Borja Olazabal Irungo Udaleko Mugikortasuneko ordezkariak prentsaurreko bat eman du gaur Irungo hiri barruko autobusetako batean, eta, bertan, hiri barruko autobusetan portaera egokia izateari buruz kontzientziatzeko “Hurrengo geltokia: errespetua” lemapean egingo den kanpaina aurkeztu du.
Kanpaina horrek Irunbus Auif enpresako langileen eskarietako bati erantzuten dio, eta helburua da zerbitzuaren erabiltzaileak sentsibilizatzea, errespeturik gabeko jokabideak eta gizalegerik gabeko erasoak prebenitzea eta bizikidetza hobetzea hiri-autobusen barruan.
“Errealitatea da azken asteotan arrunta bihurtu dela gidariek erasoak jasatea, ohi baino gehiago gertatu dira eta. Horregatik, San Pedro eta San Martzial jaien atarian, Irungo Udalak eta Irunbus Auifek indarrak batu ditugu autobusetako langileen eta zerbitzuaren erabiltzaileen artean errespetua eta gizalegea sustatzeko kanpaina bat martxan jartzeko”, azaldu du Mugikortasuneko ordezkariak.
Datozen egunetan, berrogeita hamar bat binilo inguru jarriko dira hiri barruko autobusen barruan. Kanpainaren irudia autobus-linea bat da, geraleku nagusia “errespetua” duena.