Irungo auzoek indarrak batu dituzte martxoaren 21ean Korrika Eguna ospatzeko

Irungo auzo elkarteek egitarau zabal eta bateratua prestatu dute 24. Korrikari babesa emateko. “Euskara gara” lelopean, hiriko auzo ezberdinetan jai giroa eta aldarrikapena uztartuko dituen Irungo Korrika Eguna ospatuko dute martxoaren 21ean, larunbata.

Ekimena 24. Korrikaren testuinguru orokorrean kokatzen da, martxoaren 19tik 29ra bitartean Atharratzetik Bilborako bidea egingo duen lasterketa erraldoiarekin bat eginez. Irunen kasuan, auzo elkarte guztien babesa jaso du egitasmoak, kartelak erakusten duen bezala, hiriko gizarte ehunaren inplikazio handia agerian utziz.

Auzoz auzoko ibilbideak eta hitzorduak

Ekimena hiriko hainbat gunetan banatuko da, auzo bakoitzak bere hitzordua eta ibilbidea proposatuz. Hiru zutabeek San Juan plaza izango dute helmuga, bertan, 13:45ean, eguneko ekitaldi nagusiari hasiera emango baitzaio. Honako hauek dira goizean zehar antolatu diren gune nagusiak:

  • Lehen zutabea: Kateako auzo elkartean eta Belaskoeneko eskolan 11:00etan elkartuko dira. Oinaurrekoak, berriz, 12:00etan batuko dira. Elitxu-Lapitze, Larreaundi-Olaberria eta Alde Zaharra zeharkatu ostean iritsiko dira San Juan plazara.
  • Bigarren zutabea: Urdanibia Berri izango du abiapuntu, 10:30ean Eihera plazan elkartuta. Anaka-Puianan 10:00etan elkartuko dira Aristegi enbaxadorearen plazan. San Miguel, Anzaran eta Pinudikoek Alberto Anguera plaza izango dute topaleku 10:30ean. Azkenik, erdialdeko bizilagunak 12:30ean elkartuko dira Aldapeta plazako auzo elkartean.
  • Hirugarren zutabea: Artia eta Behobiako bizilagunek osatuko dute, 11:00etan Artiako auzo elkartea dagoen Pio Baroja kalean elkartuz. Dunboa eta Santiagoko bizilagunak, berriz, 11:00etan elkartuko dira Santiagoko frontoian.

Auzoen arteko lankidetza

Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, AEK-ko Maddi Sanzek azaldu duenez, Korrika Egunaren lehenengo zati hau guztien artean ondu dute. Aurreko edizioan ekintzak erdigunean zentratu ziren arren, aurten auzoak saretzea eta presentzia handiagoa ematea erabaki dute.

Mikel Valerok, Larreaundi-Olaberriako auzo elkarteko ordezkariak, nabarmendu du Irungo auzo elkarte guztiek bat egin dutela egitasmoarekin. Azaldu duenez, hamar bat auzotan zutabeak abiatu aurretik Korrikarekin loturiko ekintzak egongo dira. Valerok mundu guztia gonbidatu du parte hartzera, komunitate euskaldun eta inklusiboa indartzeko asmoz: “Mundu guztia gonbidatzen dugu Korrika Egunera batzera, euskalduna izan edo ez, eta bertakoa izan edo ez”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude