Cristina Laborda Irungo alkatea José Manuel Rodríguez Uribes Kirol Kontseilu Goreneko presidentearekin bildu zen atzo, eta IAM pabilioia izango denaren proiektuaren azken aurrerapenak aurkeztu zizkion. Kirolarentzako estatu-idazkariak proiektuarekiko bere babesa erakutsi zuen Espainiako Eskubaloi Errege Federazioko presidente Francisco Blazquez ere egondako bileran berean.
KKGren egoitzan egindako bileran, alkateak KKGko presidenteari adierazi zion asmo handiko proiektu estrategikoa dela, eta Irungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Eskubaloi Errege Federazioaren babesa duela. Bestalde, Rodríguez Uribesek babesa adierazi zion erabilera anitzeko pabilioi berriaren proiektuari: “hirian begi-bistakoa den kirol-premia estaltzeaz gain, erreferentziazko azpiegitura izango da lurralde osorako, lehen mailako lehiaketak hartzeko gaitasuna izango baitu”. Eta adibide gisa jarri zuen Irunen 2029an egingo den Emakumezkoen Eskubaloiko Munduko Txapelketa, azpiegiturak jaso ditzakeen hiriko ekitaldi handi ezberdinak alde batera utzita.
Bestalde, Irungo alkateak azaldutako argudio garrantzitsuenetako bat izan zen premia dagoela Bidasoa Kirol Klubak egun dituen beharrei erantzuteko pabiloi bat eskaintzeko. Labordak azpimarratu duenez, instalazio berriak taldeari Europa-mailan baldintza berdinetan lehiatzeko aukera emango lioke, eta bere nazioarteko proiekzioa bermatuko litzateke. “Aldarrikapen historikoa da. Bidasoaren ibilbidea eta prestigioa duen klub batek ezin du mugatuta jarraitu azpiegitura egokien faltagatik”, adierazi zuen alkateak bileran.
Oraingoan, proiektuarekin aurrera jarraitzeko borondate instituzional irmoa helarazi nahi izan zion alkateak kirol-erakunde gorenaren arduradun nagusiari. Horren erakusle da joan den martxoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan hiriko kirol-instalazioen inguruan aho batez onetsi zen mozioa, zeinean Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaien lagun zezatela IAM pabilioi berria finantzatzen. Eskaera horrek sei hilabeteko epea ezartzen zuen erakundeek proiektuarekiko konpromisoa adieraz zezaten. Erabaki hori aho batez onetsi zuen Irungo Udalak joan den urtarrilean egindako osoko bilkuran, eta, ondoren, hiriko kirol-taldeek ere babestu egin zuten.
Era berean, pabiloi berria posible egingo duten hirigintza-plangintzaren azken aurrerapenak partekatu nahi izan zituen Labordak. Alde batetik, datozen asteetan lehiaketara aterako da oinarrizko proiektuaren idazketa eta, bestetik, eremu horretako Plan Orokorraren aldaketa puntuala, erabilera zein eraikuntza ahalbidetuko duen aurretiazko urratsa baita, maiatzeko osoko bilkuran onetsiko da.
Francisco V. Blazquezek, Espainiako Eskubaloi Errege Federazioko presidenteak, IAM pabilioi berriari emandako bultzada azpimarratu zuen, 2029ko Emakumezkoen Munduko Txapelketarako urrats giltzarri gisa, eta “estatu mailan erreferentziazko instalazioa” izango dela azpimarratu zuen. Proiektuak erakundeen aldetik izan duen babesa eta administrazioen arteko lankidetza balioetsi zituen, funtsezko elementuak baitira txapelketaren azken fasea lehen mailako egoitza batean egiteko.
Bileran, azpimarratu zen hiriarentzat aukera handia dela 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa egitea, Irunen egingo baita txapelketaren azken fasea. KKGko presidenteak berriz ere prestutasun osoa agertu zuen proiektua babesteko, eta azpiegitura horren alde eginda, instituzioen ikuspegia ere agerian utzi zuen.
Azkenik, Cristina Laborda alkateak eskerrak eman zizkion KKGko presidenteari, proiektuari emandako babesagatik eta bileran erakutsitako harmenagatik, eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela Gobernu zentralaren babesa izatea hiriaren etorkizunerako funtsezkoa den azpiegitura bati dagokionez.
Joan den irailean, Irungo alkate Cristina Labordak, Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek, Kiroletako foru diputatu Goizane Álvarezek eta Espainiako Eskubaloi Errege Federazioko presidente Francisco V. Blázquezek osatutako ordezkaritzak IAM pabilioiaren proiektua aurkeztu zuen KKGn. Nazioartean oihartzuna izango duen ekitaldi horren inguruan erakundeen arteko lankidetza indartzeko aurreikusitako jarduera-egutegiaren esparruan egin zen bisita.


