Irungo alkatea Madrilgo “Red Innpulso” sarearen urteko bilkuran izan da

Cristina Laborda Irungo alkatea “Red Innpulso” Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien Sarearen urteko lehenengo ohiko osoko bilkuran izan da gaur. Madrilen izan da bilkura, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren egoitzan. Hitzorduan Diana Morant izan da, Espainiar Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen ministroa.

Irungo Udala  iaz, 2024ko apirilean, sartu zen “Red Innpulso” sarean, “Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria” saria jaso ondoren. Sari hori Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak eman zion.

Alkateak adierazi du aurten ere harrotasunez parte hartu dutela bilkuran. “Irungo Udalak urteak daramatza hirian berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko apustu argia egiten”. Cristina Labordak adierazi duenez, “gure politiken ardatzetako bat da, eta, beraz, hiri gisa bide onean gaudela baieztatzera hona etorrita, motibazio handia da norabide horretan lanean jarraitzeko”.

“Red Innpulso” sarearen helburua da jasangarritasun ekonomikoa eta ezagutzaren eta berrikuntzaren hazkundea bultzatzen duten proiektuak eta ekimenak gauzatzen dituzten hiri liderren balioa azpimarratzea.

Irun, Zientziaren eta Berrikuntzaren hiria 2023-25

Une honetan, Irungo Udala ondo doa 2023-25 aldirako garapen-planean aurreikusitako betetze-mailan. Izan ere, aipagarria da Udala 2026-28 aldirako hautagaitza berritzeko prozesuaren hasieran dagoela.

Azken urteotan, Irungo Udalak, Bidasoa Bizirikekin eta hiriko beste eragile batzuekin lankidetzan, hainbat ekintza egin ditu hiriak berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin duen konpromisoa indartzeko. Baiezta daiteke aurkeztutako hautagaitzan aurreikusita zegoen moduan garatzen ari direla bai ehun ekonomikoari eta erakundeei zuzendutako proiektuak bai herritarrei zuzendutakoak.

Halaber, “Red Innpulso” Sarean garrantzi handia ematen zaio jasangarritasunari, eta esan daiteke urrats sendoak egiten ari direla ildo horretan, Mugikortasun Jasangarriko II. Plana onetsi baita eta Helmuga Turistiko Adimenduna ere formulatu baita, gai horretan garrantzitsuenak diren bi aipatzearren.

Izan ere, Eustaten (Euskal Estatistika Erakundea) arabera, Irungo enpresek, guztira, 42,2 milioi euroko gastua egin dute berrikuntzan 2017ra arte. Aipatzekoa da 2008tik hona joera positiboa izan duela eskualdeko ezagutza trinkoko zerbitzuetako enpresa-kopuruak; izan ere, azken hamarkadan, % 9,8ko igoera izan du, eta 119 enpresa gehiago daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude