Irugurutzetako Labeetako interpretazio-zentroa berriak puntako ikus-entzunezko baliabideak edukiko ditu. Birgaitutako labeak osatuko dituen museo-gune berri hori mineralak gordetzeko antzinako siloan kokatuko da; funtsezko elementua izango da bisitan eta inguruneko meatzaritza- eta industria-historiaren ibilbidean. . Cristina Laborda alkateak Irungo Udalak bultzatutako proiektua gaur aurkeztuko du FITUR 2026 azokan.
Alkateak iragarri du interpretazio-zentroak urteko bigarren hiruhilekoan irekiko dituela ateak, 315.810 euroko inbertsioa izan ostean. Horietatik, erdia baino gehiago, 200.000 euro inguru, Europar Batasuneko NextGeneration EU bidez finantzatu dira, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) bitartez.
5 erakusketa eremu
Egun eraikitzen ari den zentro horrek bost erakusketa-eremu izango ditu. Hala, bisitariek aukera edukiko dute lurraldearen, teknikaren eta giza memoriaren arteko lotura ikusteko, pixkanaka-pixkanaka. Horrekin batera, mota askotako baliabideak izango dituzte eskuragarri: fisikoak, grafikoak, bai eta digitalak ere. Horrekin guztiarekin, istorio koherente eta esanguratsua osatu ahalko dute.
Bisita ikus-entzunezko sistema batekin hasiko da: horrek harrera egingo du eta gunearen atari gisa jardungo du, bisitariek ingurunearen testuingurua ezagut dezaten sartzen diren unetik.
Elementurik berritzaileenetarikoa, ordea, lehenengo gelan egongo da: proiekzio-horma interaktiboa, hain zuzen, zeinak harria “larruazal digital” bihurtuko baitu, ukimenarekin eta jendearen presentziarekin erreakzionatuko duena. Gailu berritzaile hori meatzaritzan zentratuko da, eta geologiari, ustiapenari eta memoria industrialari buruzko edukia erakutsiko du. Hala, argiaren, soinuaren eta animazioen bidez, eremuaren historia “modu poetiko eta murgiltzailean” kontatuko du, proposamen teknikoaren hitzetan.
Hurrengo gunea mahai interaktibo baten inguruan ardazten da, eta aukera emango du mineralak eraldatzeko lanak, tresnak eta prozesuak modu aktiboan miatzeko. Modu horretan, Irugurutzeta osatu zuten pertsonen eguneroko lana ezagutu ahalko dugu, modu erabat intuitibo eta parte-hartzailean, bideo eta irudi interaktiboen bitartez.
Ibilbidearekin jarraituz, hirugarren guneak formatu handiko ikus-entzunezko baliabide bat erabiliko du eremuaren bilakaera historikoa islatzeko, gorakada industrialetik ondare-gunea bihurtu arte. Horrela, historiaren laburpen bat eskainiko du, iragana eta orainaldia batzen duen esperientzia baten bidez.
Memoriaren Artxiboak emango dio amaiera bisitari. Gune hori txikiagoa izango da, eta inguruneko komunitatearen dokumentuak, argazkiak eta ahotsak bilduko ditu, memoria kolektiboa kontsultatu, entzun eta gorde ahal izateko. Izan ere, modu horretan esperientzia bisita fisikotik haratago joango da, eta pertsonen eta beren ondarearen arteko lotura indartuko da.
Irisgarritasuna ardatz
Irisgarritasuna izango da bisita osoaren ardatz; horrexegatik beragatik eraikiko da igogailu bat, ondare-gunearen goiko aldera iristea ahalbidetuko duena. Baliabideak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egongo dira, halaber, eta baliabide teknologikoek kontsumo txikia izango dute, ondare-eremua errespetatzearren.
Alkateak Madrilgo FITUR 2026 azokan aurkeztuko du proiektu hau (interpretazio-zentroa zein labeen birgaitzea), gaur, urtarrilaren 22an, hiriaren apustu turistiko eta kultural berri gisa, jada daukan eskaintza osatzeko.



