Emakume sinadura duen programa prestatu dute Irunen Liburuaren Eguna ospatzeko

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, urtero moduan datorren apirilaren 23ra, asteazkenera, begira Irungo Udaleko Kultura arloak asmo handiko programazioa prestatu du, ekintza gehienetan protagonistak emakumeak izango dirlearik. CBA liburutegian berriz, ohiko irakurketa publikoak egingo dira, aurtengoa 25. edizioa izango delarik. Azoka iragartzeko kartelak ere emakume sinadura du, Lorena Martinez Oronoz ilustratzaile irundarrarena, egun horretarako orri markatzaileak eta kartelak diseinatu ditu eta.

Han izan da gaur Nuria Alzaga lehen alkateordea eta Kulturako ordezkaria, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduera-programaren berri eman du: “irakurzaletasuna sustatzea funtsezkoa da guretzat, eta Udaletik duela urte askotatik bultzatzen ari gara ildo hori etengabe. Hala, hirian zehar sei hiri-liburutegi ditugu, eta CBAn ere, etengabe ari gara hobekuntzak egiten.  Zalantzarik gabe, uste dugu aukera paregabea dela burua lantzen duen eta istorio onenetan barneratzen gaituen ohitura horretara publiko berriak erakartzeko”. Lorena Martinez Oronoz ilustratzaile irundarrak egin du aurtengo edizioko kartelaren irudia, eta egun horretarako diseinatu diren orri-markatzaileetan ere ikus daiteke.

Liburu Azoka

Liburu Azokak apirilaren 23an bertan irekiko ditu ateak, Zabaltza plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Karpan, Tinta Cómics denda eta Elkar Liburudenda egongo dira, eta, horiez gain, bertan izango dira Oskarbi Bidasoko idazleen Elkartea eta Bitamine argitaletxea ere. Gainera, beste hainbat jarduera ere egingo dira, hala nola liburu-sinatzeak eta liburu-aurkezpenak, eta baita liburu pertsonalizatu bat sortzeko familia-tailer bat edota haurrentzako ipuin-kontaketa bat ere. Honako hau  izango da programazioa:

Irakurketa publikoak

CBA Udal Liburutegian, 10:00etan, 25. irakurketa publikoa egingo da. Euskaraz, Harkaitz Canoren “Mundua pitzatuta baina hantxe gabiltza oinez” liburua irakurriko dute, eta gaztelaniaz, 10:15ean, Miguel de Cervantesen “El Quijote”.

Irakurzaletasuna sustatzeko ekintzak

10:30etik 12:00etara, familientzako arte-tailerraren txanda izango da, Artean Espazioarekin liburu pertsonalizatu bat sortzeko. Gune irekia da eta sarrera librekoa, pintatu eta sortu nahi duten familientzat. Parte-hartzaileek modu librean garatu ahal izango dute beren imajinarioa, liburu-ipuina egiteko koloretako arkatzak, pinturak eta ebakigarriak erabiliz.

12:00etatik 13:00etara, Ribera bekaren “Etxe berriko kontakizunak – Relatos del nuevo hogar” proiektuaren argitalpena aurkeztuko dute. Raquel Meyers eta Arkaitz Saizena (ARKAMEYERS) dira proiektuaren egileak. Proiektuak 1950eko hamarkadaren amaieratik 1970eko hamarkadaren erdialdera arteko aldia aztertzen du, barne-migrazioa Bidasoa eskualdera iritsi zenekoa, La Palmera, Porcelanas Bidasoa, Chocolates Elgorriaga edo Sancheski bezalako fabriken industria-hazkundea gertatu zenekoa.

Goizari amaiera emateko, 13:00etatik 14:00etara, Lliteraturaren panoramako idazle gazteenetako bat den Alicia Alonso irundarrak bere “Guardianes de Eilën I: El amuleto de Anhàläh” liburua aurkeztuko du, eta sinatu egingo ditu aleak.

Arratsaldeko txandan, 16:00etatik 17:00etara, Maite Frankoren “Liburuzainak zaldigainean” ipuin-kontaketaren ordua izango da umeentzat. Bost urtetik gorako umeentzat gomendatuta dago.

17:00etatik aurrera, liburu-aurkezpenen txanda izango da. Hasteko, Mariajo Noainen “Mujeres en la Historia del Arte”, 18:00ak arte. Marialui García kazetariarekin solasean arituko da, liburuaren eta idazketa-prozesuaren alderdi interesgarrienak azpimarratzeko. Gogoraraziko du ez dela soilik emakume artisten bilduma bat, hausnarketa bat ere bai baita emakumeak artearen historian zehar izan duen rolari buruz eta bere lana profesionalizatzeko izan zituzten zailtasunei buruz.

18:00etatik 19:00etara, Nerea Kortabitarteren “Merezi dut udaberri bat” liburuaren txanda izango da. Bidaia poetiko bat da, goxotasuna aldarrikatzen duena babesik gabeko mundu batean, erresistentzia-ekintza gisa, eta XXI. mendean emakume izateak dakartzan konplexutasunetan barneratzen da.

Azkenik, 19:00etatik 20:00etara, “Ehun zaldi trostan” Ainhoa Urien Telletxeren liburuaren aurkezpena izango da. Liburu horrekin literatur sorkuntzarako “Ignacio Aldecoa Beka”  irabazi zuen, euskarazko kontakizunaren generoan.

Liburuetatik haratago

Liburu Azokak irauten duen bitartean, Merche Enrique Sánchez irundarraren “Koadernatzeko artea” erakusketa ikusi ahal izango da, Eskukaren eskutik. Bertan, koadernaketa, scrapbooking, kartoigintza eta dekorazio-arteen tailerrak egiten dira.

Erakusketak, alde batetik, koardenatzailearen lanbidea erakutsiko du, eta koadernaketa bat egiteko faseak eta behar diren tresnak eta materialak erakutsiko ditu. Bestetik, koadernaketa-teknika desberdinak dituzten aleak erakutsiko dira, josturak airean eta akabera desberdinak dituztenak, tradizionalenetatik hasi eta material arriskutsuagoak dituzten arte-koadernaketa modernoenetara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude