Ficoba erakustazokak V. Ezkontza Azoka hartuko du urriaren 16an eta 17an

Ficoba erakustazokak “Los Muñecos de la Tarta” Ezkontza Azokaren V. edizioa hartuko du urriaren 16an eta 17an. Pandemiaren eraginez 2020ko edizioa bertan behera geratu zen. Aurtengo edizioan 21 erakusketarik parte hartuko dute eta berrikuntzen artean, webgunearen bidez hitzordua erreserbatzeko aukera eskaintzen da. Fernando Vergara azokaren antolatzaileetako batek aurtengo edizioaren xehetasunak azaldu ditu.

2021ean “Los Muñecos de la Tarta” azoka Ficobara itzultzea albiste ona da antolatzaileentzat?
Albiste ona da ezkontza-sektorearentzat. Urte eta erdi honetan, COVID19k eragindako krisi ekonomikoa gehien pairatu dugunetakoak izan gara. 2020an, ezkontzaren sektoreak beste urteekin alderatuta %8a baino gutxiago fakturatu du. Beraz, normaltasunera itzultzea albiste ona da guretzat.

Pandemiak eragin handia izan du ezkontzen antolaketan. Zuen ustez, ezkontzen sektorea suspertzen hasi da?
COVID19aren intzidentzia-datuek hobera egin dutenez, murrizketa neurriak leundu egin dira. Uztailera arte, gutxi gorabehera, ezkontza gehienak 2022. urtera atzeratu dira. Uztailetik aurrera, berriz, bikote gehienek ezkontza aurrera eramatea erabaki dute, asko eta asko 2020tik itxaroten baitzeuden. Egia esan, orain arte egin diren ezkontzen emaitza oso ona izan da.

Azokaren bosgarren edizioa izanda, dagoeneko finkatuta dagoen ekitaldi bati buruz hitz egin daiteke?
Guk baietz uste dugu, bi arrazoirengatik. Erakusketari gehienek urtero errepikatzen dute, emaitzak baikorrak direlako, eta, bestetik, urtero 220 bikote baino gehiago igarotzen direlako azokatik. Bi datuen batuketak azoka ondo doala eta oso bizirik dagoela adierazten du.

Zenbat erakusle izango dituzue aurten?
Aurten 21 erakusle gara, baina ez dugu baztertzen azken orduko parte-hartzaileren batek izena ematea.

Nola laguntzen die azokak bertan parte hartzen duten erakusketariei?
Azoka leku aproposa da ezkontzeko asmoa duten bikoteak ezagutzeko, eta erakusketariek aukera bikaina dute bikote horiekin harremanetan jartzeko. Azken batean, azokak ezkontzekoak diren pertsonak ezkontza hornitzaileekin elkartzen ditu.

Nolako sektoreak aurkituko dituzte azokara joaten diren bisitariek?
Erakusketarientzat ekonomikoki oso eskuragarria den azoka denez, askotariko sektoreak egotea lortzen dugu. Argazkilariak, bideografoak, makillatzaileak, ezkontzako autoen alokairua, eta, jakina, andregai soinekoak, mutilentzako jantziak, bitxiak eta abar.

Gainera, aipagarria da eskualdeko enpresen partaidetza zabala, ezta?
Hala da, Irungo jendeak antolatutako azoka da, eta ilusio berezia egiten digu erakusketarien zati handi bat Irun eta eskualdekoak izateak. Azokak lortzen duena da jende asko etortzea Gipuzkoako barnealdetik, Nafarroatik, baita Bizkaitik eta Iparraldetik ere.

Nori zuzenduta dago azoka?
Ezkontzear dagoen edo asmoa duen pertsona orori, nahiz eta oraindik data zehatzik ez izan, 2022. edo 2023. urteetan ezkontzekoak izan daitezkeenak.

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat hitzordua webgunearen bidez erreserbatzeko aukera da. Zeintzuk dira zerbitzu berri honen abantailak?
Zehazki, edukieraren gaiarekin, COVID19a dela eta, agintariek zehaztutako neurriekin bat datorren edukiera errespetatu behar da. Erreserben tresnarekin, etorri nahi duten bikoteek aukeratutako ordutegian tokia dutela ziurtatzea lortzen da, eta, gainera, azokako osasun-baldintzak bermatuta daudela ziurtatzen dugu.

Gainera, Covid Free azoka bat antolatzeko neurri guztiak hartu dituzue?
Hori da, aurreko galderan esan dizudan bezala, % 100ean errespetatuko ditugu gobernuak azoka gune segurua izan dadin eskatzen dizkigun neurriak.

Aurten ere azoka Ficoban egingo da. Kokapenak beste hiritako edo mugaren beste aldeko publikoa erakartzen laguntzen du?
Ficoba azoka-esparrua da ezkongaien azoka antolatzeko lekurik aproposena. Instalazio bikainak dira, eta gure lana errazten diguten profesional-talde bat dute atzean. Gainera, doako aparkaleku bat dago bertan. Euskotren geltokia, berriz, 100 metrora dago.

Azokaren V. edizioa urriaren 16an eta 17an egingo da. Zer ordutegirekin?
11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara irekiko dugu, bazkaltzeko ordubete itxiz.

Non aurki dezakete interesatuek azokari buruzko informazio interesgarri guztia?
Instagramen eta Facebooken, sare sozialetan. Gainera, azokarekin loturiko informazioa zabaldu eta hitzorduak erreserbatzeko webgune bat ere badugu: www.losmunecosadelatarta.es

Zer aurreikuspen dituzue aurtengo edizioaren aurretik?
Helburua beti azoka gutxienez 200 bikotek bisitatzea da, baina aurten ilusio berezia dugu eta bisitari gehiago izango ditugula uste dugu. Ikusiko dugu zer gertatuko den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude