Euskal Jirak aldaketak dakartza aurtengo edizioan festaren etorkizuna bermatzeko

Irungo Euskal Jirak etorkizun luzeko festa izan nahi du eta horren aldeko apustua egin dute antolakuntza batzordeak eta Irungo Udalak. Aurtengoa abuztuaren 8tik 10era izango da. Iaz publiko egindako zailtasun ekonomikoen ostean, antolaketa batzordeak festa berregituratzeko une aproposa dela ikusi du, jaia indartzeko eta sostengu ekonomikoa bermatzeko. Iñaki Olazabal Irungo Euskal Jiraren antolaketa batzordeko lehendakariak 2025eko berrikuntzak zeintzuk izango diren aurreratu du.

Orain dela hilabete batzuk iragarritakoaren arabera, aurtengo Euskal Jirak berritasun garrantzitsuak dakartza, ezta?

Bai, horrela da. Erotu egin gara eta Euskal Jiraren antolaketari buelta garrantzitsua eman diogu. Aldaketa guzti hauek egitea aspalditik izan dugu buruan eta aurten horretarako momentu egokia zela ikusi dugu. Horiek erabakitzerakoan, Irungo Euskal Jirarentzat etorkizun on bat bermatzea izan dugu buruan. Horrela, hemendik urte askotara, Euskal Jirak bizirik jarraituko duela bermatu nahi izan dugu.

“Jendeak egun polit bat pasatzea bilatzen dugu eta Irunek abuztuan halako festa bat izatea merezi duela uste dut”

Iaz jakinarazitako zailtasun ekonomikoen ostean, formatu berriak festaren etorkizuna bermatzea bilatzen duela esango zenuke?

Bai, oso lotuta daude. Benetan, oso gaizki pasa genuen, izan ere, Euskal Jira oso egoera larrian egon zen. Zorionez, iazko edizioa ere askoz hobeto atera zen. Eguraldiak asko lagundu zuen eta Irungo herriak Euskal Jirari behar zuen bultzada eman zion. Ahalegin horri esker, Euskal Jirak bizirik jarraitzen du. Zoritxarrez, festa guztiak bezala, jaiak dirurik gabe aurrera ateratzea ezinezkoa da. Beraz, bai, aldaketek badute lotura diruarekin.

Aldaketa esanguratsuenetako bat zera da, desfilea larunbat arratsaldeko 18:00etan egin ordez, goizean egingo dela.

Ideia hau orain dela pare bat urte sortu zen, bazkari batean. Enekoitz Urtxegirekin hitz egiten ari ginela, jira goizera pasatzeko ideia planteatu zuen. Hasieran nahiko harrituta geratu ginen, izan ere, Euskal Jira betidanik arratsaldez egin delako eta goizez egitea arraroa egiten zitzaigun. Ideiari hainbat buelta eman dizkiogu eta jira goizean egiteak beste aukera batzuk ematen dizkigula ikusi dugu, batez ere, arratsalderako. Adibidez, Elizondon Baztandarren Biltzarrarekin batera egiten den jira dugu, eta jirak egiten diren beste zenbait tokitan ere kasu gehienetan goizez egiten direnez, Irunen horrela egitea probatu nahi izan dugu. Aurten horrela egingo dugu eta ikusiko dugu jendeak nola erantzuten duen.

Jiraren ostean, bazkari bat egiteko ohitura ere berreskuratuko duzue?

Hori da, Jira goizean eginez, ostean bazkaria antolatzeko aukera ikusi dugu, giro onari jarraipena emanez. Lehen garai batean Uranzu pilotalekuan egiten zen bazkaria berreskuratu nahi izan dugu. Beraz, ideia horrekin jarraitzen dugu eta baieztatu dezakegu herri bazkaria izango dela. Hori bai, tokiz aldatuko dugu eta Santiago auzoko Euskal Jai frontoian egingo dugu.  Gure asmoa da 500 pertsonentzako herri bazkari bat antolatzea. Bazkarira jiran parte hartuko duten musika eta dantza taldeak gonbidatuko ditugu, baina horietaz gain, gure ideia da irundarrei ere bertan parte hartzeko gonbidapena egitea.

Beraz, larunbat arratsaldea ere bestelako ekintzekin beteko duzue, festak jarraipena izan dezan.

Bai. Azkenean arratsalde osoa libre izanda, gure asmoa da behin bazkaria bukatuta, Santiagotik Urdanibia plazara itzultzeko kalejira bat antolatzea. Behin Urdanibian, arratsaldea girotzeko zenbait ekitaldi prestatu ditugu. Bertan dantza eta musika taldeek parte hartuko dute. Kemen dantza taldeak azken urteetan emandako erromeria antolatuko du aurten ere. Dantzaldiaren ordua aurreratuko dugu, garai batean 22:00etan hasten zena, aurten goizago egingo dugu lehenagotik giroa sortzeko. Jaia amaitzeko, DJ bat ere hartu dugu. Beraz, parranda polita antolatzen saiatu gara.

Azken urteetan jada Euskal Jira asteburu osoko festa bihurtu da, ezta?

Bai, hori da. Ostiralerako ere prestatu ditugu gauzak, iaz bezala, haurrei garrantzia eman nahi izan diegu antolatutako ekintzekin. Iaz egindakoak errepikatuko ditugula pentsatu dugu, hau da, Irun´go Atsegiñako erraldoi eta buruhandien desfilea izango dugu. Plazan gaztelu puzgarriak jarriko ditugu, haur jolasak eta ur zezenak. Gero bi kontzertu ere izango ditugu, alde batetik, Matraka, eta bestetik, 22:30ak aldera, Zilibito Records taldeak joko du Urdanibia plazan.

Sostengu ekonomikoa izateko, garrantzitsua al da txosnak egun horretan biltzen duen dirua?

Pena apur bat ematen digu diruaz hitz egin behar izateak, baina festarekin jarraitu ahal izateko dirua behar dugu. Irungo Udalaren babes ekonomikoa hor dugu, baina horrekin ez zaigu nahikoa. Euskal Jira gai izan behar da bere kabuz diru bat atera eta antolatzen diren jarduera guztiak ekonomikoki aurrera eraman ahal izateko. Normalean beti taberna handi bat izaten dugu, non sardinak, taloak eta txistorrak saltzen diren. Aurten bigarren txosna bat jartzeko asmoa dugu eta bertan, batez ere, edaria salduko da. Asmoa da Irungo herriaren laguntzarekin diru apur bat ateratzea hurrengo edizioa ere bermatuta egon dadin. Guk nahi duguna da geroz eta jira handi eta indartsuagoa antolatzea. Jendeak egun polit bat pasatzea bilatzen dugu eta Irunek abuztuan halako festa bat izatea merezi duela uste dut. Irundarrentzat, beste festekin gertatzen den bezala, Euskal Jira oso berezia da, denon artean zaindu beharrekoa eta antolaketan sarturik gaudenok horretan gabiltza.

“Batzordea osatzen dugunok aldaketa hauek egitearen alde egin dugu, Euskal Jirari etorkizun polit bat bermatzeko”

Festa honetan lehen aldiz parte hartuko duten horientzat, zer ohar emango zenituzkete?

Jendeari eskatzen diogu baserritarrez jantzita joatea. Kanpotik datozenen kasuan berriz, behintzat kamiseta edo alkandora txuri bat ekartzea laukidun zapi zuri-urdinarekin, Euskal Jira jende askok parte hartzen duen jaia da eta.

Aldaketak jakinarazita, nola erantzun du jendeak?

Askotarikoak izan dira erreakzioak. Jira goizean egingo genuela iragarri genuenean jendea apur bat harrituta geratu zen hasieran, baina nik uste orokorrean ondo hartu dutela. Batzordea osatzen dugunok aldaketa hauek egitearen alde egin dugu, Euskal Jirari etorkizun polit bat bermatzeko. Espero dugu hanka ez sartzea eta gaizki ateratzen bada, bide berriak bilatuko ditugu. Garrantzitsuena da egun horretan jendea kalera ateratzea, goizean, arratsaldean, gauean edo egun osoan eta Euskal Jirako giroan murgilduz ondo pasatzea.

Elkarrizketa guztia Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude