GazteARTEanek 45 proposamen dakartza 2025eko udarako

Ikasleek oporrak hasi berri dituzten honetan, Irungo Udalak, GazteARTEan Gazteria Zerbitzuaren bidez, aisialdirako jarduerez betetako agenda bat prestatu du, hiriko gazteek ahalik eta etekin handiena ateratzeko udako oporrei. Interesdunek GazteARTEan Zerbitzuaren bidez eman dezakete izena jardueretan. Gehienak doakoak dira, baina badira prezio finkoko batzuk, sarrerak ordaintzeko oro har.

Uztail osoan, 12 eta 25 urte arteko gazteek askotariko jarduerak izango dituzte aukeran, hala nola mendi kanpaldi bat, windsurf eta kayak eskolak, tailerrak eta filmen emanaldiak udako aire zabaleko zinean. Uztailak 2an hasiko dira jarduerak, eta 30ean amaituko dira ‘Uda Fest‘ festarekin.

Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballeroren esanetan, “udan gaude dagoeneko, eta, udarekin batera, badugu gazte irundarrentzako jarduerez betetako programa bat. Hiriko gazte eta nerabeek Gazteria Arloak programatutako jarduerez gozatzea nahi dugu, eta udari eta oporrei ahalik eta zuku handiena ateratzea, merezi dute eta”.

Gaztelekuak: Martindozenea eta Artia

Gaztelekuek askotariko jarduerak eskainiko dituzte: paintball irteera bat Iruñera; kanpaldi bat Erlaitz mendian; wipeout, surf eta bodyboard eskolak; gazpatxo eta mochi tailerrak; etab.

Beti bezala, asteartetik larunbatera bitartean egongo dira zabalik, baina litekeena da ordutegia desberdina izatea programatutako jardueren arabera.

15 eta 18 urte arteko nerabeentzako gunea

Martindozenea gaztelekuko 15 eta 18 urte arteko nerabeentzako guneak Allozko urtegira joan eta windsurfean eta kayakean ibiltzeko irteera bat antolatu du. Era berean, GazteTerraza plana eskainiko du berriro, gazteek udako arratsaldeak emateko leku bat izateko.

Guneak ordutegi luzeagoa egingo du uztailean, eta asteartetik ostiralera ere zabalik egongo da.

Konekta

18 eta 25 urte arteko gazteei eskaintza oparoagoa egin nahian, Konekta zerbitzuak proposamen berezi bat diseinatu du; tartean, uretako moto gaineko paseoak eta lore koadroak sortzeko tailer bat, bruncha barne.

Udako zinea

Aurrekontuak gazteen partaidetzaren bidez egiteko prozesuari esker, aire zabaleko bi film emanaldi izango dira: bat, uztailaren 4an, Alai Txoko parkean, Txikis del Bidasoa elkartearen eskutik, eta beste bat, uztailaren 18an, Sarjia parkean, Bizinema elkartearekin.

Sarjia parkeko emanaldiko filma zehazteko dago. Alai Txoko parkean, berriz, “Zinea parkean familiartean” jardueraren barruan, Robotia film dibertigarria ikusteko aukera izango da, Dibulitoon estudio irundarrarena.

Esperientzia dibertigarriagoa izan dadin, ikusleak robot jantzita joatera animatzen dituzte antolatzaileek. Gainera, emanaldiaren aurretik, filma nola egin zen azalduko du estudioko ordezkari batek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude