Natura ibiltarikoak edo nomadak garelakoan nago, edo halakoak garenean bilaka-tzen garela gizakiago, ederrago, ulerkorrago. Aulkian jesarririk gaudenean ere (zergatik ez?) bidaiatuz, haziz. Partekatzen dugunean ibiltzen garela, geure iritzi maiz sinple(egi)ekin konformatu ez eta ideiok bidean ikasitakoekin osatzen ditugunean, besteenekin geureago egiten ditugunean, edota oker gaudenean ere saiatu eta eraikitzen jarraitzen dugunean (jausi gabe ez baitago oinez ikasterik), horretarako, bidea egiteko, gure gorputzen pisua eutsiko duen zorua osoki galipotaz estali eta berdintzeko beharrik izan gabe. Ederra baita eraiki hitza bera, kolore grisez soilik janzten ez denean. Ibiltari eta nomadak omen gaur arte ezagun izan diren zirkuetarik gehienak. Hori dela eta, hamar urtez, tipi-tapa, ibilian arituak zirkuz mozorrotzea ez luke inork ere harrigarritzat joko, ez balitz, hain zuzen ere, mozorrorako hautatutako zirkua maiz izan dela oztopo aurrera jarraitu nahi izan duen oinarentzat eta traba eskaintzeko aunitz duen izanarentzat. Gauzak osoki zuri edo beltz ez izanagatik ere, ukatzen zail da, Irunen (eta ez soilik Irunen), aginte makila esku artean dutenek berek ere mozorrotzea gustuko izan arren (hainbat irudi psikodelikok eragiten duten ilusio optikoaren tankerako zerbait sortzeko, ikuslea liluraturik utziz, izatez mugitzen ez den, baina mugitzen dela diruditen irudiekin bezala), lilura horren azpian gauza askok antzera jarrai-tzen dutela, gutxi batzuei komeni zaielako-edo. Laku mortuan. Antzera jarraitzen dute, batzuetan argi eta zuzenean, besteetan zeharka, aginte makila bat baino gehiagok Lakaxitari eta hura inguratzen duten esanahi guztiei zangotraba eginez, noiz jausiko, noiz etengo ibilaldia, noiz geldiaraziko: hainbestetan ahotan darabiltzaten egonkortasun eta hiritartasun hitzak aitzakia hartuta, hitzon alderdirik geldi eta moztaileenak soilik erabiliz. Hitzok, eder izan daitezkeen arren, kolore grisez soilik janzten ez direnean.
Zorionez, umorerik (eta kolorerik) ez zaio falta hamar kandela itzali berri dituen Lakaxitari, eta zerutik behera datorren euriari jaramonik egin gabe, goitik behera mozorrotu da Circus Municipale delakoaz, zirkuko emakume zein gizon bilakatuz eguneroko ogi ditugun hainbat eta hainbat munstro, eurak bidetik aldentzeko asmotan (direla hipotekak, TTIPa, langabezia, etxe hutsak…). Moskutik (Urdanibia plazatik), Lakaxitarainoko bidea egin du zirkuak eta inguratutako jendeak, ibiltari, kaleak okupatuz, God Save The Pitilins-ek kamioiko mikrofonotik No future, no future for you! oihukatzen duen bitartean. Baina zuretzat bai, Lakaxita. Ahal dela, urte luzez luza dadila bidaia, oztopoak oztopo, zangotraben gainetik salto eginez, aipatu hitzek zein kolore jantzi nahi duten erabakitzeko aukera izan dezaten (grisa barne), behintzat. Ahal dela bai, ita, ita, ita.