Jostallu elkarteak 75. urteurrena ospatuko du bazkide eta lagunen konpainian

2025. urtea zifra berezia da Irungo Jostallu elkartearentzat.  Elkarteak titaniozko urteurrena izango du: aurten 75 urte bete dira elkartea eratu zenetik. Urteurren berezia dela eta, elkarteak maila bereko ospakizunak antolatu ditu, ohikoan den moduan elkartea bazkide eta lagunentzako topaleku izan dadin.

Ángel Ramajo Jostallu elkarteko lehendakariak azaldu duenez, 1950. urtean taberna batean elkartzeko ohitura zuen lagun talde baten ekimenez sortu zen elkartea. “Arraunaren munduan apur bat sartuak zeudenez, arraun elkarte gisa eratu ziren”, gaineratu du lehendakariak. Antonio Estévez, Jostallu elkarteko diruzainak azpimarratu duenez, “garai hartan kirol elkarte gisa erregistratzea zen ohikoena, baimenak lortzea errazagoa baitzen horrela”.

Elkartearen sorreratik, ordea, gauza asko aldatu dira, Jostallu elkartearen kokapena tarteko. Jostallu elkarteak Santa Elena kaleko 12. zenbakian izan zuen bere lehen egoitza, 1964. urtera arte. Antonio Estévezek azaldu duenez, “gerora egun Vega de Eguzkitza kaleko 6. zenbakian ikaztegi bat izandako lokala erosi eta bazkideen artean elkarte gastronomiko bihurtzeko egokitu zuten”. Elkarteko diruzainak gaineratu duenez, urte batzuk geroago instalakuntzak zabaltzeko asmoz, beste lokal zati bat eta barne patio bat erosi ziren eta gaur egun bulegoa, biltegia eta beste zerbitzu batzuk dituzte bertan.

“Ekintzez beteriko egun oso bat prestatzen ari gara urteurrena ospatzeko”

Ángel Ramajo, Jostallu elkarteko lehendakaria

Beste gauza batzuk, ordea, berdin mantentzen dira oraindik. Soilik gizonek osatutako elkarte honek 75 urteren ostean sasoi onean jarraitzen du. Horren erakusle da egun bazkide berrientzako lekurik ez dutela, plaza guztiak, 80 bazkideak, beteta baitaude. Ángel Ramajo lehendakariak adierazi duenez, “ondorioz beti itxaron zerrendan jendea dugu, baina tokiak libratu arte ezin dugu bazkide berririk onartu”.

Ospakizunerako urtea

75. urteurrenak ondo merezitako ospakizuna behar du eta hala egingo dute Jostallu elkartean. Antolatutako ekintzen artean lehena otsailaren 20an, asteartean izango da. Mus txapelketa “azkarra” egingo dute elkarteko egoitzan arratsaldeko 19:00etan. Txapelketarako izen-emateak doakoak izango dira eta elkartean bertan egin beharko dira, iragarki taulan jarriko den zerrenda betez. Txapelketako sariak ere elkartean bertan egongo diraikusgai.

Urteurrenaren ospakizun egun handia otsailaren 22an, igandean, izango da. Ángel Ramajok aurreratu duenez, “ekintzez beteriko egun oso bat prestatzen ari gara urteurrena ospatzeko”. Goizeko 9:30etik aurrera Jostalluko dultzaineroak alde zaharreko kaleetan zehar arituko dira giroa alaitzen. 10:30ean elkarteko ateak parez pare ireki eta elkarteko bazkide, senide eta lagunak gonbidatuko dituzte, salda eta pintxoak eskaini bitartean elkartea ezagutu dezaten. Eguerdiko 12:00etan Banderaren igoera egingo da Jostallu txarangarekin. 13:00etan berriz, Jostallu txarangak eta Irungo Atsegiñako erraldoiak Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira.

Elkarte gastronomiko bat izanda, ezin zen bazkaririk gabeko ospakizunik antolatu. Horren aurretik, 14:00etan Betiko Ametsa abesbatzak elkartearen sarreran hainbat abesti abestuko ditu. 14:15ean berriz, Jostalluko txalapartarien eskutik agintariei, gonbidatuei, bazkideei eta Urrezko Mantalei deia egingo zaie, jarraian haien omenezko Agurra dantzatuko baita Meaka Dantza Taldearen eskutik. Azkenik 14:30ean 75. urteurreneko bazkari handia hasiko da, Lazaro Errazkinek girotua izango dena.

Ospakizunekin jarraituz, martxoaren 15ean, larunbatean, bazkari musikatua egingo da Remember taldearen eskutik. Bazkaria arratsaldeko 14:00etan hasiko da eta Remember taldeak girotua egongo da, Antonio Estévez bertako musikaria da eta. Antonio Estévezek aipatu duenez, “elkarteko bazkideak soilik gizonak garenez, urteurren bazkarian ez bezala, bazkari musikatu honetan kideek beren emazte, senide edo lagunekin batera etortzeko aukera izango dute”. Erreserbak Jostalluko kideen bidez egin beharko dira eta 10 euroko gordailua ordaindu beharko da izena ematerakoan.

Saltsa guztietan

Argazkia:  1952. Urtean Irungo Atsegiñak antolatutako Euskal Jiran parte hartu zuen Jostallu Elkartearen Gurdia. (Iturria: Udal Artxiboa. Zk.: 12032).

Urtero otsaileko azken larunbatean egin ohi duten urteurreneko bazkariaz gain, Jostallu elkarteak beste hainbat jardueretan parte hartzen du urtean zehar. Angel Ramajok azaldu duenez, “elkartetik lagundu daitekeen ekintza guztietan parte hartzen da, esaterako, Sagardo Egunean edo Alardealdian”.

Horretaz gain, badira Jostallu elkarteak antolaturiko beste ekitaldi batzuk, adibidez, Sanmartzialetan egin ohi den “Bakailoa pil-pilean” lehiaketa. Urtero Urdanibia plazak hartzen duen lehiaketa honen XLVIII. edizioa izango da aurtengoa, baina Ángel Ramajok azaldu duenez, oraindik ez dira ekaineko lehiaketaren prestaketekin hasi. “Bakailao lehiaketaren antolakuntzak ere lan handia eskatzen du, horregatik urteurrenaren ospakizunekin amaitu nahi dugu lan horiekin hasi aurretik”, azaldu du lehendakariak.

“Elkartea ahalik eta baldintza onenetan utzi nahi dugu, gutxienez beste 75 urtez iraun dezan”

Antonio Estévez, Jostallu elkarteko diruzaina

Gainera, elkarteak izen bereko txarangarekin partekatzen du Jostallu izena. Antonio Estévezek adierazi duenez, ordea, askok uste dutenaren kontra, txaranga ez dago Jostallu elkartearen barnean: “Elkarteko bazkide ziren musikari batzuek izen bereko txaranga sortu zuten eta horregatik dute izen bera”. Hala ere, elkarteko diruzainak azaldu duenez, txarangak eta elkarteak harreman estua izan dute hasieratik, izan ere, urteurren bazkarian edo elkartean behar izan dutenean beti beren musikarekin laguntzeko prest egon baitira.

Lekuko aldaketa

Jostalluren etorkizunaz galdetuta, Ángel Ramajok eta Antonio Estévezek elkartearen kudeaketa esku onetan uzteko kezka partekatzen dute. Ángel Ramajok adierazi duenez, Antoniok 20 urte baino gehiago daramatza Jostalluko diruzain lanetan eta berak 13 urte egin ditu lehendakari lanetan. Dena den, lekukoa esku onetan utzi arte bertan jarraitzeko asmoa dutela aipatu du Antonio Estévezek. Ángel Ramajok uste du elkartean kudeaketa jende berriaren eskuetan uzteak, gauzak egiteko eta ideia berrietarako lekua egin dezakeela eta hori ere Jostalluren etorkizunerako onuragarria izan daitekeela. Estévez diruzainak erantsi duenez, “elkartea ahalik eta baldintza onenetan utzi nahi dugu, gutxienez beste 75 urtez iraun dezan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude