udala «lan bikaina» egiten ari dela, Gipuzkoa barruan «nortasun propioko helmuga turistiko gisa indarra hartzeko» egindako ahaleginengatik. «Irunek azalekotik ihes egiten duten turismo mota baten alde egin du: sakontzeko gonbita egiten dio bisitariari, istorioak ezagutzeko eta honaino ekarri gaituen izaera horrekin konektatzeko. Apustu honek, zorroztasuna eta zirrara oinarritzat hartuta, bisitarientzako esperientzia gehiago eskaintzeko aukera ematen dio Gipuzkoari. Esperientzia horiek ondarea, natura, kultura eta nortasuna uztartzen dituzte, eta aztarna sakona uzten diete bisitatzen gaituztenei».

Jarduketa honetan, sarbideak hobetuko dira, interpretaziorako edukiak sortuko dira eta baliabide didaktikoak txertatuko dira, espazioak historiaren, kulturaren eta paisaiaren ikuspegitik duen balioa errazago ulertzeko. Hori guztia ingurunea errespetatuz egin da, eta irisgarritasun- eta jasangarritasun-irizpideen arabera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude