Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak eta Luis Mariano Elkarte Lirikoko ordezkariek Irungo udaletxean aurkeztu dute gaur 20. denboraldia ixteko eskainiko duten ikuskizuna. Otello Irunera itzuliko da, lau ekitaldiko opera batekin. Amaia KZn eskainiko da Shakespeareren obran inspiratutako G. Verdiren Otello opera. Bi emanaldi eskainiko dira, azaroaren 11n eta 12an, iluntzeko 19:00etan.
Musika Giuseppe Verdirena da, eta libretoa Arrigo Boito italiarrarena, Shakespeareren Veneziako mairuan oinarrituta. Otello Verdiren azkenaurreko opera izan zen, eta Milango La Scala antzokian estreinatu zen 1887ko otsailaren 5ean.
Luis Mariano elkarte lirikoak bederatzi artistak osatutako talde baten bidez eskainiko du opera. Eszenako zuzendaritza Alfonso De Filippisen esku egongo da, eta Luis Mariano orkestrak erronka musikal handi bati aurre egin beharko dio, Aldo Salvagno maisuaren batutapean. Beste behin ere, produkzioa Associazione Amici per la Musica de Cuneo (Italia) elkartearekin batera prestatu dute. François Ithurbidek zuzendutako Luis Mariano abesbatzarekin batera arituko da Donostia Opera Abesbatza, Jagoba Fadriquek zuzenduta.
Obraren deskribapena
Obrak Otello mairu jeloskorraren istorioa kontatzen du. Desdemona emazte errugabea hiltzera iritsiko da, Jagoren jukutria makiavelikoen erruz. Otello da pertsonaia nagusia. Verdiren tenor dramatikorik ilun eta tristeena. Karakterizazio musikalaren adibiderik onenetakoa da, konpositorearen katalogo zabalaren barruan.
Jago pertsonaia manipulatzailea da, opera etengabe suspensean mantentzen duena eta istorioa aurrera eramaten laguntzen duena. Solo luzerik ez badu ere, rol hau aukera paregabea da edozein baritonorentzat agertoki gainean distira egiteko.
Desdemona Otelloren jelosia zentzugabearen biktima da. Musikaren alorrean nahiko apala da, dramatikoki otzana eta errugabea delako – Verdik musikaren bidez pertsonaien izaera eraikitzeko zuen maisutasunaren beste adibide bat.
Verdik eta Boitok pertsonaia bakoitza jainkoari deika jartzen dute eszena handi batean. Jagok «gaizkia» irudikatzen du, eta Desdemonak «ongia», Otello «biktima» da, ongia suntsitzeko gaizkitik sortzen den pertsonaia.
Antzezleak
Otello, komandante mairua, Eduardo Sandoval
Desdemona, Otelloren emaztea, Michelle Nixon
Jago, Otelloren alfereza, Marzio Giossi
Cassio, Otelloren kapitaina, Alain Damas
Roderigo, noble veneziarra, Iker Casares
Emilia, Jagoren emaztea, Leticia Vergara
Lodovico, Veneziako enbaxadorea, Mikel Zabala
Montano, Otelloren aurrekoa, Jose Manuel Díaz
Heraldoa, Dario Maya
Sarrerak
Sarrerak salgai daude dagoeneko Sarreren salmentarako udal webgunean eta Irungo Colón pasealekuko Turismo Bulegoan. Prezioak ohikoak izango dira: 25 euro bazkideentzat, 32 euro bazkide ez direnentzat eta 10 euro 25 urtetik beherakoentzat.
Zinemako opera
Programatuko emanaldien aurrekari gisa, hurrengo «Zinemako opera» azaroaren 7an izango da, asteartearekin, 18:00etan, Otelloren bertsio batekin. Beti bezala Amaia KZko hitzaldi aretoan egingo da eta sarrera doakoa izango da. Paquito Sagüés arduratuko da aurkezpenaz.



