Emakumeen identitatea erromatar munduan

Livia Druisila. Marcus Livius Drususen alaba zen, eta aitaren Drusus feminizatuta hartu zuen cognomen gisa.

Greziar garaiko gizarte klasikoan emakumeak erabat desagertuta egon baziren ere, esan ohi da erromatar garaian emakumeek leku, indar eta botere gehiago izan zutela. Bai? Egia da, erromatar garaian dibortzioa lorpen handia izan zela -bai, erromatar garaian emakumeak dibortziatu zitezkeen!- baina garai hartako emakumeei buruz dakiguna, gehienetan, emakume aberats eta goi-mailakoei buruzko informazioa da. Botere handia edota diru asko zuten familietan jaiotako emakumeen bizitzak eta posizioak ez zuen zerikusirik izango garai bereko eta maila sozial baxuagoko emakumeen egoerarekin, eta zer esanik ez esklabotzapean jaiotakoekin. Eta inperioan barrena, Erromatik urruti, Oiasso bezalako hiri garrantzitsu batean emakumeek zein egoera bizi ote zuten ere, ez dakigu, bereziki jatorriz bertakoak zirenek;  pentsa dezakegu, uste hutsa da baina, goi maila lortzen zuten familietako emakumeak ere, erromatar kulturara egokituko zirela. Horrek esan nahi du, erromatarrek egiten zuten modura hartuko zutela emakume horiek izena. Izan ere, Oiassoko garai haietan izenek identitatea ez ezik, jatorria, estatus soziala eta familiaren historia ere adierazten zituzten. Emakumeek ordea, aitaren izena jasotzen zuten. Horrek erakusten digu, gizarte patriarkal horrek, oinarrizkoena zen identitatea ere ukatzen ziela emakumeei.

Berez, Oiassoko garaian hiru izen erabiltzen ziren edo tria nomina: praenomen, nomen eta cognomen.

Praenomena familiako izena izaten zen, eta azken garaietan, 20ren bat izen ziren gehien erabiltzen zirenak, esate baterako: Lucio, Cayo, Marco… baina emakumeek ez zuten izen hori jasotzen, eta horrek garbi erakusten du, emakumeek gizartearekiko zuten identitatea mugatua zela.

Nomena, aitaren izenetik hartzen zen, alegia familia-izenaren femenino forma hartzen zuten. Adibidez, aitak Julio izena bazuen, alaba Julia izango zen. Horregatik, inperio osoan oso arruntak ziren Julia, Cornelia, Flavia, Valeria… eta horrelako izenak.

Eta azkenik, cognomena familia berean aitarengandik jasotako izena zuten emakumeak elkarren artean bereizteko, askotan gehigarriak erabiltzen ziren: Maior– nagusia, Minor– gaztea, edo famillian zenbatgarrena jaio izanak ere ematen zion izena, alegia, Prima- lehena, Secundabigarrena, Tertiahirugarrena… Izen hori zein hilabetetan jaio zenagatik ere jaso zezaketen, esate baterako otsailean jaiotzeagatik Secunda izenez ezagutu zitekeen, bigarren hilabetean jaio zelako. Bestelako ezaugarri asko ere erabiltzen ziren emakume horiek izendatzeko, esate baterako ezaugarri xelebreak, errena izatea, ile gorria edukitzea…

Ezkontzen zirenean, emakume erromatarrak senarraren familiaren zerbitzura jartzen ziren, hau da, domus etxearen antolakuntzaz arduratzea eta senarraren familia eta jaioko ziren seme-alabak zaintzea zen beren eginbeharra, eta horregatik senarraren familiaren izena bereganatzen zuten. Hala ere, aitaren familia senarrarena baino garrantzitsuagoa bazen, emakumeak aitaren izena gordetzen zuen, prestigio handiagoari eutsiz. Gainera, bikotea banatzen bazen, emakumeak bere dote oparoa berreskuratu zezakeen eta berriz ere aitaren etxera itzuli zitekeen inolako eskubiderik galdu gabe. Hori  goi mailako familietan gertatuko zen, baina seguruenik, gehiengoaren errealitatea oso bestelakoa izango zen.

Oiasson, lehenago aipatu bezala, tokiko jatorri indigena zuten familien kasuan, seguruenik ohikoa izango zen izenak latinizatzea edo izen bikoitzak erabiltzea. Adibidez, jatorrizko izen baskoi edo akitaniarrari forma erromatarra ematea, gizartean hobeto integratzeko. Hori da, esate baterako, Andrearriaga estelan ikus daitekeena: Valerius Beltesonis, izen lokala erromanizatua dago, bi munduren arteko zubiak eraikiz: bertako tradizioa eta Erromaren boterea. Baina hemen ere bada bitxikeria bat, izan ere, Javier Velaza adituaren ustez, VALERIA omen da agertzen den izena. Emakume izena.

Gaur egun, hainbat kulturatan, oraindik ere, emakumeak, ezkontzerakoan senarraren abizena hartzen du. Guretzat oso arrotza den ohitura da, baina seguruenik erromatar garaitik datorren usadioa izango da. Ala, batek daki, agian Oiassoko emakumeek euren familiaren izenari eusten zioten…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude