Guraize urdinak

Ilustrazioan bidea egiten ari da Lorena Martinez irundarra, bere estilo bereziarekin

Harkaitz Cano idazlearekin lan egin du ilustratzaileak, Zer demontre dago aulkien azpian liburuan

 

Ez ohiko ilustratzailea da Lorena Martinez Oronoz (Irun, 1973). Arrazoi ezberdinengatik. Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen, eta lorategien diseinatzaile izan zen, ilustratzaile baino lehenago. Kolorea eta marrazketa gehiago gustatzen zitzaizkiola konturatu zenean, ordea, ilustrazioaren munduan murgildu zen, pixkanaka. Juan Kruz Igerabide idazlearekin egin zuen lehen lana.

Ondoren, bere estilo propioa bilatuz eta garatuz joan da. “Ez dago Lorenaren moduko marrazkilaririk, gure artean. Oso berezia da”, baieztatu du Harkaitz Cano idazleak (Lasarte Oria, 1975), joan den azaroaren 29an Irungo Brontë liburu-dendan, Zer demontre dago aulkien azpian liburuaren aurkezpenean. Canok eta Martinezek elkarlanean egin zuten liburua, eta 2016an argitaratu, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Guraizez moztutako kartulina ebakinekin lan egiten du, gaur egun, Lorena Martinezek. Azaldu du guraize urdin batzuk direla bere erreminta bakarra. “Urdinak behar dute izan”, zehaztu du, ironiaz, Harkaitz Canok. Jada existitzen ez den Donostiako Arteleku kultur gunean ezagutu zuten elkar, Galtzagorri elkarteak antolatu zuen ikastaro batean.

Hamar ilustratzailez inguratuta egon zen Cano, Artelekun. Altxamendu txiki baten lekuko izan zela gogoratu du: “Normalean, ilustratzaileek enkarguak jasotzen dituzte. Baina ikastaro hartan, kontrako norabidean lan egiteko aldarria egin zuten”. Zer demontre dago aulkien azpian libururako, Lorena Martinezek modu demokratikoan lan egitea proposatu zion. Batzuetan, Martinezen ilustrazioei testua jarri zien Canok. Beste batzuetan, kontrakoa izan zen prozesua.

“Elkarrekiko aurreikuspenak hautsi ditugu”

Harkaitz Cano, idazlea

Harkaitz Canok baieztatu du oso zaila iruditu zitzaiola irudi bakoitzeko istorio bakarra hautatzea, Martinezen irudiak oso abstraktuak direlako, eta aukera asko zabaltzen dituztelako. Kontrako norabidean ere, ezusteko handiak hartu zituen Canok: “Elkarrekiko aurreikuspenak hautsi ditugula esango nuke. Lorenak ez zuen inoiz marrazten nik buruan nuena, eta alderantziz. Jolas hori oso ederra da”.

Helduentzako ilustrazioa?

Testu eta irudi guztiak prest eduki zituztenean, bizpahiru bilera egin behar izan zituzten, denak ordenatzeko. “Mahai gainean jarri genituen, eta eztabaidatzen hasi ginen, koloreak zirela, testuen luzera zela etab.”, azaldu du Lorena Martinezek. Zer demontre dago aulkien azpian ez da jarraipen kronologikoa duen istorio bat, baina barne logikak ditu. Eta jende askok pentsa dezakeenaren kontra, ez da haurrentzako liburua. Haurrentzakoa soilik ez, bederen. “Iruditzen zait aurreratu egin garela”, aitortu du Harkaitz Canok: “Helduak-ilustrazioak binomioak beldurra ematen du oraindik”. Edonola ere, ez da presaka irakurtzeko moduko liburua. Gogoeta egitera eta imajinazioa garatzera gonbidatzen du irakurlea.

“Uste dut aurrerantzean horrela lan egingo dudala”

Lorena Martinez, ilustratzailea

Esperientziaren balorazio positiboa egin dute idazleak eta ilustratzaileak. “Liberazioa izan da”, baieztatu du Martinezek: “Uste dut aurrerantzean horrela lan egingo dudala. Bide bat ireki zait”. Ilustrazioan bere bidea egiten jarraitu du, behintzat, Lorena Martinezek. Aurten, Zortzi kolore liburua argitaratu du, Denonartean argitaletxearekin. Oso testu gutxi du, hitz bat edo bi, ilustrazio bakoitzeko. Koloreak, zortzi besterik ez. Kolore basikoak, Martinezen gogokoenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude