Euskal errugbi ligak Plaiaundira iritsiko dira asteburu honetan Txingudi Errugbi Klubaren senior taldeen eskutik. Zaisa Txingudik gizonezkoen 2. mailako bigarren jardunaldia jokatuko dute Ekin eraikuntzak Arratiko Zekorrak taldearen aurka. Gizonezkoen partida amaituta, 17:30ak aldera, Biok Txingudik Gaztedi hartuko du Plaiaundiko zelaian.
Ekin eraikuntzak Arratiko Zekorrak arerio oso berezia da Camareroren mutilentzat, 2020ko otsailetik ez baitute garaitzea lortu. Gainera, bi taldeak denboraldi hasiera kaxkarra iraulitzea saiatuko dira ziur; mugakoek Iruñean nabarmen galdu zuten La Unica Bren aurka, 69 eta 10, eta Igorreko taldeak etxean galdu zuen Zarautz B/Beltzaken aurka.
Gizonezkoen partidaren ostean, 17:30ak aldera, Biok Txingudik Gaztediren aurka jokatuko du Plaiaundiko zelaian. Asier Gonzálezen jokalariek sentsazio onekin hasi zuten liga Elorrio/Urgozoren aurka gutxigatik galdutako partidaren ondoren. Hala ere, ez da partida xamurra izango txuri-beltzentzat, aurkaria egun Euskadiko Txapeldun den taldea baita. Arabarrek Plaiaundira egin zuten azkenengo bisitan Euskal ligako finala Durangoren aurka jokatu eta irabazteko izan zen.
Emaitzak edozein badira ere, aparteko giroa ziurtatuta egongo da Plaiaundin.
18 eta 14 urtez azpikoak ere lehian
Txingudi/Bera Berak Iruñeara bidaiatuko du La Unicaren aurka jokatzeko larunbatean 12:00etatik aurrera. Bidasoarrak eta donostiarrak osatutako taldea 6. postuan daude Euskal ligako A multzoan pasa den astean 7 eta 33 galdu ondoren. Iruindarrak, aldiz, txapelketako lehenengo partida irabazi zuten eta ez dizkiete gauzak erraz jarriko bisitariei.
14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako zazpiko rugby txapelketako jardunaldi berria jokatuko du Hernaniko Landare zelaian. Bertan, etxeko taldea, Atletico San Sebastian, Mutriku, Eibar eta Arrasateko taldeen aurka arituko dira.
Errugbia ere Igande Sasoian
Emakumeentzako kirol eskaintza sustatzeko Parean elkarteak, Irungo udalaren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatutako Igande Sasoi jardunaldia ospatuko da igandean, urriaren 8an, eta Txingudi Errugbi kluba bertan izango da. Goiz osoan zehar, Colón pasealekuan errugbi zelai txiki bat sortuko da eta Biok Txingudi taldeko jokalariek baloi obalaren kirola sustatzeko ekintzak burutzen arituko dira.