Itziar Sistiagak bere hirugarren eleberria aurkeztu berri du “Maldito Gorri” titulupean. Idazle irundarrak enkarguz idatzitako lehen liburua da eta Agustín Garabideren biografia nobelatu kontatzen da bertan. Sistiagak orrialde berri horien atze- an ezkutatzen diren istorioen aurrerapen txikia egin du.
Nobela berezia argitaratu berri duzu, izan ere, ideia enkarguz iritsi zitzaizun, ezta?
Bai, Agustín Garabide nirekin kontaktuan jarri zen eta joan den urteko abenduan liburua idazteko eskaria egin zidan. Bere dokumentuak bidali zizkidan eta bere bizi- tzaren abentura partekatzeko zuen ilusioa kutsatu zidan. Kontatzen dizkidaten istorio guztiak entzuteko ohitura dut eta asko gustatu zaidan esaldi bat esan zidan: “istorio honi arima ateratzea nahiko nuke”. Nirekin konektatu zuen eta igerilekura salto egitea erabaki nuen.
Erraza izan da istorioa Agustín Garabideren ikuspuntutik kontatzea?
Eromena izan da. Agustínen bizitza Goierriko gazte baten bizitza da, oso gaztea dela Ormaiztegitik atera eta nautika ikasketak egin ostean, telegrafista gisa merkataritza-nabigazioan sartzen dena. Horrek, munduan zehar bidaiatzea dakar, portu bakoitzean ezagututako emakumeekin eta aurreratuko ez ditudan beste zenbait abenturekin. Gainera, pertsona saiatua da, beraz, nabigazioa uzten duenean, beste proiektuetan murgiltzen da. Konplexua izan arren, berarekin izandako harreman hurbilak lana asko erraztu dit, batez ere, dokumentazio lana.
Zergatik erabaki zuen istorio honek liburu batean kontatua izateko garrantzia zuela?
Joan den urteko abenduan nire hirugarren nobela amaituta nuen eta 2020an proiektu horrekin hastea aurreikusita nuen. Hala ere, nire intuizioak esandakoari arreta handia eskaintzen diot eta istorio honi lekua egin behar niola ikusi nuen. Arriskatzeko erabakia hartu ez banu, aurrerantzean zalantza horrekin bizi beharko nintzateke.
Konfinamenduan zehar idatzitako lana izan da. Emaitzan eragina izan du horrek?
Istorioan kontzentratzeko denbora gehiago izan dut, idazkera tailer asko bertan behera gelditu ziren eta. Hortaz, liburua idazteko denbora gehiago izan nuen eta otsaila eta apirileko hilabeteen artean idatzi nuen.
Urte ezohiko honetan, liburua modu ezberdinean aurkeztu duzu. Nolakoa izan da liburua sare-sozialen bitartez aurkeztea?
Espero baino hobeto joan da dena. Liburua aurkeztu eta urte honetan ere gauza onak gertatzen ari direla ospatu behar nuela argi nuen. Aurkezpena YouTube eta Instagram bidez egitea erabaki nuen, plataforma horietan jarraitzaile asko dauzkadala aprobetxatuz. Oso dibertigarria eta oso hunkigarria izan da. Ez nuen uste aurrez aurreko aurkezpenetan bizitako sentsazioak telematikoki sentitzeko aukerarik izango nuenik. Mundu osoko 130 pertsona baino gehiago elkartu ginen bertan.
Zein portzentajean nahasten dira fikzioa eta errealitatea eleberri honetan?
Errealitatea %90a eta fikzioa %10a direla esango nuke. Fikzioa bilbe ezberdinak lortzeko erabili dut. Hala eta guztiz, jendeak liburua irakurri duenez, Agustín, irakurleak eta ni neu elkartzeko topaketa bat antolatzea gustatuko litzaidake, protagonistak berak errealitatea eta fikzioa zer diren azaltzeko aukera izan dezan.
Denetarik nahasten da istorio honetan? Amodioa, laguntasuna, abenturak, …
Bai, emaitza sekulako istorioa izan da, bi arratsaldeetan irakurtzeko modukoa. Hortaz gain, nire ukitua eman diot eta gogoetara bultzatzen duten zenbait puntu dauzka.
Itsasoa edo baserriak bezalako pasaia ezberdinetatik mugitu zara eleberrian zehar?
Bai, izan ere, Agustinek nahiko argi zeukan bere herriko inguruneaz hitz egin nahi zuela. Nobelan Ataundik Japonia, Angola edo Brasilera joan gaitezke. Paperezko edizioa sei mapekin osatu dut, gizon honen bizitzaren bidaia ulertzea errazagoa izan dadin.
Non eskuratu daiteke “Maldito Gorri”?
Irunen Tinta Comics, Elkar eta Kiosko 33 liburu-dendetan egongo da eta Donostian Hontzan. Beti ere, nire webgunetik eskuratzeko aukera egongo da eta maitasun askorekin sinatuta bidaliko dut.
Zer lortu nahiko zenuke protagonista, idazle eta irakurleen arteko topaketa horretan?
Batez ere, irakurleei Agustin zein den deskubritzeko aukera eman nahi diet, nobelan gezurra eta erreala dena ikusteko aukera emateaz gainera.
Orain dela gutxi Irungo Liburu Azokan parte hartu zenuen, ezta?
Bai, hemen inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzea gogoko dut eta udalak Oskarbiko idazleoi azokan parte hartzeko gonbidapena luzatzea asko gustatu zait. Momentuko egoera kenduta, Irunen inoiz antolatu den liburu azoka onena izan dela esango nuke eta etorkizunean maila bera mantentzea nahiko nuke.
Hortaz gain, sormenezko idazkera tailerrak ematen jarraitzen duzu?
Bai, Irungo liburutegian 8 urte inguru daramatzat eta Hondarribian bigarren urtea hasiko dut. Gainera, webgunean nik emandako beste tailer eta ikastaroak ematen ditut.
Behin liburua publikatuta, hurrengo proiektuetan pentsatzen hasi zara?
2021 urterako asmoa liburu hau publikatzeko bidean utzitako istorio hori berreskuratzea izango da. Etorkizunean istorioak sortzen eta partekatzen jarraitzeko asmoa dut, gakoa bakoitzaren borondatea baitago, ez momentuko baldintzetan. Izan ere, urte honek erakutsi digu, momentuko zailtasunen gainetik, jende askok aurrera jarraitzeko bidea topatu duela.