Inauteriak dantza pausutan, Eraiki dantza taldearen eskutik

Inauteriak erritu eta ohiturez beteriko garaia dira, urtetik urtera errepikatzen direnak. Irunen egiten diren inauteri ekintzen artean, mozorroak alde batera utzita, dantza dugu protagonista eztabaidaezina. Kalean Bai programara atxikitako Eraiki Dantza Taldea Irungo Inauterien barnean ekintzak antolatzen dituen talde horietako bat da, urtero data berezi hauek musika, kolore eta, nola ez, dantzaz janzteko. Zehazki, bi dira urtero Behobiako dantza taldeak antolatutako ekintzak: Inude eta Artzainen konpartsa eta Puxka Biltzea.

Inudeak eta Artzainak

Inauterien aurreko igande goizean Irun Belle Epoquera itzultzen da ordu batzuez. 1999. urtean antolatu zuen Eraikik desfile hau lehen aldiz. Aurten, otsailaren 23an izango dute Inude eta Artzainek hitzordua Irunen, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Urtero moduan Inude eta Artzainez jantziko dira dantzariak. Horren aurretik, pare bat entsegu egingo dituzte, aurreko asteko larunbatean eta bezperan, errepresentazioan parte hartuko duten pertsonekin. Izan ere, Eraiki dantza taldeko dantzariez gain, taldeko kideak ez diren dantzariek ere parte hartu ohi baitute konpartsan. Horrela, dantzatzen jakin ez arren, konpartsan parte hartzeko aukera ere badago, pertsonaia osagarri gisa: mediku, erizain, postari, saltzaile, irakasle, apaiz, alkate edo garaiko beste edozein lanpostu edo pertsonaia antzeztuz.

Ibilbidea Santiago kalearen amaieran hasi ohi dute, goizean zehar hiriko kaleetan barrena saltoka ibiltzeko. Santiago kalea zeharkatu ostean, eta Eskola kaletik igo ondoren, Eliza kalean sartu eta San Juan plazara iristen dira, bertan geldialdi txiki bat egiteko. Berriro martxan jarri eta Kale Nagusiaren lehen zatia igotzen dute, Foru kalera bira egin eta Colón pasealekua zeharkatzeko. Zabaltza plazan, ohi bezala, geldialdia luzeagoa izango da, Udal Musika Kontserbatorioko Bandaren erritmoari jarraituz Errepresentazioa dantzatzeko. Azkenik, desfilea Luis Mariano kalean amaituko da.

Puxka Biltzea

Inauteri larunbateko goizean, berriz, Eraikiko dantzariek Inauterietako bigarren hitzordua dute. Aurten martxoaren 1ean goizeko 9:00etan abiatuko dira Eraikiko kideak eta lagunak San Martzial menditik Puxka biltzea egiteko. Hain zuzen ere, iaz 40 urte bete ziren Eraikik lehen Puxka Biltzea egin zuenetik. Ohiturari eutsiz, txintxarri eta zinta urdin eta gorriko begiztekin apaindutako jantziekin, udaberria iritsi aurretik lurra iratzarri eta garbitzeko lanari ekingo diote berriro.

Goiz osoan zehar, trikitixa eta pandero erritmoan, Bidasoa eta Behobia auzoetako baserrien ateak joko dituzte, etxeen atarian fandango eta arin-arinak dantzatzen dituzten bitartean erratza pasatuz. Trukean, puska bilduko dute, hau da, arrautzak, txorizoa, txokolatea edo bazkaria osatzeko baserritarrek emandako edozein produktu.

Beraz, Eraiki dantza taldean Inauteriak prestatzeko beroketa ariketak hasi dituzte jada, asko dira-eta egun garrantzitsuak iritsi aurretik lotu eta prestatu beharreko kontuak. Behin prestaketak amaituta, Inauteriez dantzan gozatzeko aukera emango du Eraikik berriro.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude