Disko berria kaleratzeko prozesua martxan jarri du Eneritz Dueso musikariak datorren udaberrira begira. Bitarte horretan, joan den urtean argitaratutako Zaldi Zuria Maskara singel-eko bi abestiekin lanean ibilbi da eta Zaldi Zuria bideoklipa atera berri du. Esperientzia lagun, autoekoizpenaren ideiari eusten dio oraindik Eneritz Furyak proiektuak.
Zer adierazi nahi izan duzu zaldi zuriaren irudiaren bitartez?
Berez, singelaren izena Zaldi Zuria Maskara zen eta elkarrekin doazen bi kantuz osaturik dago. Zaldi zuria unikornio baten antzera irudikatzen dut nik, baina, amodio platonikoarekin edo obsesioekin lotu dezakegu, ironiaz osatutako kantua baita. Maskara kantuarekin, aldiz, aurretik aipatutako ideak ezabatu, maskara aurpegitik kendu eta modu naturalean bitzitzea eskatzen duten sentimenduak adierazi nahi izan ditut. Maskararen bideoklipa nahiko esperimentala izan zen. Zaldi Zuria, berriz, mamu baten bitartez irudikatu dut bideoklipean.
Noiz argitaratu nahiko zenuke zure hurrengo diskoa?
Hurrengo diskoa kaleratzeko orduan ez dut uste ohiko prozedura jarraituko dudanik. Hau da, abeslariek normalean kantu bat edo bi kantuz osatutako single-a ateratzen dute, ondoren, horiek diskoan txertatzeko. Nire hurrengo diskoan, aldiz, ez dira aurretik aipatutako bi kantuak sartuko. Hurrengo diskoa prestatzeko lanean hasi naiz eta zentzu batean bi kantu horiekin lotura izango duen arren, soinua aldatzen ahalegindu naiz. Abesti berrietan ukitu akustikoa baztertu eta giro-sinuetara hurbiltzea saiatu naiz. Udaberria igaro baino lehen disko berria eskuetan edukiko dudala prentsatu nahi dut.
Barkalari moduan erosoago sentitzen zara musikan?
Bai, egia esan bai. Alde batetik, hasierako garaiekin alderatuta orain erosoago nago bakarlari moduan. Kantuak konposatzen hasi nintzenean beldur handia nion eszenatokira bakarrik igotzeari eta, horregatik, Kasernarat taldea sortu nuen lagun batzuekin. Bakarka hasi nintzenetik esperientzia gehiago daukat zentzu horretan, baina, musika beste modu batean uler-tzeko aukera eman dit.
Abestiak sortzeaz gainera, nola moldatzen zara zu bakarrik gainontzeko zereginetan?
Tarte batean bakarrik aritzeko ideiari eutsiko diodala uste dut eta, taldea sortuko banu, ez dut uste Eneritz Furyak proiektuaren barnean izango zenik. Hasieran baliabide faltak bultzatu ninduen DIY filosofia jarraitzera, baina, orain nire lan egiteko moduan bihurtu da. Lan egiteko modu honek, askatasunaz gainera, jende berria ezagutzeko aukera eman dit.
Zeintzuk dira musikan dauzkazun erreferenteak?
Hamaika esan nitzake, baina, musikalki oso urruti gauden arren, Labasu rapera asko miresten dut. Lagun handia da niretzat eta bere lan egiteko era asko gustatzen zait. Musikalki, berriz, Mukuru kolektiboko Peru Galbete, Hatxe, Paxkal Irigoyen, Kaskezur eta bezalakoak miresten ditut benetako musika egiten dutela uste baitut, merkatuko eskaerak jarraitu gabe.
Aurrerantzean euskarazko musika sortzen jarraituko duzula uste duzu?
Aho biko labana izan daiteke euskarazko musikarekin lan egitea. Izan ere, lekuaren arabera aurreiritzi batzuk sortu daitezkeelako zurekiko. Gainera, belarriaren kontua garrantzitsua iruditzen zait, adibidez, ingelesezko musikara ohituago egon gaitezkeelako. Beste aldetik, jendea asko harritzen da aurreiritziak baztertzea lortzen duenean. Beti bezala, ezberdina izateak bere alde ona eta txarra ditu. Euskaraz kantatzea nire hautua izan da naturala zaidalako, besterik gabe.
Hitzordu garrantzitsurik duzu datozen aste edo hilabeteetan zehar?
Abenduaren 6ean Pikara magazinaren 10. urteurrena ospatzeko, beraientzako propio sortutako garagardoaren aurkezpen ekitaldian joko dut. Hortaz gain, urtarrila ondo hasteko asmoa dut eta kontzertu guztiak loturik egon ez arren, Araba eta Lapurdi inguruan ibiliko naizela aurreratu dezaket.
Nola ikusi nahiko zenuke Eneritz Furyak proiektua etorkizunean?
Etorkizun hurbilari begira bizitzea nahiago dut eta udaberrian disko berria kaleratzea lortu nahiko nuke. Hortik aurrera, jotzen eta hazten jarraitzea dira ni helburuak. Etorri beharrekoa lehenago edo beranduago etorriko dela pentsatzen dut.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.