Irungo Udalak jakinarazten du 2025ean ordutegi zabalagoa izango duela Herritarren Arretarako Zerbitzuak (HAZ). 1997ko urtarrilaren 2an ireki zenetik 28 urte eman ditu zerbitzuak herritarrei arretan ematen, eta aurten HAZek ordutegiak berrituko ditu, garai berriei egokitzeko. Horrela, zerbitzua emateko ordutegi berri bat izango dute.
2025eko urtarrilaren 2tik aurrera HAZek ordutegi berria izango du. Ordutegi arrunta, irailaren 9tik ekainaren 19ra bitartekoa izango da: astelehenetik ostegunera 8:00etatik 18:00etara, etenik gabe, ostiraletan 8:00etatik 14:00etara. Gainera, hileko lehen larunbatean zerbitzua emango da, 9:30etatik 13:00etara. Jai eguna bada, hurrengo larunbat lanegunera lekualdatuko da.
Udako ordutegia berriz, ekainaren 20tik irailaren 8ra bitartekoa, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da.
Kontziliazioa errazteko ordutegia
Zerbitzua lehenago irekiko da, 8:00etan, eta astelehenetik ostegunera etenik gabe emango da arreta, eguerdian itxi gabe, langile eta ikasleen ordutegietara egokitzeko. Bestalde, 2016tik larunbatak lege ondorioetarako egun baliodunak izan ez arren, herritarrentzako arreta eskainiko da hilabeteko larunbat batean.
Ordutegi berri hau egungo egoera sozial eta legalera egokitzeko saiakera bat da: kontziliazioa hobetzeko balioko du eta, gainera, zerbitzua ordu gehiagoz egongo da herritarrentzako irekita.
Ildo horretan, Irungo Udaleko Gobernu Irekiaren ordezkari den Sandra Caballerok honako hau azaldu zuen: “Prozesuak digitalizatu badira ere, Irungo Udalak aurrez aurreko arretaren kalitatea hobetzearen alde egiten jarraitzen du. Horregatik, urte berrira sartzean, HAZek jendearentzako ordutegia luzatuko du, herritarren eskaerei erantzuteko, eta eguneko ordu nagusietan etengabeko arreta eskainiko du” .
Sortu zenetik, etengabe hobetzeko ahalegina egiten du HAZek, eta arreta-eskaintza hobetzeko formula berriak bilatzen ditu.