
Irun’go Atsegiña elkarteak maiatzaren 24an, larunbat honetan, buruhandi berrien aurkezpen ofiziala egingo du. Aurkezpenaren data mantendu arren, elkarteak buruhandien aurkezpena egin ahal izateko eszenatokia aldatu behar izan du agenda arazoak medio. Azkenean, konpartsaren desfilea Almudena Grandes plazatxotik abiatuko da eta aurkezpen ekitaldia Jukaleko plazatxoan egingo da.
Hasiera aurreikusitako bi guneak aldatu behar izan dira egun berean hirigunean ospatuko diren beste kirol eta kultura ekitaldi batzuekin ordutegi eta espazioak koordinatzeko beharraren ondorioz. Horregatik, buruhandien aurkezpena egiteko programako bi une nagusi lekuz aldatuko dira.
Kokapen eta ordutegi berriak
Eguna goizeko 11:00etan hasiko da Almudena Grandes plazatxoan, eta handik abiatuko da konpartsa, buruhandi zaharrekin batera. Irudi horiek azken aldiz aterako dira kalera, erdiguneko kaleetatik ibiliko dira, eta ibilbide sinbolikoarekin agur esango diote belaunaldi berriei lekua uzteko.
Ondoren, 11:30ean, Junkaleko plazatxoan, eguneko ekitaldi nagusia egingo da. Bertan, buruhandi zaharrei agur ofiziala egingo zaie, eta jarraian, buruhandi berriei harrera egingo zaie. Herritarren aurrean lehen aldiz aurkeztuko dira, eta belaunaldien arteko erreleboaren testuinguruan, une hunkigarria eta esanguratsua izango da.
Musika Bandaren konpainian
Ekitaldi honetan, “Irun Hiria” Musika Banda ere izango da protagonista. Banda Junkaleko plazatxoan batuko zaio konpartsari, eta handik aurrera ibilbide osoan lagunduko du. Banda honen parte-hartzeak bereziki balio sinbolikoa du aurten, izan ere, “Irungo Erraldoia 2025” saria jaso du eta buruhandi berrien amabitxi ofizial izendatua izan da, elkartearekin izan duen lankidetza estua eta Irunen bizitza kulturalean egindako ekarpenagatik.
Gainerako egitaraua bere horretan mantenduko da. Elkarteak irundar guztiak gonbidatzen ditu jai berezi honetan parte hartzera, non Irungo jai-tradizioa ilusioz eta begirunez berritzen den.



