Irungo Udalak Irun 2040 Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesua hasi du. Epe luzerako ekimen honek XXI. mendeko Irunen oinarriak finkatuko ditu. Estrategia horren bidez, datozen urteetarako lan ildoak identifikatuko dira, sortzen diren erronkei aurre egiteko, sortzen diren aukerak aprobetxatzeko eta datozen hamarkadetan hiria definituko duten behar eta proiektuak antolatzeko.
Egun, Irungo biztanleria etengabe hazten ari da, Udala proiektu berriak zehazten ari den bitartean, eta ondorioz, hiria hedatzen ari da. Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, “biztanle gehiago ez ezik, zerbitzu publikoen, azpiegituren eta etxebizitzen eskari handiagoa eta mugikortasun eta jasangarritasun behar handiagoak izango ditugu, eta, egoera berri hau kudeatzeko, ezinbestekoa da estrategia argi bat izatea, ikusteko norantz goazen, zer pauso eman behar ditugun eta zer bide orri izango dugun etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.
Aurretik hiriak beste pan estrategiko batzuk izan ditu, hala nola, Bidasoa 93, aduanak itxi ondoren, eta Irun 2020, 2008ko krisialdi betean, eta Irun eraldatzeko mugarri garrantzitsuak finkatu zituztena. Laborda alkateak adierazi duenez, “orain, beste pauso bat emateko garaia da; hiria zer-nolakoa izango den proiektatzeaz gain denek batera etorkizunerako zer-nolako hiria nahi dugun zehazteko garaia”.
Plan estrategiko berriak Udalaren lehentasunak markatuko ditu, eta haren erabakiak bideratu, 2040. urtera begira. Azken urteetan, Irunek lan handia egin du 2030 Agendaren esparruan, bere politikak garapen jasangarrirako helburuetara egokitzen eta Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarean aktiboki parte hartzen, eta, konpromiso horren barruan, jasangarritasun energetiko eta klimatikorako ekintza planak sustatu ditu (Energia Jasangarrirako eta Klimarako Ekintza Plana), neurri zehatzak ezartzeko, eta, aldi berean, hausnarketa egin du (Bidasoa Bizirik-en Plan Estrategiko Integrala, VíaIrun, etab.), trenbideen lurrak zirenen inguruan hiri barruti sortzaile bat eratzeko besteak beste.
Hurrengo urratsak
Lehenengo pausoa enpresa espezializatu bat kontratatzea izango da, datozen hilabeteetan hiriaren diagnostiko xehe bat egin dezan, helburu estrategikoak zehaztu ditzan eta jardun eremuak proposa ditzan. Aldi berean, herritarrek parte hartzeko plan bat jarriko da martxan (foroak, herritarrekiko topaketak eta mekanismo digitalak), haien ekarpenak funtsezkoak izango baitira dokumentu berria prestatzeko. Batzorde bat, talde politiko guztiek eta teknikariek osatua, arduratuko da lan horren jarraipenaz eta koordinazioaz.
Ardatz nagusiak mugikortasun jasangarria, hiriaren eraldaketa, gizartearen kohesioa, berrikuntza ekonomikoa, etxebizitza, trantsizio energetikoa eta kultura izango dira, eta, hasierako planteamenduaren arabera, politika koordinatuak egin, baliabide egokiak jarri eta konpromiso sendoak hartuko dira, ikuspuntu integral batetik.
Prozesua zehatza eta plurala izatea ziurtatzeko, bertako entitateekin, espezialista eta unibertsitateekin eta gizarte eragileekin elkarlanean egingo da diagnostikoa. Azken batean, Plana tresna eraginkorra izatea da asmoa; helburu neurgarriak eta epeak finkatzea eta etengabeko jarraipena egitea, betiere genero ikuspegia kontuan izanda.
Partaidetza-plana
Bestalde, Planaren arabera, prozesuaren osagai nagusietako bat partaidetza plana izango da. Herritarrek, elkarteek, enpresek, gazte taldeek, adinekoen elkarteek eta kolektibo zaurgarriek ekarpenak egin ahalko dituzte, eta proposamenak eztabaidatu, datozen hamarkadetan hiriaren eta gizartearen garapenerako eta garapen ekonomikorako gidalerroak finkatuko dituen dokumentua elkarrekin osatzeko.
Labordaren esanetan, “laburbilduz, Irun 2040 Plan Estrategikoa gobernu proiektua ez ezik hiri proiektua ere izan dadin nahi dugu. Gure ardura da Irun hiri aurreratu eta kohesionatua eta XXI. mendeko erronka nagusiei modu jasangarrian aurre egiteko prestatua izateko beharrezkoak diren pausoak zehaztea. Lehentasunak finkatzeko, zer nahi dugun proiektatzeko eta nahi duguna lortze aldera elkarrekin lan egiteko garaia da”.
“Erabaki bakoitza garrantzitsua izatea nahi dugu, inbertsio bakoitzak etorkizun komun horretarantz aurrera egiteko balio izatea, eta, Plan Estrategikoari esker, Irunek erronkei aurrea hartu ahalko die, baliabideak zinez inporta dionerako bideratu, eta herritarrei bizitzen eta lan egiten jarraitzeko hiri hobea eskaini”, ondorioztatu du Cristina Labordak.