Ekoetxea Txingudik aurten ere “Txingudiko Udalekuak” eskainiko ditu uztailean eta abuztuan zehar. Udalekuak Plaiaundiko Parke Ekologikoan garatuko dira, hegazti migratzaileen babesleku den lekuak, eta, gaur egun, nazioartean balio naturalistiko garrantzitsua duen gunean. Leku aproposa da beraz, haurrek ingurumenari buruz ikasteko eta kontzientzia ekologikoa garatzeko.
Parte-hartzaileek beren gain hartuko dituzte esploratzaile, babesle eta ekintzaileen rolak. Ingurumen-ezagutzak eta -balioak barneratzeko esperientzia-metodologian oinarritutako dinamika eta jolasetan parte hartuko dute; klima-aldaketaren aurkako borrokan Txingudiko padurek duten garrantzia ulertuz.
Parte hartzaileak eta txandak
Udalekuak, Txingudi eskualdeko 7 eta 12 urte (2013-2018 urtekoak, biak barne) bitarteko haurrentzat zuzenduta daude. Txandek astebeteko iraupena dute, normalean astelehenetik ostiralera, uztaileko lehen txanda izan ezik, lau egunekoa izango delarik, 09:30etik 13:30era bitarteko ordutegia izango dutelarik. Guztira sei txanda eginen dira, hiru uztailean eta beste hiru txanda abuztuan. Lehena uztailaren 7an hasiko da eta amaiera abuztuaren 29an izango du. Txanda bakoitzak 15 parte-hartzaile eta hezitzaile bat izango ditu gehienez. Hortaz gain, parte-hartzaile bakoitzak gehienez 3 txandetan izena eman dezake eta txandarik errepikatu gabe.
Uztailean 1. txanda uztailaren 7tik, astelehena, uztailaren 11ra, ostiraleera izango da, 2. txanda uztailaren 14tik, astelehena, uztailaren 18ra ostiralera, 3. txanda uztailaren 21etik, astelehena, uztailaren 24ra, osteguna.
Abuztuan 1. txanda abuztuaren 4tik, astelehena, abuztuaren 8ra, ostirala, 2. txanda abuztuaren 18tik, astelehena, abuztuaren 22ra, ostirala. 3. txanda abuztuaren 25tik, astelehena, abuztuaren 29ra ostirala.Hortaz, uztailaren 30eko eta abuztuaren 15eko astean ez da udalekurik izango.
Udalekuaren prezioa 20 € asteko/parte-hartzaileko izango da eta izena emateko webgunearen bitartez egingo da. https://ekoetxea.eus.
Ekoetxea Txingudi Irungo Plaiaundi Parke Ekologikoan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sareko kide da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du. Helburua da pertsonen pentsatzeko eta jarduteko modua aldatzea, modu jasangarriagoan egin dezaten.



