Calzanor fabrikatik irteten dira sanmartzialetan Irungo kaleetan ikus daitezkeen alpargatetako asko
Ilara handiak sortu ohi dira Irungo Calzanor lantegiaren atarian, sanmartzialetako egun nagusien aurretik. Urtean zehar produkzio anitza eta esportaziora bideratua egiten baldin badute ere, ekainerako zinta beltz edo gorridun alpargata zuriak prestatzen dituzte, irundarren beharrak asetzeko. Juncal Aguirre arduradunak denborarekin hurbiltzeko gomendatu du, azken egunetako ilarak jasan behar ez izateko. 
1989an sortu zen Calzanor, alpargata klasikoak egiten zituen aurreko enpresa batek ateak itxi ondoren. Juncal Aguirreren senarrak lan egiten zuen fabrika hartan. “Nagusia frantsesa zen. Halako batean lantegia itxi eta desagertu egin zen”, azaldu du. Orduan, enpresako zenbait langile elkartu ziren, kooperatiba bat martxan jartzen saiatzeko asmoz. Proiektua ez zen aurrera atera, eta senar-emazteen artean hartu zuten enpresa. Alpargata klasikoa egiten hasi ziren. Sanmartzialetako alpargatak, tartean.
Hasieran, festetako alpargatak “lagunei” eta “senideei” saltzen zizkietela adierazi du Aguirrek. Ez zuten inolako propagandarik egiten, baina pixkanaka, ahoz-ahokoari esker, gero eta bezero gehiago pilatuz joan ziren sanmartzialetan. “Azkenean, denda jarri behar izan genuen fabrikaren atarian”, argitu du Calzanorreko arduradunak. Azken urteotan, jende mordoa hurbiltzen da ekainaren amaieran, alpargatak erostera. Gehienak azken bizpahiru egunetan joaten direla onartu du Juncal Aguirrek: “Orduan egoten da benetako saltsa hemen. San Pedro egunean ere bezero asko hurbiltzen dira. Kanpoan bizi den jendea izaten da, San Pedro eta San Martzial egunak pasatzera etortzen dena”.
“Arrakasta ikaragarria izan dute alpargata takoidunek”
Juncal Aguirre, Calzanorreko arduraduna
Alpargata klasikoak dira sanmartzialetakoak, baina aldaera txikiak ere barneratu dituzte. Alardeetako soldaduentzako alpargata takoidunak, esaterako. “Duela zenbait urte atera genituen, eta arrakasta ikaragarria izan dute”, aitortu du Aguirrek. Emakumezkoek, azken aldian, alpargata gorri asko erosten dituztela gaineratu du. Kantinerentzako, alpargata pertsonalizatuak egiten dituzte: “Soineko eta guzti etortzen dira, entseguetarako alpargatak eskatzera”. Jende gehiena urtero joaten dela baieztatu du Juncal Aguirrek, eta askotan, urte bakoitzeko bi pare erosten dituela, euria egingo balu, ordezkoa edukitzeko.
Bezerorik onena, Japonia
Sanmartzialetako alpargatez gainera, oso bestelako produkzioa dute Calzanorren, urtean zehar. Diseinuzko alpargatak egiten dituzte, batez ere, esportatzeko. “Txinako inportazioak heltzen hasi zirenean, alpargata klasikoa alde batera utzi behar izan genuen. Kalitate okerragoa zuten Txinako alpargatek, baina askoz merkeagoak ziren. Ezin genuen haiekin lehiatu”, argudiatu du Aguirrek. Horregatik heldu zioten diseinuari. Alpargata bereziak egiten hasi ziren, material, forma eta kolore ezberdinekin.
Gaur egun, produkzioaren %80 esportatu egiten dute. Europako herrialdeetara, Amerikara, baina batez ere, Japoniara. “Bezero onenak dira”, aitortu du Juncal Aguirrek. Espainiako Estatuari dagokionez, El Corte Inglés enpresa da bezero nagusia. 150.000 pare egiten dituzte, batez beste, urte bakoitzeko. Kopuru handia da, kontuan hartuta, oinetakoen industrian tradiziorik ez duen inguru batean dagoela Calzanor. “Errioxan edo Alacanten badaude fabrikak, baina hemen ez”, azaldu du Aguirrek. Horregatik, orain arteko martxari eustea lorpena dela baieztatu du. Momentuz, alpargatak topatzeko arazorik ez da izango sanmartzialetan.