Sagrario Arrizabalaga, artxibozaina: “Jaien birsorkuntza historikorako dokumentazioa funtsezkoa da”

Irungo Artxiboa da hiriaren historian eta iraganean arakatzeko leku aproposenetakoa. Ia kontaezinak dira bertan bildutako artxibo, dokumentu historiko, argazki eta balio handiko bestelako edukiak. Sagrario Arrizabalaga Marín da, Sagra izenez ezaguna dena, tentu handiz zaintzen dituena, horiek duten balioaren jakitun baita. Irungo artxiboan denbora luzez lan egin izanari esker, ondo ezagutu ahal izan ditu bertan gordetzen diren altxorrak; bereziki, Irungo jaiekin nolabaiteko lotura dutenak.

Sagrario Arrizabalagak azaldu duenez, “asko dira Irungo jaiekin lotutako bitxikeria historikoak; batez ere, zaharrenak eta ezezagunenak”. Izan ere, artxibozainak azaldu duenez, “Irungo jaiak alardeaz haratago doaz”. Sagrak aipatu duenez, hiriko jai nagusiak aspaldidanik ospatzen dira, San Juan Egunean hasita eta San Pedro eta San Martzial egunak batez ere. Hala ere, artxibozainak azpimarratu duenez, ez da ahaztu behar Irungo zaindariaren jaiak ekainean ez, irailean ospatzen direla. “Gogora dezagun San Martzial ez dela Irungo patroia, hiriko zaindaria Junkaleko Ama Birjina baita”, adierazi du Sagrak. Artxibozainak azaldu duenez, denborak aurrera egin ahala, batez ere XIX. mendearen amaieran, hiriko zaindaria bigarren maila batean geratu zen; agian, data horietan ospatzen den Hondarribiko jaiari protagonismo handiagoa ematen zaiolako.

Jaietako programak

Argazkia: 1906. urteko San Martzial jaietako programa. Iturria: Irungo Artxiboa.

“Jaien birsorkuntza historikorako dokumentazioa funtsezkoa da”, adierazi du Sagra Arrizabalagak. Artxibozainak azaldu du pandemia garaian jaien jatorriarekiko interesa areagotu egin zela. “Egoera aprobetxatuz, Irungo Udalak erakusketa bat antolatu zuen Amaia KZn, herritarrak elementu ezezagunetara hurbiltzeko”, azaldu du Sagrario Arrizabalagak. Gurutz Albisuk komisariatutako erakusketan, artxiboan gordetzen diren Irungo jaietako programak eta kartelak erakutsi ziren, ordura arte askorentzat ezezagunak zirenak, udal webgunean kontsultatu daitezkeen arren.

Asko dira Irungo jaiekin lotutako bitxikeria historikoak; batez ere, zaharrenak eta ezezagunenak”

Sagrario Arrizabalagak azaldu duenez, Irungo Artxiboan gordetzen den jaietako programarik zaharrena 1906koa da. “Programa aski aseptikoa da, ia irudirik gabekoa”, azaldu du artxibozainak. Programa ofizialez gain, garaiko prentsak ere eman ohi zuen jaien berri. Esaterako, 1909ko “El eco de Irún” argitalpenean jaiak osatzen dituzten elementu guztien berreraikuntza historikoa egiten da, garai hartan oso ohikoa zena.

1912ko jaien egitarauan berriz, zezenketak aipatzen dira. “Irungo zezen plaza Mendibil inguruan egon zen”, azaldu du Sagrak. Zehazki, 1910eko ekainaren 29an inauguratu zen eta plaza martxan egon zen bitartean, zezenek hiriko festa nagusietan protagonismo handia izan zuten, jaietako programek erakusten dutenez. XX. mendeko egitarauetan aurrera eginez, pixkanaka jaietako programara bestelako ekitaldiak batzen dira, adibidez, kirol txapelketak. “Futbolak oso ibilbide garrantzitsua izan du Irunen eta aspalditik jaietan hainbat kirol txapelketa antolatzen dira”, nabarmendu du Sagrak. Bestalde, kirol eta kultura ekitaldiez gain, alardea bera eta inguruko elementuak jaien ardatz nagusia izatera pasa ziren.

Fototeka

Argazkia: Bidasoa Konpainia San Juan plazara sartzen. Vicente Echeverriak Irungo bandera darama eta, bigarren planoan, Kale Nagusia ikus daiteke (Gerra Zibilaren aurrekoa da). Matias Guillok dohaintzan emandako argazkia. (Iturria: Irungo Artxiboa. Erref.: 61379).

Fototekan berriz, Sagra Arrizabalagak azaldu duenez, oso argazki zaharrak daude, horietako batzuk ia datatzen ezinak. “Fototekaren barruan oso irudi bereziak aurki daitezke”, gaineratu du Sagrak. Artxibozainak azaldu duenez, argazki zaharrenak kontsultatzeko artxiboaren bilatzailean “alardea” eta “argazki zaharra” hitzak idatzi behar dira. Argazkiez gain, Irungo Artxiboan dohaintzan jasotako gauza bitxien artean, Matias Guilló argazkilariak, bere fototeka guztiarekin batera, zenbait argazki kamera zahar oparitu zituen. “Kamera horiek guztiek kantineren eta Irungo jaien milaka argazki aterako zituzten” azaldu du artxibozainak. Kamera horietako baten jabea Foto Cruz izan zen. Irungo Artxiboak bere ekoizpen fotografiko guztia erosi zion argazkilari irundarrari, gaur egungo fototekaren ernamuina dena, 70.000 argazkiz osatua.

“Fototekaren barruan oso irudi bereziak aurki daitezke”

Kartelak

Artxiboan gordetzen den jaietako kartel zaharrena 1961. urtekoa da. “Hala ere, badakigu data horren aurretik ere egin zirela jaietako kartelak”, adierazi du Sagra Arrizabalagak. “Gordetzen diren jaietako kartel zaharrenak tamaina oso handikoak dira”, aipatu du Sagrak. Sagra Arrizabalagak aipatu duenez, orain dela urte gutxi lortu zuten 1961eko kartela: “Gurutz Albisuk salgai aurkitu zuen Amaia KZn egin zen erakusketa antolatzen zebilela eta kartela erostea erabaki zen”. Artxiboko arduradunak azaldu duenez, jaietako kartelen bidez oso ondo ikusi daiteke urteetan zehar gustuak nola aldatzen joan diren. “Adibidez, 70eko hamarkadan argazkiak asko erabiltzen ziren jaietako kartelak egiteko”, aipatu du Arrizabalagak.

Artxiboan kartel bakoitzaren 3 ale gordetzen dira modu iraunkorrean, baten bat erakusketaren baterako eska dezaketela kontuan hartuta. Hala ere, kultura sailetik ale gehiago bidali ohi dizkiete. “Azken boladan modan jarri da kantinerek beren jaiotze urteko jaietako kartelak edo programak eskatzea, euren etxeak, etxeko atariak edo lokalak apaintzeko”, azaldu du artxibozainak. Beraz, kartelak soberan dauden bitartean, Irungo Artxiboak kartelak banatzen jarraitzen du.

Bestelako dokumentuak

Argazki, kartel eta jaietako programez haratago, jaien bilakaera erakusten duten beste dokumentu batzuk ere gordetzen dira. Adibidez, artxiboan jantziak egiteaz arduratzen ziren jostunen kontuak, erositako oihal eta hariak islatzen dituztenak. “Hori dela eta, hasiera batean Irunen ere kantineren jantziak koloretakoak zirela ondorioztatzen da, oraindik Hondarribiko alardean mantentzen den zerbait”, azaldu du Sagrariok. Irunen kasuan, XX. mendearen hasieran galdu zen ohitura hori , zalditeria eta artilleria izan ezik, gainerako kantineren jaka beltza baita.

Artxibozainak adierazi duenez, adibidez, udal aktak funtsezko informazio iturria dira, bertan jasotzen baitira udalaren erabaki guztiak. Kontserbatzen diren lehen udal aktak 1640. urte ingurukoak dira. Sagrario Arrizabalagak azaldu duenez, “1638an frantsesak hirian sartu ziren eta horren ostean aurretik gordetzen ziren akta guztiak desagertu ziren”. Hala ere, artxibozainak adierazi du beste dokumentu serie edo espediente mota batzuetan material zaharragoak kontserbatzen direla, baita XV. mendearen amaierakoak ere.

“Hala ere, badakigu data horren aurretik ere egin zirela jaietako kartelak

Bestetik, abeltzaintzako lehiaketetako deialdiak, oinarriak eta sarituen zerrendak ere gordetzen dira. Lehiaketa horiek urtero antolatzen ziren, aldundiak diruz lagunduta. Horrekin batera, Irungo Artxiboak jaietan egiten ziren kontzertuak eta banda programazioak ere gordetzen ditu, zaharrenak eskuz idatziak. “Udala asko inplikatzen zen jaietako egitaraua osatzen zuten ekintza guztiak antolatzen”, gaineratu du Sagra Arrizabalagak, garai hartan alardearen antolaketa ere finantzatzen baitzuen. Dena den,  “garai hartan ere urtero antolatzen zen jai batzorde bat”. Are gehiago, musika enpresek jaietarako kontzertuak kontratatzeko udaletxera bidaltzen zituzten panfletoak ere gordetzen dira. Horietan artista ospetsuen proposamenak ikus daitezke, hala nola Julio Iglesias, Rocio Durcal, Sara Montiel edo Formula V.

Paperetik haratago

Jantziak aipatuta, Irungo Artxiboan, paperez gain, Artilleriako bi kantinera jantzi ere gordetzen dituzte. Artxibozainak azaldu duenez, “duela urte gutxi Artilleriako bateriak erakusketa bat antolatu zuen Palmera Monteron eta bertan erakutsi ziren jantzietako batzuk eman zizkiguten”. Jantzi horietako bat Lula Returertok egina da, eta oso ondo islatzen du Artilleriako kantineren jantzia nolakoa zen zaldi gainean desfilatu aurretik. “Artilleriako kantinerek gurdi batean eserita desfilatzen zuten”, gaineratu du Sagrak. Garai hartan jantzia beste kantinera batzuena bezalakoa zen, baina kolore urdin eta granatean. Beste jantzia Lourdes Amunarriz 1976ko kantinerak dohaintzan emandakoa da. “Bigarren jantzi hau ia osorik dago, botak eta eskularruak izan ezik”, azaldu du Sagrarioak, nabarmenduz jantzi hori udal ondarearen parte dela.

“Hori dela eta, hasiera batean Irunen ere kantineren jantziak koloretakoak zirela ondorioztatzen da, oraindik Hondarribiko alardean mantentzen den zerbait”

Artxiboan dohaintzan jasotako gauzen artean, 1910ean Irungo zezen plazaren inaugurazioa zela eta egin zen zezenketaren kartela dago. “Tamaina handiko kartela da eta horregatik dugu bertan jarrita, plazako portadan jartzen zen karteletako bat zelako”. Artxibozainak azaldu duenez, horrelako inpresioak egiteko erabiltzen zen paperaren kalitatea, kartelak edo programak bezala, ez zen oso ona, erabilera efimeroa izango zutela uste baitzen. Beraz, kontserbatzeko zailak diren elementuak dira.

Apalen artean, aurreko San Juan Harria ere badago, haizete batek lurrera bota ondoren konpondu zutena. “San Juan Harria zaharberritzean konturatu ziren ez zela zutabea bezala harrizkoa, kaolinezkoa baizik”, azaldu du artxibozainak. Hain zuzen ere, Parisen enkarguz egina izan zen 1850ean, alkatearen eskariz zaharkituta zegoen irudia ordezkatzeko.

“San Juan Harria zaharberritzean konturatu ziren ez zela zutabea bezala harrizkoa, kaolinezkoa baizik”

Irungo Artxiboan gordetzen den materiala behar bezala kontserbatzen dela ziurtatzeko kontserbazio baldintzak asko zaintzen dituzte. Esaterako, funts historikoa armairu gurpildunetan gordetzen da, beharraren arabera apalategiak elkartu edo banatzeko aukera ematen dutenak. Jaietako kartelak berriz, tiradera zabal batean gordetzen dira, horien kontserbazio egokia bermatzeko. Gainera, wifiaren bidez uneoro artxiboaren tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko enpresa bat kontratatuta dute, beti egokia izan dadin. Era berean, hezegailu industrial bat eta klimatizazioa ere baditu, zonaldeka banatutako suteak itzaltzeko sistema batez gain.

Sagra Arrizabalagak artxiboan gordetzen den materiala kontsultatzera animatu ditu irundarrak, bertara hurbilduz edo webgunean eskuragarri dauden gauzetan arakatuz. Horretaz gain, artxibozainak Irungo Artxiboari ekarpenak egiteko aukera dagoela gogoratu du, hau da, argazki zaharrak edo bestelako dokumentuak emateko aukera. “Askotan garrantzitsuena ez da erretratatutako pertsona, atzean ikus daitekeen edo historia berreraikitzen lagun dezakeen zerbait baizik”, adierazi du Sagrak. Hala ere, den-denak ez duela balio adierazi du. Benetan garrantzitsua da orain arte bildutako guztia ez galtzea eta funts historiko hori pixkanaka handitzen jarraitzea, historiaren lekukoa zintzo eta ondo gordetzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude