Euskadiko Itsasargien Lagunak kultur elkarteak Kantabriako itsasargien argazkiak erakusteko erakusketa antolatu du. Argazkien bitartez itsasargien ñabardurak erakutsi nahi dizkiete bisitariei. Horretarako, elkarteko kideek Santanderko Portuko Agintaritzak probintzia osoan zehar kudeatzen dituen itsasargi batzuk bisitatzeko eta eraikin horiei argazkiak ateratzeko aukera izan dute.
Argazki bidez jasotako materialaren selekzio bat eginda “Kantabriako itsasargiak” izenburupean, 2023ko maiatzaren 29tik ekainaren 18ra bitartean, Irungo Palmera Montero gunean, Leandro Agirretxe 1 zk., ikusgai egongo dena. Sarrera doakoa izango da eta astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara eta larunbat eta igandeetan: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da. Jai egunetan aldiz, erakusketa itxita egongo da.
Kantabriako itsasargiak
Itsasargiek mistizismoa, misterioa eta erromantizismoa ekartzen digute gogora, lasaitasunera, hausnartzera eta barneko bakea bilatzera gonbidatzen gaituzten tokiak dira.
Egia da itsasargiek beren silueta erakargarriaren bitartez iman indartsu bat bezala jokatzen dutela eta ez haiek bakarrik, baizik eta haiek kokatzen diren lekuak ere badute indar hori. Kostaldean, itsas ertzean, itsaslabarretan, muinoetan edo hondartzetan, itsasoko zeruertzari begira daude. Leku dotoreak dira, edertasun natural handiko paisaia ikusgarriak, batzuetan bare daudelako eta beste batzuetan olatu handiengatik, ekaitz bortitzetan harrapatuta.
Etengabeko erreferentzia-puntuak dira. Egunez, bere siluetaren edertasun eta presentziarekin, distantzia handitik eta lau puntu kardinaletatik ikusteko modukoak; gauez, bere argi berezi eta salbagarriarekin, beste edozein argiren gainetik nabarmentzen eta argitzen dute.
Baina itsasargi bakoitzak bere mezu propioa igortzen du, bere argi propioa, beti bera, bere magia galdu gabe, horrek egiten baitu haietan arreta jartzea. Gidari lanak egiten ditu eta laguntza ematen die hala behar duten nabigatzaile guztiei.



