Apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Egunarekin batera, orain dela 25 urte antolatu zen Irunen lehen irakurketa publikoa. Irakurketa publikoen ohiturari eusteaz gain, gaurkoan ere liburuaren inguruko hainbat ekintza antolatu dira Irunen.
Liburuaren Eguneko lehen irakurketa publikoa orduan udal liburutegia zen Ikust Alaia liburutegian egin zen. Iñaki Ceberio liburuzainak irakurketen hasieran gogoratu duenez, “hiru izan ginen orain dela 25 urte irakurketa amaitzera gelditu ginenak: orduko Kultura ordezkaria, Fernando San Martín, Cristina Soto liburutegiko erabiltzailea eta ni neu”. Begiak itxi arren, egunsentiko 2:00ak arte irakurri zuten, “El Quijote” lanaren lehen zatia amaitzeko. Urte hartan, Bernardo Atxagaren Obabakoak irakurri zuten ere osorik.
Gaur, 25 urte geroago, CBA liburutegiak hartuko ditu egun osoan zehar irakurketa horiek. 25 urtez liburutegira irakurtzera gerturatu diren horiek omentzeko, liburutegiko patioan mural berezi bat jarri dute. Harkaitz Cano autoreak hasi du eguneko lehen irakurketa, “Mundua pitzatuta baina hantxe gabiltza oinez” bere lanaren lehen lerroak irakurriz. Irakurketari ekin aurretik ordez, idazleak liburuzainek egiten duten lana azpimarratu du, liburutegietan liburuak topatu ahal izateko beren lana zeinen garrantzitsua den goraipatuz. Lehen atala irakurrita, Cristina Laborda alkateak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak hartu diote hitza jarraian.
Ordu laurden beranduago, Miguel de Cervantesen “El Quijote” liburuaren irakurketari ekin diote, duela 25 urte hasi zen ohitura jarraituz. Egunean zehar hiritarrak CBA liburutegian txandakatuko dira, irakurketari jarraipena emateko.
Liburu azoka
Zabaltza plazan berriz, ohiko Liburu Azoka antolatu da karpa zuriaren babesean. Karpan, Tinta Cómics denda eta Elkar Liburudendak liburuak salgai dituzte. Horiez gain, bertan daude ere Oskarbi Bidasoko idazleen Elkartea eta Bitamine argitaletxea ere.
Liburu Azokan goizean 14:00ak arte eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara hainbat ekintza egingo dira. Goizari amaiera emateko, 13:00etatik 14:00etara, Lliteraturaren panoramako idazle gazteenetako bat den Alicia Alonso irundarrak bere “Guardianes de Eilën I: El amuleto de Anhàläh” liburua aurkeztuko du, eta sinatu egingo ditu aleak.
Arratsaldeko txandan, 16:00etatik 17:00etara, Maite Frankoren “Liburuzainak zaldigainean” ipuin-kontaketaren ordua izango da umeentzat. Bost urtetik gorako umeentzat gomendatuta dago.
17:00etatik aurrera, liburu-aurkezpenen txanda izango da. Hasteko, Mariajo Noainen “Mujeres en la Historia del Arte”, 18:00ak arte. Marialui García kazetariarekin solasean arituko da, liburuaren eta idazketa-prozesuaren alderdi interesgarrienak azpimarratzeko. Gogoraraziko du ez dela soilik emakume artisten bilduma bat, hausnarketa bat ere bai baita emakumeak artearen historian zehar izan duen rolari buruz eta bere lana profesionalizatzeko izan zituzten zailtasunei buruz.
18:00etatik 19:00etara, Nerea Kortabitarteren “Merezi dut udaberri bat” liburuaren txanda izango da. Bidaia poetiko bat da, goxotasuna aldarrikatzen duena babesik gabeko mundu batean, erresistentzia-ekintza gisa, eta XXI. mendean emakume izateak dakartzan konplexutasunetan barneratzen da.
Azkenik, 19:00etatik 20:00etara, “Ehun zaldi trostan” Ainhoa Urien Telletxeren liburuaren aurkezpena izango da. Liburu horrekin literatur sorkuntzarako “Ignacio Aldecoa Beka” irabazi zuen, euskarazko kontakizunaren generoan.











