2025eko urrian 10 urte beteko dira Udal Liburutegia Ikust Alaiatik San Juan plazaren lurrazpian dagoen CBA espaziora joan zenetik. Ordutik Irun kulturaren garapenerako espazioz eta egiturez hornitzen jarraitu du Irungo Udaleko Kultura arloak, erabiltzaileen beharrei erantzun nahian. Nuria Alzagak, Kultura arloko ordezkaria den aldetik, Liburuaren Eguna dela eta hiriko kultur azpiegituren gaineko errepaso azkarra egin nahi izan digu.
Carlos Blanco Aguinaga liburutegia hirian erreferentziazko espazioa bihurtu dela esango zenuke?
Dudarik gabe. 10 urte pasa dira Carlos Blanco Aguinaga liburutegia lekuz aldatu zenetik, hain zuzen ere, ia oharkabean igaro den denbora. Denborak argi utzi du CBA liburutegia erreferentziazko espazioa bihurtu dela, ez bakarrik Irunen, baizik eta herrialde mailan ere. Gogoan izan behar da CBA ez dela soilik liburutegi bat, baizik eta gune honetan kulturarekin zerikusia duten bestelako jarduerak ere egiten direla. Esaterako, tailerrak, erakusketak, idazketa taldeak,… Beraz, hiriaren erdigunean dagoen espazio hau liburutegi bat baino askoz gehiago da.
2025eko urrian 10 urte beteko dira Udal Liburutegia Ikust Alaiatik CBA espaziora, San Juan plazaren lurzorura, lekualdatu zenetik. Denborak erabaki egokia izan zela erakutsi duela esango zenuke?
Dudarik gabe. Liburutegiaren kokalekuaz haratago, egun hiriaren parte den espazio berri honen sorrera suposatu zuelako. Ez dakit gogoratuko zaren aurretik nolakoa zen, baina, batez ere, kotxez betetako espazio bat zen. Egia da, Irun orain dela 10 urte baino lehenago eraldatzen hasi zen hiri bat dela. Are gehiago, egun, oraindik ere, egunez egun eraldatzen ari den hiria da. Eraldaketa horren erdian, Kultura arloan honelako azpiegiturak eraikitzeko aukera aprobetxatzen dugu. Egia da ere, egunero lanean jarraitu behar dugula. Dakizuenez, urtez urte, balorazio eta analisi bat egiten da eta bertan jasotzen dira liburutegiaren benetako erabilera islatzen duten datuak. Liburutegiko erabiltzaileek ere galdetegiak betetzen dituzte beraien iritziak partekatzeko. Guretzat erantzun horiek jasotzea garrantzitsua da, aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
“Denborak argi utzi du CBA liburutegia erreferentziazko espazioa bihurtu dela, ez bakarrik Irunen, baizik eta herrialde mailan ere”
Gizartearen beharrak aldatzen doazen heinean, horietara egokitzea ezinbestekoa da, zerbitzu on bat eskaintzen jarraitu ahal izateko. Orain gutxi kabina intsonorizatuak gehitu dira liburutegiaren ekipamendura. Nolako harrera izan dute?
Udalean beti ahalegintzen gara kulturak beharrezkoak dituen baliabideak jartzen. Jada liburutegian ikusi eta erabili daitezke banakako zein taldeko kabinak. Denbora gutxi igaro da bertan instalatu zirenetik eta, egia esan, jendeak oso ondo jaso du egitasmo hau. Komunikabideek ere oso ondo jaso duzue. Orain analisi hori egiten joan behar dugu, benetako balorazioak nolakoak diren ezagutzeko, baina printzipioz bi kabinek oso harrera ona izan dute.
Kultur espazioak beharrezkoa duten ekipamenduekin hornitzeko lan horren erdian, CBA espazioa zabaltzea ahalbidetuko duten lanak amaitzear daude. Horri esker, zerbitzua zabaldu eta hobetu ahal izango da.
Dudarik gabe. Gainera, Next Generation funtsei esker hirian inbertsio ugari egin dira. Esan dizudan bezala, Irunek 10 urte daramatza eraldatzen eta horrelako egitasmoei esker eraldatzen jarraitzen du. Azkenaldian, kultura arloarekin zerikusi zuzena duten hainbat proiekturen berri eman dugu: Oiassoko termak, Irugurutzeta eta, nola ez, CBAren handiagotzea. CBAren bigarren fasea martxan ikusteko gogotsu gaude. Kultura arloan urteak daramatzagu lerro ezberdinetan lan egiten. Proiektu honi esker, espazio fisiko bat bere esku izango du, esaterako, Kontenporanea egitasmoak. Horretaz gain, eszenatoki bat ere izango da, zuzeneko musikaren aldeko apustuan lan egiten jarraitzeko. Orain arte egindako lan guztiarentzako saria izango da. Beraz, bai, gutxi falta da horren emaitza ikusteko.
“CBAren bigarren fasea martxan ikusteko gogotsu gaude”
Apirilean Liburuaren Eguna ospatzen dela aitzakiatzat hartuta, ari al zarete, aurreko urteen moduan, jarduera bereziak prestatzen?
Ziur zerbait berezia egingo dugula. Bakadizu inoiz ez gaudela geldi eta beti ideia berrietan pentsatzen gabiltzala. Jada ohikoa bihurtu den karpa jarriko dugu Zabaltza plazan, hori dagoeneko baieztatu dezakegu. Karpa horren barruan eta inguruan egiten ditugun jarduerei dagokienez, oraindik hainbat ekintza guztiz itxi gabe daude, baina ziurtatu dezakegu oso bereziak izango direla. Hain zuzen ere, kulturarekin zerikusi zuzena duten ekitaldi horiez gain, lehengo urtean Liburuaren Eguna zela eta merkataritzarekin loturik ekintza bat burutu genuen. Denden erakusleihoetan liburuetako esaldi famatuak ipini genituen. Ildo horretatik, lanean jarraitzen dugu, liburuez eta kulturaz gain, hiriarekin eta irundarrekin daukagun konexio hori lantzen jarraitzeko.
Liburuaren Egunaren aitzakiarekin, zer liburu gomendatuko zenuke eta zergatik?
Egia esan behar baldin badizut, irakurlea naiz, baina egia da azkenaldian ez daukadala denbora nahikorik, batez ere, atseginez irakurtzeko. Nik bakoitzak bere plazererako egiten duen zerbait bezala ulertzen dut irakurketa, nahiz eta bakoitzak bere gustuen arabera liburu ezberdin bat aukeratu. Esan dezaket, orain dela urte batetik hona, denbora falta zaidanez, irakurtzen dudan momentuan, gozamenaz harago, irakurketarako helburu bat bilatzen saiatzen naizela. Hau da, denbora hori aprobetxatzeko. Orduan, orain dela gutxi Carlos Gonzálezen “Bésame mucho” liburua bukatu dut, aitatxo eta amatxook erabiltzen ditugun liburu horietako bat dena. Alvaro Bilbaok idatzitako “El cerebro del niño explicado a los padres” lana ere irakurria dut. Bestetik, oraindik bukatzeko daukat “El monje que vendió su Ferrari”, badakit klasiko bat dela, baina oraindik ez dut irakurketa hori bukatu. Euskaraz zerbait aipatu behar baldin badut, txikiarekin irakurtzen ditudan ipuinak aipatuko nituzke. Kasu honetan, Susaeta argitaletxekoak, Elkar dendan bertan erositakoak. Oso aproposak dira horiek haurraren adinaren arabera egokitzen diren ipuinak dituztelako. Orain 2 eta 3 urte arteko aldaketa horretan gaude, etxeko txikiarengan irakurzaletasuna sustatzen.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.



