Gazte Korrika Eusliderren eskutik

23. Korrikarekin batera, martxoaren 14an Gazte Korrika ere antolatu zen Irunen. Euslider proiektuaren barnean, Eguzkitza BHI eskolako ikasleek Gazte Korrikaren antolaketan parte hartu dute. Bertan parte hartu dute Eguzkitza, Txingudi, Toki Alai, Hirubide, San Vicente de Paul, Pio Baroja eta El Pilar ikastetxeetako ikasleek. Behin hitzordu handia igarota, Oier Burguetek eta Aia Bensaadek ekitaldiaren balorazioa egin dute ikaskideen izenean.

Aia Bensaadek azaldu duenez, aurtengo Gazte Korrika polita izan da: “Beste urteetan eskolaren barnean egin izan da, soilik patioari bueltak emanez eta ikasle guztiek parte hartu gabe”. Oier Burguete iritzi berekoa da, “politagoa izan da eskolatik ateratzea eta ikasle guztiekin ekintzak partekatzea. Goizeko 11:00etatik aurrera hiriko kaleetan barrena egin zuten korrika, eskola bakoitzak bere zatia izan zuelarik. Gainera, ikasleek antolaturik plazan hainbat ekintza egin ziren, musika jarriz festa girotzeko. 23. Korrika Irundik abiatu denez, ikasleek nabaritu dute beste urteekin alderatuz, jende gehiago hurbildu dela Korrikaren inguruan antolatutako ekintzetan parte hartzera, baita Gazte Korrikaren kasuan ere.

“Euskara, hizkuntza baino zerbait gehiago dela ikasi dugu, hau da, gure kulturaren zati bat dela eta garrantzi handiagoa eman beharko geniokeela”

Oier Burguete, Eguzkitza BHIko ikaslea

Euslider proiektuan parte hartu duten ikasleak arduratu dira 2024ko Gazte Korrika antolatzeaz. “Proiektuan parte hartzeko aukera eskaini ziguten eta ardurak parte- hartzaileen artean banatu ditugu”, azaldu du Aia Bensaadek. Izan ere, Oier Burguetek gogoratu duenez, parte-hartzea boluntarioa izan da. Guztira, 3 lantalde sortu dituzte zereginak banatzeko: Komunikabideak, apainketak eta ekintzen antolatzaileak. “Egiteko guztiek zailtasun apur bat izan dute, normalean egiten ez ditugun gauzez arduratu behar izan garelako”, azaldu du Oier Burguetek. Dena den, ardura gustuz hartu dute ikasleek, eta Gazte Korrika dotore bat antolatzea lortu dute.

“Gazteen artean ez dugu egunero euskaraz hitz egiteko ohiturarik eta proiektu honek horretarako aukera eman digu, parte hartzeko euskaraz egitea ezinbestekoa zelako”

Aia Bensaad, Eguzkitza BHIko ikaslea

Gazte Korrika antolatzeari esker, Eusliderreko gazteek hainbat gauza ikasi dituzte. Batetik, Aia Bensaadek azaldu du euskaraz hitz egiteko ohituraz hausnartu dutela: “gazteen artean ez dugu egunero euskaraz hitz egiteko ohiturarik eta proiektu honek horretarako aukera eman digu, parte hartzeko euskaraz egitea ezinbestekoa zelako”. Bestetik, Oier Burguetek aipatu duenez, “euskara, hizkuntza baino zerbait gehiago dela ikasi dugu, hau da, gure kulturaren zati bat dela eta garrantzi handiagoa eman beharko geniokeela”.

 

Txingudi Onlinen ikusgai duzu Eguzkitzako ikasleei egindako elkarrizketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude