Establo Piratak mapan jarri du Irun

Irristatze kiroletan erreferente izan da Irun urtetan. Gaur egun ere bada, scooter modalitateari eta Establo Pirataren lanari esker. Juan Luis Cáceresen, Andres Robledaren eta Aitor Larrearen ekimenez sortu zen proiektua. Denda txiki batekin hasi ziren, eta urtebete beranduago, skate park estalia zabaldu zuten, Letxunborro etorbidearen ondoan. Gaur egun goi mailan lehiatzen dira El Establo Piratako kideak, eta ehunka patinatzaile erakartzen dituzte Irunera. Juan Luis Cáceres sortzailearekin eta Garikoitz Mendoza bazkide baten aitarekin hitz egin dugu.

pirata

Estatu mailan erreferente zareten arren, oraindik ezagutzen ez zaituzten jendea badago Irunen.
Juan Luis: Scooterra kirol berria da, eta patinatzaileak oso gazteak dira. Normala da jendeak ez ezagutzea, hasiberriak garelako. Urratsak ematen ari gara, kirola hazi eta egonkortu dadin. Espainiako lehen scooter kluba sortu dugu.
Zein da lehiaketen funtzionamendua?
Juan Luis: lehiaketa batzuk guk geuk antolatzen ditugu, beste batzuk, berriz, scooter markek. Estatu osoan zehar asko mugitzen gara, baina kontuan hartu behar da, gehienez, hilean lehiaketa bat edo bi egoten direla Espainia osoan.
Zein da kategorien banaketa?
Juan Luis: hamabi urtetik beherakoak, hamabitik gorakoak eta Pro maila. Pro kategorian babesleak dituztenek parte hartu ohi dute.
Garikoitz: beste kirol bateko edozein elkarteren antzekoa gara. Edonor sartzen da, batzuk Pro mailan parte hartzen dute, baina denek dute lehiatzeko aukera.
Kanpoko jendea ere badago klubean.
J.L: Madrilgo, Bartzelonako edo Castelloko gazteak ditugu, hemendik kanpo lehiatu daitezen eta presentzia izan dezagun.
Arrakasta izan duzue orain arte?
J.L: Joan garen leku bakoitzean zer edo zer irabazi dugu. Haurren kategorietan batez ere.
G: Gure arrakastarik handiena da gutxieneko baten kirolaren inguruan jende asko elkartzen ari garela. Gurasoen multzo bat ari da proiektua aurrera eramaten: alokairua, segurtasuna eta zaborrak ordaintzen ditugu, besteak beste. Kirola gustuko duen jendeari zerbitzua ematen ari gara.
Letxunborro etorbidean kokatu zarete, Irunen. Zergatik hemen?
J.L: Irunen jende askok patinatzen du. Proiektua martxan jartzea erabaki genuen, skate park-etan errespetu falta asko egoten delako. Scooter, skate eta bmx modalitateen arteko eztabaidak egoten dira maiz. Hemen hezkuntza jasotzen dute gaztetxoek, errespetua izan dezaten. Arrapala ezberdinak ditugu, maila guztietako jendea ibili ahal izan dadin. Gainera leku estalia eta segurua da.
G: Bigarren solairuan, gurasoentzat pentsatutako lekua dago. Haurrak ikus ditzakegu handik, lasai ederrean.
Denda txiki bat ere badago.
G: Marka guztiekin lan egiten dugu, eta hurbiltzen diren zaleei behar duten materiala ahalbidetzen saiatzen gara. Scooter-ean espezializatutako denda profesional bakarra da inguru honetan.
Arazorik izan al duzue orain arte?
G: Aparkaleku faltagatik, inguruko enpresei eragozpenak eragin izan dizkiegu. Batzuetan berrogei auto iristen dira batera, eta ondoko enpresei aparkalekuak bete eta enbarazu egiten diegu. Barkamena eskatu nahi genieke, eta udalari laguntza eskatu, egoera kritikoa baita.
Skate park estalia irekitzearekin batera, Iruni eta inguruari balio erantsia eman diozue. Jende asko erakartzen duzue?
Sare sozialekin lan handia egiten dugu, eta horrek Espainiako eta Frantziako jendea erakartzen du. Espainiako txapelduna askotan etorri izan da, eta estatu osoko Pro mailako patinatzaileek guk eskatu gabe etorri nahi izaten dute. Baina batez ere, sare sozialetako lanari esker etortzen da jendea. Haurrak eta gaztetxoak gurasoekin etortzen dira, eta hiriko hoteletan, pentsioetan edo kanpinetan egiten dute lo, eta eskualdeko establezimenduetan kontsumitzen dute. Jende asko etortzen da, erreferente garelako. Horrek eragin positiboa du hirian.
Nora jo daiteke bazkide izateko edo galderaren bat egiteko?
www.elestablopirata.com web gunean sar daiteke, elestablopirata@gmail.com helbide elektronikora idatzi, edo 943 901790, 664713294 eta 646173825 telefono zenbakietara deitu. Arratsaldero egoten da zabalik, astelehenetik igandera. Gainera, urtebetetzeak ospatzeko aukera ere badago, haur bakoitzeko 10 €-ko prezioan (ogitartekoa edo pizza gehi edaria barne).

Ruben Martínez skate irakaslea da El Establo Piratan.
Orain arte ez zegoen skate-a praktikatzeko gune estalirik. El Establo Pirata leku egokia da. Gainera, haurrei hastapen ikastaroak ematen dizkiegu, irristatze kiroletan has daitezen. Scooter, skate, bmx edo patinen modalitateetan erabiltzeko prestatuta daude arrapalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude