Jaizubia Zaldiketa Eskolak eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak hitzarmena sinatu dute. Akordio honen bidez, pottoka arraza hipikako diziplina ezberdinetan sartzeko konpromisoa izenpetu dute. Elkarlanaren berri emateko prentsaurrean agertu ziren atzo Itziar Urtizberea Jaizubia Zaldiketa Eskolako Presidenta, Aitor Iraeta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko Presidentea, Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria, Iñaki Labaka GFAko Nekazaritza eta Lurralde Orekako Zuzendaria eta Xabier Berrotaran JZEko Zuzendari Teknikoa. Akordioa berez 5 urterako sinatu dute, baina bi aldeek nahi izanez gero, luzatzeko aukera dago.
Itziar Urtizbereak azaldu zuenez, historian zehar zaldien erabilera aldatzen joan da. “Pottoka erabilerarik gabe geratzen ari zen animalia zen”, aipatu du Jaizubia Zaldiketa Eskolako lehendakariak. Horregatik, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearekin akordio batera iritsi dira. Horrela, klubaren barnean pottokei lekua egingo zaie: eskolak emateko erabiliko dira, jauzi lehiaketetarako eta mendi irteerak egiteko. Bi elkarteek izenpetutako akordioaren bitartez, elkarlan horretarako nahia islatu dute.
Urtean 4 pottoka jasoko ditu Jaizubia Zaldiketa Eskolak beren erabilerarako. Itziar Urtizbereak adierazi duenez, “gure haurrekin batera lanean jarriko ditugu eta noraino iritsi daitezkeen ikusiko dugu”. Gipuzkoako Pottokazaleen elkartetik Aitor Iraetak nabarmendu du, Jaizubia Zaldiketa Eskolak zubi lana egin behar du. “Pottoka hazleen eta kirol munduaren arteko zubi lana egin behar du”, erantsi du elkarteko presidenteak.
Gaur egun, 7 pottoka dituzte Jaizubia Zaldiketa Eskolan. Aurrerantzean beren kirola pottokekin egiten saiatuko dira klubean. “Haurrak 6-7 urterekin hasten dira pottoketan ibiltzen eta 12 edo 13 urte bete arte erabiltzen dituzte”, azaldu du Urtizbereak. Jaizubia Zaldiketa Eskolako lehendakariak aipatu duenez, pottokak lehiaketetara eraman dituzte jada eta podiumen bat egin dute. “Datorren astean ditugun jauzi lehiaketara ere eramango ditugu”, adierazi du. Pottokak erabili aurretik, ponnyak erabiltzen genituen.
Iñaki Labakak GFAko Nekazaritza eta Lurralde Orekako Zuzendariak azaldu duenez, akordioaren sinadura dela eta, poztasunaren eguna da. “Ia desagertzear zegoen espezie bat mantentzeaz gain, jauzi kualitatibo bat egitea lortu da”, azaldu du Labakak. Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak adierazi duenez akordio honen gauzatzearengatik eskerrak eman ditu, “bi elkarteen arteko akordioa lortzea erraza ez delako”.



