Ezezagunok antzerki taldeak 2007. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Miren Etxeberria, Luisma Moreno eta Ana Perezen ekimenez sortu zen proiektua. Egun Irungo Udalak Aldapeta kaleko 9. zenbakian utzitako lokal batean egiten dituzte entseguak. Antzerkiaren mundua ezagutzen ez zuten eta adimen desgaitasuna duten 12 aktorerekin hasi ziren eta egun 22 antzezlek osatzen dute Ezezagunok antzerki taldea. Fokuen argiari esker, gizartearen alde ezezagunetik eszenatokiaren lehen lerrora igaro dira.
Ana Perezen heriotzaren ostean, Luisma Moreno eta Miren Etxeberria dira egun antzerki elkartearen zuzendariak. Miren Etxeberriak azaldu du proiektu honekin hastea erabaki zutela adimen desgaitasuna zuten pertsonekin lan egiteaz gainera, hirurak antzerkizaleak zirelako. Miren Etxeberria gaztetan aktore lanetan ibili zen arren, Ezezagunok taldeko zuzendariak zera onartu du: “niri gehien gustatzen zitzaidana konpainia bat sortzea zen, eta orduan, beno, bi lagun engainatu nituen proiektu hau aurrera eramateko”. Taldea osatu zezaketen gazteen familiekin hitz egin eta hasieran zalantzati erantzun bazuten ere, zuzendariek ideia garatzea erabaki zuten.
““Exacticamente Diversa” obraren 12 antzezpen egin ditugu jada, antzerki talde amateur batentzat pila bat direnak”
Luisma Moreno, Ezezagunok Antzerki Elkartearen zuzendarietako bat
Luisma Morenok gogoratu duenez 2007. urtean hasi zuten ibilbidea. Irungo Udalaren laguntzarekin, antzerki tailer bat antolatu zuten. “Tailerrak ideia probatzeko balio izan zigun, eta bide beretik jarraitu nahi genuela ikusi genuen, gazteak horretarako motibatuak zeudela ikusita”. Miren Etxeberriak aipatu duenez, Ezezagunok izena aukeratu zuten taldea izendatzeko historian zehar desgaitasuna duten pertsonei hainbat modutan deitu izan zaielako. “Ezezagutzaren ondorioz, pertsona hauei hainbat modutan deitu izan zaiela pentsatu genuen eta ideia hori taldearen izenera eramatea erabaki genuen”, erantsi du Miren Etxeberria zuzendariak. Horrela, izena erabaki eta elkarte gisa eratu ziren.
Edonoren gozamenerako antzerkia
Sergio Berné eta Mikel Fiz Ezezagunok antzerki elkarteko antzezle taldearen parte dira. Egun “Exacticamente Diversa” antzerki lana dute esku artean. Sergió Berné duela 12 urte hasi zen antzezle lanetan. Bernék azaldu duenez, “niri antzerkia beti gustatu izan zait eta orduan pentsatu nuen, zergatik ez dut antzerkia egiten? eta horrela hasi nintzen”. Mikel Fiz, 18 urterekin sartu zen antzerki taldera. “Antzerkia probatzea proposatu zidaten eta taldera batzerakoan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala”, aipatu du Fizek.
Ezezagunok antzerki elkartearen helburua guztien gozamenerako antzezlanak egitea eta eskaintzea da. Horretarako, Miren Etxeberria, lehen Anaren laguntzarekin, testuaren egokitzapenak egiteaz arduratzen da. Luisma Morenok aipatu duenez, “aktorearen trebetasunak, ezaugarriak eta indarguneak kontuan hartzen dira, inor kanpoan gera ez dadin” . Beraz, antzerkian normalean aktoreak obrara egokitzen diren arren, Ezezagunok taldean antzerki lana aktorearen zerbitzura jartzeko lizentzia hartzen dute, mezua eta kontatu nahi den istorioa bere horretan mantenduz. Orain “Exacticamente Diversa” izeneko Lewis Carrollen “Aliceren Abenturak Lurralde Miresgarrian” klasikoaren egokitzapena den obra antzezten ari dira. Luisma Morenok aipatu duenez, “azken lan honetan egokitzapen lan izugarria dago, gidoiaren 20 berrikusketa eta berridazketa inguru egin baititugu eta oraindik ere gauza batzuk egokitzen jarraitzen dugu”. Lan konplexua izan arren, momentura arte emaitzarik onenak ematen ari den antzezlana suertatu zaie.
Esperientzia lagun
12 aktorerekin hasi zena egun 22 antzezlek osatutako antzerki taldean bihurtu da. Luisma Morenok azaldu du zalantzekin hasitako proiektuan egun beste “arazo” batzuk dituela: ez dakitela taldera batu nahi direnei ezetz esaten, baina hala ere taldera batu nahi diren pertsonen itxaron zerrenda dute. Sergio Bernék adierazi du entseguetan eta emanaldietan oso ondo pasatzen dutela: “talde bikaina gara”. Mikel bat dator bere antzerki kidearekin eta oso talde jatorra direla adierazi du.
2025aren hasierarako jada lehen emanaldiak dituzte. Urtarrilaren 18an Corellan, Nafarroan, izango dira eta martxoaren 16an, Oiartzunen. Dena den, Luisma Morenok azaldu duenez, “beste emanaldi batzuen datak ixteko zain gaude oraindik”. Guztira ““Exacticamente Diversa” obraren 12 antzezpen egin ditugu jada, antzerki talde amateur batentzat pila bat direnak”, azaldu du zuzendariak. Hain zuzen ere, Gironako FITAG jaialdian eta guzti parte hartu dute, taldearentzat lorpen eta esperientzia handia izan dena.
“Antzerkia probatzea proposatu zidaten eta taldera batzerakoan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala”
Mikel Fiz, Ezezagunok Antzerki Elkarteko aktorea
Luisma Moreno zuzendariak gogoratu duenez, lehen antzezlana antolatu zutenean zailtasun asko izan zituzten: “15 minutuko obra txiki bat muntatzea lortu genuen, trantsizioekin eta musikarekin zerbait gehiago luzatuz” azaldu du zuzendariak. Horretarako, antzokira goizeko 10:00etan sartu behar izan ziren, prestaketak nondik hasi ez zekitela. Gaur egun, urteek emandako esperientziari esker, lan erritmoa guztiz bestelakoa da. Luisma Morenok azaldu duenez, “Exacticamente Diversa” antzezlanak 70 minutu irauten ditu, beraz, asko hobetu dute beren hastapenetatik. “Erritmo handiko emanaldia da, testu asko duena eta aktoreen lan handia eskatzen duena”, azaldu du zuzendariak. Aurrerapenen erakusle da orain antzokira 3 ordu lehenago iristearekin nahikoa zaiela. “Denbora horretan jantziak prestatu, pase orokorra egin eta emanaldia egiteko gai gara, etiketarik gabeko beste edozein antzerki talde bezala”, adierazi du Moreno zuzendariak.
Asteazkenero puntualtasunez entseiatzen dute, baina Luisma Morenok aipatu duenez, emanaldi datak hurbiltzen zaizkienean entsegu osagarriak antolatzen dituzte. Mikel Fizek kontatu du antzezlanen gidoia ikasteko testua askotan errepikatu behar izaten duela, antzezten ari diren bitartean testua ez ahazteko. Sergio Bernék berriz, talde entseguez gainera, etxean gurasoekin bere zatiak errepasatzen dituela azaldu du. “Testu asko izaten duen pertsonaietako bat izan ohi naizenez, testua pare bat aldiz irakurri behar dut ondo ikasteko”, adierazi du Berné aktoreak. Gidoiaz gain, eszenatokira igotzerakoan urduritasunak menperatzeko gai ere badira. Sergio Bernék aipatu du bera ez dela batere urduritzen; Mikeli aldiz, testua ondo ikasia edukitzea lagungarria zaio urduritasunak uxatzen saiatzeko.
Miren Etxeberria zuzendariak azaldu duenez, jada obra berria izango dena prestatzen hasiak dira, baina oraindik amaitu gabe dago, oraindik aurreko obraren emanaldiak dituzte eta. “Gure ideia bi antzezlanak denboran bateratzea da, izan ere, obra berri bat prestatzeak denbora asko eskatzen du”, azaldu du zuzendariak. Mikel Fizek eta Sergio Bernék beraientzat zaletasun bihurtu den antzerkiaz gozatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute. Beraz, itzal daitezela eszenatokiko argiak, Ezezagunok taldea lanean ari da eta guztiontzat pentsatutako emanaldi berrian.



