Irungo erdigunea emakumezkoen kirol eskaintza zabalaren erakusketari bihurtuko da igandean

Gaur goizean Zabaltza plazan aurkeztu dute Kirola Par(t)ekatuz Igande Sasoi ekimenaren hirugarren edizioa. Aurkezpenean izan dira Borja Olazabal Kiroletako ordezkaria, Parean Elkarteko ordezkakaria eta ekimenean parte hartuko duten klubetako ordezkariak. Bertan, herriko klub ugarik hartuko dute parte, eta euren eskaintza erakutsiko diote bertaratzen den orori kirola egin eta probatzeko, bai umeei, bai helduei.

Hitzordua igande honetan izango da, maiatzaren 18an, 10:30etik 13:30era bitartean, Colón pasealekuan. Bertaratzen direnek askotariko kirolak probatu ahalko dituzte: eskubaloia, atletismoa, gimnasia artistikoa, saskibaloia, arrauna, squasha, boleibola, errugbia, xakea, zaldian ibiltzea…

Guztira, 15 klubek parte hartuko dute hirugarren edizioan: Bidasoa KE, Mariño Real Unión, Dunboa Eguzki Futbol Taldea, Aia gimnasia artistikoa, Santiagotarrak, Txingudi Rugby taldea, Erroibide, Bidasoa Atletiko Taldea, Mayumi Volley Taldea, Xake Bidasoa, Women running club I-run 50/50, Lur alai Squash taldea, Leka Enea mahai-tenisa, Jaizubia Hipika eta Miren Gómez dantza-estudioa.

Urtero bezala, egitarau berezia prestatu dute egunerako: 10.30ean hasiko dira ekimenak, Women running club I-run 50/50 elkarteak Zabaltza plazatik atera eta bertan amaituko den 5 kilometroko korrikaldia egiteko hitzordua antolatu du. Parte hartu nahi duen emakume orok parte hartu ahal izango du.

11:00etan, gimnasia artistikoko Aia taldeak erakustaldia eskainiko du, eta eskola-saio bat eskainiko du. 11:45ean, adinekoentzako gimnasiako eskola-saio bat egongo da, Kirol Orientazioko Zerbitzuaren eskutik, eta 12:30ean, Miren Gómezek ballet fit erakustaldia eskainiko du, mundu guztiari irekia.

Gainera, aurten, ginkana bat  jokatuko da. Parte-hartzaileei kartila bana banatuko zaie, eta, kirolak probatu ahala, zigiluak lortzen joango dira. 13:00etan, herriko kirol-taldeek eskainitako materiala zozkatuko da parte-hartzaileen artean (sinatutako baloiak, kamisetak, motxilak, piraguatarako bonu bikoitzak…).

Borja Olazabal Ordezkariak nabarmendu duenez, emakumeen kirolari bultzada ematea funtsezkoa iruditzen zaie Udalean beti aldarrikatzen dugun berdintasunaren sustapen horretan. “Jakitun gara hau luzerako kontua dela, bide luzekoa, baina ziur gaude, halaber, horrelako ekintza edo jardunaldiek harri koskorra eskaintzen dutela”, gaineratu du Kirol ordezkariak.

Irungo emakumeentzako gidaliburua

Emakumeen presentzia kirol-munduan txikiagoa da gizonena baino, bai kopuru aldetik bai agerikotasun aldetik. Horregatik, egoera iraultzen saiatzeko eta, bide batez, emakumeak kirol-munduan agerrarazteko, Parean Elkarteak gidaliburu bat argitaratu du, Irungo kirol-taldeen emakumeentzako eskaintza biltzen duena.

Igandero

Oraingoan, programaren aurreko edizioetan bezala, Colón ibilbidearen erdialdean (Iparralde eta Gipuzkoa hiribideen arteko tartean) eta Zabaltza plazan, oinezkoak eta txirrindulariak bakarrik ibili ahalko dira.

Era berean, Igande Sasoian ohikoa denez, zirkulazioa etengo da Colón ibilbidean, Gipuzkoa hiribidean eta inguruko kaleetan. Gainera, aldaketak egingo dira hiri barruko autobusen lineetan ere igande goiz horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude