Irungo Udalak hurbileko merkataritza indartzeko formula berria asmatu du. Merkatari txikien salmentak laguntzeko kanpaina berria gaur aurkeztu da Pio XII.aren plazan. Egitasmo berriaren aurkezpenean Miguel Ángel Páez Hiri Bultzadako ordezkariak eta auzoko merkatariek parte hartu dute. Oraingoan deskontuak Irun Market plataforman erabili ahalko dira soilik eta udal webgunearen bitartez eskatu beharko dira urriaren 5etik 19ra.
Miguel Ángel Páez hiri bultzadako ordezkariak azaldu duenez, “iritsi da irundarrek tokiko merkatariei laguntzeko kanpaina honetan parte hartzeko garaia. Hiritarrek deskontuak eskaera egin beharko dute eta gero teknologiaren eta kontsumo-ohituren aldaketetara egokitu diren hiriko dendetan erabili ahalko dituzte. “Deskontu horien bidez, herritarrek etxean bertan dugun gertuko merkataritza bikaina ezagutzea nahi dugu, baina online salmentarako plataforma erabilita”, azaldu du Páezek. Horretaz gain, Hiri Bultzadako ordezkariak hiriko merkatariak ere animatu ditu Irun Marketekin bat egitera eta digitalizaziorako bidean urratsak ematen jarraitzera, ordezkariaren hitzetan “joera hori geratzeko etorri baita”. Udal ordezkariak azaldu duenez, “arlo publikotik tokiko merkataritzarako laguntzak, batez ere, Europak sustatutako bi irizpidetan oinarritu behar dira: iraunkortasuna eta digitalizazioa”.
Deskontuak erabiltzeko baldintzak
Irundar bakoitzak 10 euroko 5 bonu izango ditu eskura. Horiek erabili ahal izateko, aldez aurretik eskatu egin behar dira, urriaren 5etik 19ra, Udalaren webguneko egoitza elektronikoan. Eskabideei emailez erantzungo zaie, 5 kode bidalita. Kode horiexek dira gero www.Irun.market online salmentako plataforman aplikatu behar direnak. Erosketa deskontudun horiek egiteko epea azaroaren 10etik abenduaren 15era luzatuko da.
Prozedura aski erraza da: www.irun.market plataforman sartuta, erosketa egin eta kodeak sartu behar dira bonuak erabiltzeko, besterik ez. Kontutan izan beharrekoa da, Irun Market plataforman bonu bat edo gehiago erabiltzeko, erosketa saltoki bakar batean egin beharko dela. Hau da, bonuak hainbat saltokitan erabiltzeko, erosketak bereiz egin beharko dira. Beraz, saski berean zenbait dendatako produktuak badaude, ezingo dira bonuak erosketa horretan erabili.
Era berean deskontuak, gehienez ere, bost erosketatan erabili beharko dira, baina bonu bat baino gehiago (edo guztiak) erosketa bakarrean erabil daitezke. Deskontu bakoitzeko 30 €-ko gastua egin beharko du erosleak.
Kodeak www.irun.market plataformako saski birtuala berresteko unean sartu beharko dira. Deialdi honetan, 2.500 deskontu aktibatuko dira, eta ez dago www.irun.market plataformako saltoki bakoitzean erabiltzeko gehieneko deskontu kopururik. Pertsona bakoitzak 5 kode eska ditzake gehienez ere. Eskainitako deskontu guztiak erabiltzen direnean, sistemak ez du gehiago sartzeko aukerarik emango. Deskontuak abenduaren 15era arte erabil daitezke.
Irungo Udalak gertuko merkataritzaren aldeko apustua berretsi du, eta horretarako kanpaina bat abian jarri du, Irun Market plataforman erostea sustatzeko. Plataforma hori www.irun.market helbidean dago, eta betiko erosketak online egiteko aukera ematen du, erositakoa dendan bertan jasota edo etxera bidalita. Tokiko ekimen hori duela urtebete eskas jarri zen martxan, hiriko saltokien digitalizazioa eta saltoki txikietako kontsumoa sustatzeko.