Irun eta Hondarribiko alkateek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera gutuna bidali dute eskualdeko pediatria eredu berria berria berrikustea eskatuz. Pediatriako larrialdien itxierak eskualdeko biztanleen artean sortutako haserrea eta egonezinaren aurrean, alkateek beren “kezka sakon eta legitimoa” adierazi dute. Gutun honen bitartez bi udaletako osoko bilkuretan onetsitakoa eta larunbateko manifestazio jendetsuan herritarrek eskatukoa azpimarratu dute.
Bi alkateek bat egin dute Alberto Martinez sailburuak atzo publiko egindako prentsa-oharrean esandakoarekin; izan ere, aitortu zuen eskualdean zerbitzuak indartu egin behar direla. Alde horretatik, bi alkateek adierazi dute bat datozela ekipamendu eta azpiegitura berrien proposamenarekin, baina azpimarratu dute ezin dela alde batera utzi eskualdeko familientzat oinarrizkoak eta beharrezkoak diren zerbitzu batzuk ematea. Horren harira, Labordak eta Enparanek uste dute sailburuak benetan entzun badu bi udalerrietatik egindako eskaera argia, aurrerapausoak eman beharko lituzkeela bide horretan.
Bi udal-ordezkariek gogorarazi dute bi udaletako osoko bilkurek, herritarren ordezkaritza organo gorenak diren aldetik, mozio bana onetsi zutela joan den astean, kendutako pediatria-zerbitzuak berrirekitzea eta haur eta gazte psikiatriako espezialista-dotazioa indartzea eskatzeko. Jarrera instituzional horrez gain, asteburuan herritarrek ere mobilizazioa egin zuten: milaka lagun atera ziren kalera kalitatezko osasun-arreta publikoaren alde, bereziki haurrei dagokiena.
“Ezinegon soziala ukaezina da”, adierazi dute Irungo eta Hondarribiko alkate diren Cristina Labordak eta Igor Enparanek, eta ondoeza konpartitzen dutela esan eta berretsi egin dute irmoki defendatzen dutela Bidasoko herritarren benetako beharrei erantzungo dion osasun-sistema publikoa hobetzea.
Eztabaida irekirako eskaria
Udalek azpimarratu dute garrantzitsua dela gai horiei urgentziaz heltzea elkarrizketarako espazio batean. Horregatik, eskatu dute Bidasoko ESIko Gizarte Kontseiluaren hurrengo bileran, ekainerako aurreikusia, plantea dadila duela gutxi hartutako neurriekin atzera egitea eta eztabaida eraikitzaile bat irekitzea organo horretan ordezkatuta dauden eragile instituzional, sanitario eta sozialekin.
“Ezinbestekoa da adostasunetik eta akordiorako borondatearekin lan egitea, hain sentibera den haurtzaroa bezalako kolektibo bati bereziki eragiten dion egoera bat konpontzeko”, diote udal-arduradunek.
Horregatik guztiagatik, Osasun sailburuari erantzukizun instituzionala eskatzen diote, sortutako ondoeza artatzeko borondatea erakutsi duen aldetik, eta esplizituki eskatzen diote Bidasoan aplikatutako neurriak berriz aztertzeko. “Elkarrizketaren bidetik aurrera egiteko prest jarraitzen dugu, baina beharrezkoa da egungo eredua zuzentzeko borondate argia egotea”, ondorioztatu dute.



