Irungo kale izendegia berritu eta eguneratu da

Gaur emandako prentsaurreko batean, Irungo Udaleko Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek, Udaleko Lurralde Informazioko Unitateko buru Jonathan Gragirenarekin batera, hiriko kale izendegiaren bertsio berrian egindako hobekuntzak aurkeztu ditu. Helbide honetan eskuratu daiteke zerbitzua.

Badira hogei urte baino gehiago Udalaren webgunea  zerbitzu hori eskaintzen hasi zela, eta, bitarte horretan, hainbat bertsio eta eguneratze izan ditu. “Kale izendegiaz ez da asko hitz egiten, baina oso baliotsu eta garrantzitsua da ogibide jakin batzuetarako, hala nola garraiolari eta mezularientzat, horrelako zerbitzuen laguntza oso ondo etorri ohi baitzaie lanerako, eta, tresna hau herritarrentzat zer garrantzitsua den jakinik, zaindu egiten dugu”, nabarmendu du Páezek.

2018an, Udalak kale izendegiaren bertsio eguneratu bat aurkeztu zuen, baina, behin pandemia igarota, datu geoerreferentziatuek eta informazio geografikoko sistemek garrantzi handia hartu dute Udalaren kudeaketan eta erabakietan.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri eta entitate publiko batzuek (Bilboko Udalak, Arabako Kalkulu Guneak, Gipuzkoako Informatika Zerbitzuen Foru Sozietateak eta Irungo Udalak eta, aurrerago, Barakaldoko Udalak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak) lantalde bat sortzea erabaki zuten, datu geografikoak bistaratzeko tresna bat garatzeko elkarlanean, Geobat izenekoa.

Esan bezala, Irungo Udalak hasieratik parte hartu du lantalde horretan, nola ez, datuak estandarizatzen laguntzeko, baita baliabide publikoak interes orokorrerako optimizatzeko ere, eta, urteekin, tresna eguneratzen eta hobetzen joan da.

Zerbitzua gailu mugikorren (smartphone eta tableten) bitartez erabilia izateko egokituta dago, eta oinarrizko mapak, kartografia sinplifikatua eta ortoargazki historikoak (lurraldearen aireko argazki historikoak) eskaintzen ditu.

Sarrerak

2024an, guztira, erabiltzaileak 7.100 aldiz sartu dira kale izendegian; batez beste, 45 aldiz egunean. Nagusiki, gaztelaniaz sartu dira: euskaraz sartu den erabiltzaile bakoitzeko hogei hizkuntza horretan sartu dira. Bilaketen % 97 Espainiatik egin dira, eta gainontzeko % 1a, Frantziatik eta, neurri txikiagoan, AEBetatik, Argentinatik, Alemaniatik eta Poloniatik. Batez ere, helbideak (kaleak eta kaleetako zenbakiak) eta guardiako farmaziak bilatzeko sartu dira.

Azken hobekuntzak

Helbideen bilatzailea hobetu da, askoz ere arin eta eraginkorragoa den beste bat sortuta, eta, gainera, orain, baserriak (toponimia) eta hiriko intereseko tokiak bilatzeko aukera dago.

Era berean, guardiako farmaziei buruzko informazioa garatu da: Udalak, jakinik zer-nola eta zertarako baliatzen duten herritarrek zerbitzua, atal berezi bat sortu du, erabiltzaileek gaueko eta eguneko guardiako farmaziak zein diren eta non dauden kontsultatu ahal izateko.

Gainera, tresna askoz ere aurreratuagoa denez aurrekoa baino, profil transbertsalak sortzeko, toki bakoitzaren kota ikusteko eta pantaila zatitu eta mapak konparatzeko aukera ematen du.

Bada beste funtzionalitate aipagarri bat: kokaleku bat koordenatuen bidez bilatzea; alegia, latitudea eta longitudea jakinik, leku bat non dagoen ikus daiteke, Irungo udal barrutian badago betiere.

Distantzia eta azalera neurtzeko tresnak aurreko bertsioak zituenak dira, eta orain ere bada datuak inprimatzeko aukera.

Pixkana-pixkana, Udala interes orokorreko informazio geoerreferentziatua argitaratzen joango da, herritarren eskura jartzeko, eta, bisorearen goiko aldean ezkerretan, eskuragarri dauden datuen zerrenda bat izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude