Ethan Ramírez motoziklismoko pilotu irundar gaztea da. Gaur goizean Irungo San Juan plazan aurtengo motoziklismo denboraldia aurkezteko ekitaldia egin du. Cristina Laborda Irungo alkatearekin partekatutako ekitaldia izan da, hastear den denboraldi berriko helburuak eta erronkak aurkezteko.
3 urte eta erdi zituela hasi zen Ethan Ramírez motorrean ibiltzen Donostiako motor eskola batean. Ordutik, hainbat moto eta kategorietatik igaro ostean, Yamaha R3ko pilotua da egun. Orain Kataluniako Txapelketan eta Espainiako Kopan lehiatzen ari da. Horretarako, ia astebururo entrenamenduak ditu errendimendu errendimendu handiko eskola batean, AG74n.
Aurtengo denboraldirako erronka nagusia lasterketak irabaztea izango da, txapelketan txapeldun izan ahal izateko. “Horretarako nire eskuetan dagoen guztia egingo dut”, adierazi du Ethan Ramírezek.
Cristina Labordak azaldu duenez, Irunek orain arte hainbatetan erakutsi izan duenez, kirol askotan, bai banakakoak zein taldekakoetan, gaitasun handiko kirolariak dauzka. Alkateak nabarmendu duenez, kirol arrakasta horren erakusle da Ethan Ramírez bera, “gaztea izan arren, bere ametsa lortzeko gogor eta gogotsu lan egiten ari dena”. Ekitaldiaren amaieran, Ethan Ramírezek Irungo alkateari kamiseta bat oparitu dio bere babesa eskertzeko.
Hurrengo lasterketak
Aurkezpen ekitaldira bi moto eraman ditu, entrenamenduetan eta lehiaketetan erabiltzen dituenak. “Espainia osoko zirkuituetan lehiatzen naiz”, azaldu du Ethanek. Hurrengo hitzordua maiatzaren 25ean izango du, Castellolín. Ondoren, ekainaren 7an Jerezeko zirkuituan lehiatuko da. Uztailaren 13an, Alcañizeko Motorland Aragónen lehiatuko da. Azaroan berriz, Nafarroan hainbat lasterketa izango dituela aurreratu du.