Iker Karreraren ‘The Room Where It Happens’ emanaldia Amaia KZra iritsiko da larunbatean

Datorren larunbatean, hilak 21, 20:00etan, ‘The Room Where It Happens’ dantza garaikideko ikuskizun koreografikoa iritsiko da Amaia KZra, Iker Karrera Dantza Konpainia ospetsuaren eskutik. Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazten duenez, Sarrerak eskuragarri daude udalaren webgunean, Luis Marianoko Turismo Bulegoan edo Amaia KZko leihatilan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, betiere eserlekuak libre geratzen badira.

‘The room Where It Happens’ ikuskizunak intimitatea publiko egiten duen lurralde bihurtzen du agertokia. Horrela, ikuskizun honek barne-mundua arakatu nahi du, non tristurak habia egiten duen, baina pozak ere sortzen diren.

‘The Room Where It Happens’

“XXI. mendeko ‘horror vacui’ -ak hutsari diogun beldurraz hitz egiten du, gure denbora edukiz husteaz. Lanpetuta egotea ez pentsatzeko erremedio perfektua dela. Arima bustitzen duten distrakzio errutina luze bat errepikatzea, norberarekin bakarrik geratzea saihesteko. Zer gertatzen da norbaitek gelditzea erabakitzen duenean eta bat-batean, aurrez aurre, dena gertatzen den gela itxi horrekin topo egiten duenean? Zer ezkutatzen da hor barruan? Egunen batean, edonon, ezinbestean aurkituko duzu zeure burua, eta hori bakarrik izan daiteke zure ordurik zoriontsuena edo garratzena. Hala zioen Pablo Nerudak”.

Iker Karrera Dantza Konpainia

Artista hau oso gaztetatik hasi zen dantzari gisa garatzen, bere jaioterrian, Hondarribian, jazz eta hip hop klaseetan parte hartuz. Harrezkero, dantzari gisa izan duen bilakaerak agertokiak erreferentziazko abeslari eta dantzariekin partekatzera eraman du.

Horrela, eta koreografo gisa, Ikerrek bere dantza konpainia sortu zuen 2016an. Bereziki nabarmentzekoa da ‘#7fm’ lana. Estatuan eta nazioartean saritu dute, eta Europako hiriburu nagusietan eta New Yorkeko Battery Dance Festival jaialdian bezalako beste askotan antzeztu dute.

Zineman, David Serranok zuzendutako ‘Voy a pasármelo bien’ film musikala koreografiatu du, eta antzerkian, ‘Mamma Mia!’ (koreografia onenaren Antzerki Musikalaren Sariaren irabazlea) eta ‘The Book Of Mormon’ (SOM Produccion-ek ekoitzia eta Madrilgo Teatro Rialton eta Teatro Calderonen estreinatua).

Oscar sariaren irabazleekin ere lan egin du AR. Rahman eta Shekhar Khapur ‘Why? The musical’ musikala 2020ko ExpoDubai-n koreografiatuz. Gainera, bere esperientzia zabaldu du nazioarteko ekitaldi handiak koreografiatuz, hala nola FIFA Club World Cup 2023 Closing Ceremony-an, David Guetta eta Bebe Rexharekin bat Jeddahn, Saudi Arabia.

Gaur egun, Gipuzkoako Dantzaren XVIII. Saria jaso berri du bere ibilbideagatik, eta bitartean, Ikerrek bere eskolako zuzendaritza bere konpainiaren pieza berriak koreografiatu eta zuzentzearekin uztartzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude