Irunek Donejakue Bideko mugarri ofiziala izango du Iparraldeko bidearen hasieran

Irunen Donejakue bideko mugarri ofizial bat instalatuko da, Bidearen sinbolo unibertsala, Iparraldeko bidearen hasieran; hain zuzen ere. Mugarria Avenida zubitik gertuen dagoen lorategian jarriko da, Santiagoko mugaren ondoan. Pieza granitozkoa da, tona erdi pisatzen du, eta “842 km” dio, Irunen eta Santiago de Compostelako katedralaren arteko distantzia.

Hiritik abiatu eta Santiago de Compostelaraino iristen da Iparraldeko bidea. Urtero milaka erromesek han hasten baitute Santiago de Compostelarainoko bidea. Aurrealdean, Bidearen bi sinbolo nagusiak izango ditu, gezi horia eta bieira maskorra, bide ofizialerantz orientatuta. Horrela, erromesek mugarri berri bat izango dute, eta Irun Iparraldeko bidearen abiapuntua dela irudikatuko da.

Aurten, otsailetik irailera, 7.644 lagun izan dira Irungo aterpetxean, Irun-Bidasoko Donejakue Elkartearen datuen arabera: batez beste, egunean 32, % 4,8 gutxiago aurreko ekitaldian baino.

Iparraldeko bidearen abiapuntua

Mugarri berria “Donejakue bidearen sinboloak munduan” nazioarteko programaren barruan instalatuko da. Leku berezietan mugarriak jartzeko eta Bidearen proiekzio kultural eta turistikoa handitzeko ekimen bat da programa. Pieza bakoitza Galiziakoen berdin-berdina da: mendeetan milioika erromesi lagun egin dien abegikortasun, ahalegin eta bizikidetza espiritua sinbolizatzen du, eta hainbat herrialdetako hirien arteko lotura da.

Irunen, errekonozimenduak balio berezia du, Iparraldeko bidearen abiapuntua baita hiria: hemen hasten da natura, ondarea eta kultura konbinatzen dituen ibilbide historiko hori. Bada, mugarriaren instalazioak hiriaren eta Donejakue bidearen arteko harremana adierazten du, eta, gainera, Irunen erakargarritasun turistikoa handitzen du, eta Bidea osatzen duten udalerrien sarean betetzen duen eginkizuna finkatzen.

Irungo alkate Cristina Labordaren esanetan, “ekimen honen bidez, Udalak kultur sustapenarekiko eta turismo jasangarriarekiko konpromisoa azpimarratu nahi du, baita milaka urteko ondare bat kontserbatu eta ezagutarazteko apustua ere. Azken batean, jende askok hemen ematen du Santiago de Compostelara iristeko lehenengo pausoa, gure hirian”.

Labordak nabarmendu duenez, bisitarien etengabeko joan-etorriak “bultzada aipagarria ematen dio bertako ekonomiari, ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuak dinamizatzen baititu eta Irun hiri abegitsu eta irekia dela eta kultur ondarearekin konprometituta dagoela proiektatzen baitu”.

Donejakue bidearen lagunen elkarteen topaketa

Asteburu honetan, hilaren 10etik 12ra arte, Donejakue bidearen lagunen elkarteen urteroko topaketa egingo da Irunen, eta 120 ordezkari baino gehiago bilduko dira. Topaketa ostiralean inauguratuko da, 18:00etan, Ficoban. Larunbatean, hitzaldi, tailer eta bisitak izango dira, eta, igande goizean, bukaerako ekitaldian, momenturik sinbolikoenak biziko dira.

Zehazki, igandean, pordoia, abegikortasunaren eta Donejakue bideen arteko loturaren sinboloa, Güemeseko Donejakue Bidearen Lagunen Elkartearen esku geratuko da, lurraldeen arteko senidetasuna eta urteroko topaketa antolatzeko erreleboa islatzen duen ekitaldi baten barruan. Era berean, Irungo Udaltzaingoa ohorezko aterpezain izendatua izango da, Irundik Santiago de Compostelara abiatzen diren erromesei ematen dien laguntzaren esker onez.

Irungo alkateak asteburuko ekitaldi nagusietan parte hartuko du: inaugurazioan eta igandeko errekonozimendu ekitaldian. Horrela, Udalak Donejakue bidearekiko konpromisoa berretsiko du, hiria bera eta hiriko bizikidetza sustatzeko eragile garrantzitsu bat den aldetik, historia, kultura eta abegia konbinatzen dituena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude