Ficobak Emakume Futbolarien Nazioarteko I. Kongresua hartuko du azaroaren 21ean eta 22an

Azaroaren 21ean eta 22an Emakume Futbolarien Nazioarteko I. Kongresua hartuko du Ficobak. Bi egunez, emakume futbolaren gaur egungo egoeraz eta etorkizunera begira dauden erronkez hausnartuko dute kongresuan parte hartuko duten profesionalek. Goizane Alvarez, Gipuzkoako Kirol diputatuak kongresuaren xehetasunak azaldu ditu.

Zein da kongresu honen helburua?

Oraindik bai futbolean, bai beste kiroletan eta bai gizartean ezarrita dauden arrakalak ezabatzea. Horrela, arrakala horiek baztertu eta bide berriak ireki nahi ditugu. Horretarako, kongresu bakar batean ikuspuntu ezberdinak bildu nahi izan ditugu, esperientzia desberdinak elkartuz eztabaidatu ahal izateko, bai daukagun pertzepzioen, datuen eta arrakala horiek gutxitzeko ireki beharreko bide berrien inguruan. Azken bolada honetan ikusi dugu, batez ere futbolean, baina baita beste kirol askotan ere, emakumeek goi mailako kirolera iristen direnean laudorio asko jasotzen dituztela. Hori pozgarria da, zerbait aurreratu dugula esan nahi duelako.

“Oso garrantzitsua da konformismoan ez erortzea”

Goizane Alvarez, Gipuzkoako Kirol diputatua

Baina ez gara konplazentzia puntu horretan geratu behar. Hau da, jada kirola emakumeentzat irisgarria edo haiek egiten duten kirola ikusgarria den arren, ez du esan nahi berdintasunera iritsi garenik. Oraindik gauza asko daude aztertzeko eta konpontzeko, batez ere, emakumeek sufritzen ditugun karga emozionalak, sinesmenak eta estigmatizazioak atzean utzi ahal izateko. Futbola gizartean gertatzen denaren isla da. Beraz, jakin badakigu futbolaren inguruan eraldaketa bat sortzeko gai bagara, beste kiroletan eragina izango duela. Horrek, neska eta mutikoengan onurak izango ditu, gizarte askoz berdintzaile baten aurrean egongo garelako. Oraindik bide luzea dago egiteko eta ez dugu berriz entzun nahi jada berdinak garela. Ez gara berdinak aukera berdinak ez ditugulako. Prozesua oraindik gogorragoa da eta ezberdintasun nabariak daude.

Beraz, orain gauden lekura nola iritsi garen hitz egin nahi dugu, baita nola tratatzen dugun gure burua gizarteak urteetan eta mendeetan zehar jarri dizkigun zama eta mezuen ondorioz. Botere harremanen, sexu indarkeriaren eta gure gorputzaren inguruan hitz egin nahi dugu. Horregatik, kongresu hau antolatu dugu honetaz guztiaz hitz egin ahal izateko. Gizon eta emakume askok esperientzia honetaz gozatu eta ikasi ahal izatea espero dugu mahai gainean jarriko ditugun esperientzietatik,  beti ikuspuntu guztiak kontutan izanda, noski.

Emakumeen kirolean dauden erronkei aurre egiteko, garrantzitsua iruditzen zaizu horien inguruan hitz egitea?

Oso garrantzitsua da konformismoan ez erortzea. Berdintasunerako bidean kasu edo erronka jakin batzuk gainditzea lortu dugun arren, arrakala soilik arlo konkretu batzuetan murriztu da, esateko, irisgarritasunean. Prozesua oraindik guztiz ezberdina da eta ez da guztiz irisgarria oraindik. Kasu gehienetan badira neskentzako klubak edo taldeak, baina sinesmenen, ohituren eta interesen aldetik kontua bestelakoa da. Ikusten ez diren arrakala horiek oso garrantzitsuak eta arriskutsuak dira, atzera pausoak eragin ditzaketelako. Emozionalak eta psikologikoak diren horiei heldu nahi diegu. Horrela, datuak eskuan izanda ere, konformismo horretan erori ez gaitezen. Datuez haratago, badira desadostasuna eta sufrimendua eragiten duten hainbat gaitz.

Zehazki, zeintzuk dira gaur egun emakume futbolarien artean etorkizunera begira atzeman diren erronkak?

Aurretik aipatutako guztiez gain, garrantzitsua da leku seguruetan eztabaidatu ahal izatea. Hortaz, klubetan eta, oro har, gizartean askatasunez hitz egin ahal izatea izango litzateke beste erronketako bat. Alde horretatik, aipatu behar da klub eta talde askok oraindik ez dutela kontuan izaten emakumeon gorputza desberdina dela eta lesio arriskuaren faktorea desberdina dela emakumeen futbolean gizonezkoen futbolarekin alderatua. Gauza bera gertatzen da arraunean, eskubaloian, saskibaloian edo igeriketan. Kirol askotan emakume eta gizonen gorputzak berdin tratatzen dira eta horrek desparekotasunak eragiten ditu, lesio arriskuaren faktorea desberdina baita.

“Kongresuan parte hartu nahi dutenek, webgunearen bitartez izena eman beharko dute”

Goizane Alvarez, Gipuzkoako Kirol diputatua

Berdintasunerantz aurre egin ahal izateko programak eta entrenamenduak egokitzea beharrezkoa da.  Entrenatzaileak eta klubetako talde teknikoak horretarako prestatuak egon behar dira. Ikuspuntu desberdinak jasoz ikusi beharko da nola egokitu behar den haien jarduna.

Kongresuan hainbat aditu eta profesionalek parte hartuko dute. Zeintzuk dira landuko dituzten gaiak?

Azaroaren 21ean film labur batekin hasiko gara. Asmoa da Espainiako emakumezkoen futbolaren historia azaleratzea. Egun berean, emakumeen futbolaren bilakaeraz hitz egiten hasiko gara, Eli Pinedok, Bera Berako kapitaina izandakoak, moderatzaile lanak egingo dituelarik. Eguneko hirugarren ekintza ponentzia bat izango da, lesioaren arrisku faktoreak emakumeen futbolean, Eva Ferrer kirol medikuntzako espezialistaren eskutik.

Azaroaren 22an entrenatzaileen, talde teknikoen eta arbitrajearen mahai-inguruarekin hasiko gara. Jarraian, “Gaurko entrenamendua eliteko futbolean” gaia landuko da. Beste mahai-inguru batean Inma Puig emakumezkoen futboleko osasun mentalaz arituko da. Elkarrizketa batean, Laura Gutierrez futbolariarekin batera, emakumeen futbolaren garapenean mundu mailan dauden erronkak eta aukerak aztertuko dira. Azkenik, futboleko sexu indarkeria eta botere abusuak jorratuko ditugu, eta oraingoz Isabel Abella Ruiz de Mendozak eta Vero Boquetek bertan parte hartuko dutela baieztatu digute. Azkenik, hitzaldi bat izango dugu Erakundeak eta emakumeen futbolari buruzkoa. Bertan hastapen ereduez hitz egingo dugu, txikiei kirolean hasten direnean ematen diegun eredua lantzeko.

Zer egin behar da aipatutako ekintzetan parte hartzeko?

Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresuari buruzko informazio guztia Ficobaren webgunean dago. Horretaz gain, kongresuan parte hartu nahi dutenek, webgunearen bitartez izena eman beharko dute. Kongresuaren egun bakarrean edo bietan parte hartzeko aukera dago. Elkarrekin erronka hauen inguruan zein bide berri zabaldu ditzakegun deskubritzeko gogo handia dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude