Emakume Irundarrak, Gordezan, Mugarriluze eta Pagoki: Alarde Tradizionalaren emakume sostengua

Lau dira Alarde Tradizionalari laguntzeko lan egiten duten emakume elkarteak: Emakume Irundarrak, Gordezan, Mugarriluze eta Pagoki. Alardearen antolakuntzan ekarpena egitea da haien helburua eta, horretarako, lankidetza estuan, urte osoan zehar lan egiten dute. Sanmartzialen atarian hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, gehienak Alardealdiarekin loturik. Elkarte horietan egiten den lana eta antolakuntza nolakoa den azaldu digute Emakume Irundarrak elkarteko Eider Paternain, Gordezaneko Amaia Lerak, Mugarriluzeko Ixaro Ugartek eta Pagokiko Anaitz el Bustok.

Garai eta testuinguru ezberdinetan sorturiko elkarteak dira. Pagoki elkartea izan zen sortzen lehena, 1998. urtean Lastarginen ekitaldia antolatzeko. Anaitz el Busto elkarteko kideak adierazi digunez, “ekitaldi horren bidez gogoratzen dugu nola emakumeak arropa ilunez janztea erabaki zuten, haurrekin batera errege bidea zeharkatzeko eskuetan lastargiak eta kokoak eramanez, zaldien kaskoen soinua imitatzeko eta soldaduak despistatzeko”. Emakume Irundarrak elkartearen ibilbidea, berriz, orain dela 26 urte hasi zen Eider Paternainek azaldu digunez: “Alarde tradizionalak laguntza behar zuelako sortu ginen, hasieran dirua lortzeko aski ezagunak diren banderatxoak eginez”.

“Talde polita sortu genuela ikusita, urtez urte zerbaitetan laguntzen jarraitzea erabaki genuen”

Amaia Lera, Gordezan elkartea

Mugarriluze eta Gordezan elkarteak berriz, XXI. mendean eratu ziren. Amaia Lerak adierazi duenez 2007an sortu zen Gordezan elkartea, aurreko urtean Anakako konpainiaren 125. urteurrena ospatzeko sortutako lantaldetik abiatuta, “talde polita sortu genuela ikusita, urtez urte zerbaitetan laguntzen jarraitzea erabaki genuen”.  Azkenik, Mugarriluze elkartea 2015. urtean jarri zen martxan Olaberriako konpainiari laguntzen zioten emakumeen ekimenez. Ixaro Ugartek azaldu duenez, “talde txiki bat sortu zenez erabaki zen elkartea sortzea eta hortik aurrera handitzen joan da”.

Alardea bultzatzeko ekintzak

Argazkia: Estudio Gover.

Horrela, elkarte bakoitzak hainbat jarduera antolatzen ditu urtean zehar, horiek guztiak Alarde Tradizionalari laguntzeko helburuz. Ekintza horietako gehienak Alardealdiaren barnean egiten dira. Amaia Lerak azaldu duenez Gordezan elkartean, oso indartsu hasi ziren urte osoan auzoko emakume eta haurren artean kohesioa lortzeko ekintzak antolatu nahian, baina orain Alardealdiaren prestaketara mugatu dira “alardea baita elkartzen gaituena”. Horrela, bertan saltzeko eskulanak egin izan dituzte eta ekitaldiaren antolaketan laguntzen dute urtero. Emakume Irundarrak elkartea berriz, Alardealdiko lehen postuan pegatinak banatzeaz eta tiketak saltzeaz arduratzen da, Urdanibia plazan taloak egiteaz gainera.

Alardealdiaren antolaketa da lan handiena eskatzen diguna, ia urte osoa pasatzen dugulako horretarako prestaketan, baina urte asko daramatzagunez, erraz egiten dugu”

Ixaro Ugarte, Mugarriluze elkartea

Mugarriluze elkartearen kasuan, Alardealdiaren egunean Larreaundin taloak egin ohi dituzte. Alardealdiko gune berean, Pagokik elkartearen jardueraren inguruko informazioa emateko postua izan ohi du eta gainera, Ficoban haurrentzako txokolatada prestatzen dute arratsaldean. Dena den, bi elkarte hauek Alardealdiaz haratago doazen ekintzak antolatzen dituzte. Adibidez, Mugarriluzen Alardealdiaren hurrengo asteburuan auzoko mugak ezagutzeko ibilbide bat antolatzen dute Olaberriako konpainiarekin batera, ostean hamaiketakoa eskainiz. Entsegu garaian Olaberrian haurrentzako marrazki lehiaketa antolatzen dute eta Olaberriatik Larreaundira haurrekin desfile txiki bat. Ixaro Ugartek aipatu duenez, bertan “neskentzako kantinera bandak egiten ditugu, kantineraren alboan joan daitezen”. Azkenik, alardearekin zerikusirik ez duen azken ekintza bat ere antolatzen dute: Olentzeroren etorrera. “Alardealdiaren antolaketa da lan handiena eskatzen diguna, ia urte osoa pasatzen dugulako horretarako prestaketan, baina urte asko daramatzagunez, erraz egiten dugu”, erantsi du Ixaro Ugartek.

“Gu ere alardea gara, eta beraz, egiten duguna ez da bakarrik laguntzea, gu ere horren parte gara eta”

Eider Paternain, Emakume Irundarrak elkarteko kidea

Pagoki elkartearen kasuan, ekainaren 29an, San Pedro egunean antolatzen duten Lastarginen ekitaldia da elkarte honen jarduera nagusia. “Emakumez soilik osatutako elkartea gara, eta alardeari buruz dugun ikuspuntu tradizionala eta bataila hartan emakumeek lastargin izan zuten papera gogoratzen dugu urtero”, adierazi du Anaitz el Bustok.

Barne antolaketa

Emakume elkarte hauek antolaturiko ekintzak maiatza eta ekaina bitartean burutzen diren arren, antolaketa lana urte osokoa da. Elkarte bakoitzaren funtzionamendua eta antolakuntza oso bestelakoa da. Gordezan elkartean adibidez, urtean zehar ez dute antolaketarako barne bilerarik egiten, Amaia Lerak aipatu duenez “telefono bidez antolatzen gara”. Gainera, Alardealdiko batzordearen parte dira eta aurten, merchandising postuen salmentak hobeto kontrolatzeko eta lana profesionalizatzeko merchandising batzordea sortu dute. Mugarriluzen, aldiz, lantaldeaz gain, 8 pertsonek osaturiko komisioa dute, elkarteko Ixaro Ugartek adierazi digunez “komisioa gehiagotan biltzen da, urtean hiru edo lau aldiz, eta urtean behin asanblada bat egiten dugu talde guztiarekin batera elkartea nola doan aztertzeko”.

Emakume Irundarrek ere bilerak egin ohi dituzte, Eider Paternainek aipatu duenez, “antolatutakoa nola atera den baloratzeko, ideia berriak jasotzeko eta nola hobetu dezakegun ikusteko biltzen gara”. Era berean, Pagoki elkartean ere zuzendaritza batzordea dute. Anaitz el Bustok azpimarratu duenez, “urtean zehar komunikatuak partekatzen ditugu prentsan gure jarduera ezagutzera emateko eta sare sozialetan ere aktibo gaude”.

Askotariko profilak

Argazkia: Estudio Gover.

Emakumeak dira lau elkarte izen horien atzetik urte osoan zehar lanean ari direnak.  Emakume Irundarrak elkarteko Eider Paternainen ustetan, “gu ere alardea gara, eta beraz, egiten duguna ez da bakarrik laguntzea, gu ere horren parte gara eta”. Pagoki, Emakume Irundarrak, Mugarriluze eta Gordezan elkarteko ordezkariak bat datoz elkarteko kideen profila askotarikoa dela adierazterakoan. Izan ere, kideen artean badira aurretik kantinera izandako emakumeak eta, horren ostean, alarde tradizionalaren antolaketan laguntzeko nolabait inplikatu nahi izan direnak. Gordezan elkarteko Amaia Lerak azpimarratu duenez, “gustatuko litzaiguke jendeak argiago izatea hau ez dela kantinera talde bat, edozein emakume dela ongietorria”. Beraz, badira, kantinera izan ez arren, alardeari laguntzeko prest daudenak. Adinari dagokionez ere, elkarte hauetako kideak askotarikoak dira. Eider Paternainek aipatu duenez, “gure bazkide zaharrenak 80 urte baino gehiago izango ditu, baina taloak egiten laguntzen diguten haurrak ere baditugu”. Lau elkarteetako ordezkariek azpimarratu dute haien lantaldeetara batzeko aukera edonorentzat dagoela zabalik, interesa eta lanerako gogoa izatea dira betebehar bakarrak.

“Ekainaren 29a ilusio handiz bizi dut, beltzez janzteko une hori asko gustatzen baitzait, pentsatze hutsarekin oilo-ipurdia jartzen zait”

Anaitz el Busto, Pagoki elkartea

Urte osoan zehar egindako lanaren helburua urtero bezala Sanmartzialez gozatzea da. Pagoki elkarteko Anaitz el Bustok adierazi duenez, “Ekainaren 29a ilusio handiz bizi dut, beltzez janzteko une hori asko gustatzen baitzait, pentsatze hutsarekin oilo-ipurdia jartzen zait”. Horrela, ekaineko hilabete osoan zehar eta, bereziki, San Martzial egunean, Irungo jaiez gozatzeko prest daude, ilusioz beterik.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude