Gabonak agurtu aurretik ekintzez beteriko asteburua antolatu da Irunen

Irun 2025eko Gabonak agurtzeko azken ekintzak antolatu ditu. Hain zuzen ere, urtarrilaren 2tik 4ra hainbat ekintza egingo dira hirian Eguberriekin loturik. Datozen egunetan zehar egingo diren jardueren artean, haurrentzat eta gazteentzat antolaturikoak nabarmentzen dira.

Urtarrilaren 2an, ostiralean

Urtarrilaren 2an, ostiralean,goizean, Oiasso Museoak 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako bisita esperientziala eta praktika artistikoa antolatu ditu termetan, 11:00etatik 13:00etara. Aldi berean, Sargia parkea sormen gune bihurtuko da mandalak egiteko tailerrekin, eta arratsaldean jarduerak jarraituko du: 16:00etan paperezko erroiluekin eskulanak egingo dira eta 18:00etan txotxongiloak sortzeko tailerra egongo da.

Musikak eta ikuskizunak ere tarte garrantzitsua izango dute arratsaldeko azken orduetan. 19:00etan, Amaia KZ auditoriumean, Luis Mariano Lirika Elkarteak Urteberriko Kontzertu berezia eskainiko du. Gainera, ordu berean, Gabonetako Zuhaitzak bere argi eta soinu ikuskizunarekin hiriko erdialdea girotuko du.

Egunari amaiera emateko, umorea izango da protagonista San Juan plazako karpan. 19:30etik aurrera, Valeria Ros bakarrizketalariak saio berezia eskainiko du, jai-giroan hurbiltzen diren guztiei barre eragiteko asmoz.

Urtarrilaren 3an, larunbatean

Urtarrilaren 3an,goizeko lehen orduetan, historia eta arkeologia izango dira protagonistak Oiasso Museoan. 10:00etatik aurrera, familian egiteko arkeologia tailerrak egingo dira, eta ondoren, esperientzia murgiltzaileak eskainiko dira erromatar termetan (gaztelaniaz 11:00etan eta euskaraz 12:30ean). Aldi berean, Sargia parkean, txikienek aurpegiak margoztu ahal izango dituzte 11:00etatik aurrera.

Gazteentzat ere proposamen bereziak prestatu dira GazteARTEan zerbitzuaren bidez. Goizean zehar, 12 urtetik gorakoek Bilboko Umeen Gabonetako Parkera (PIN) txangoa egingo dute egun-pasa, eta arratsaldean, 15-18 urte bitartekoentzat bolo arratsaldea antolatu da Urbil merkataritza gunean. Bi ekintza hauetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izan da gaztelekuetan.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, ekintzak hirigunera itzuliko dira. Amaia KZn, 17:00etan, Autismoaren espektroko nahasmenduren bat duten pertsonentzat egokitutako zine saioa egongo da “Los exploradores” filmarekin. Bien bitartean, Sargia parkean elur bolekin jolasteko aukera eta diskofesta animatua izango dira, haurren ludotekaren inguruan.

Egunari amaiera emateko, 18:30ean Disney pertsonaiekin kalejira koloretsua ibiliko da Zabaltza plazatik San Juan plazaraino, Ondare elkartearen eskutik. Azkenik, 19:00etan, ohikoa den bezala, Gabonetako zuhaitzak argi eta soinu ikuskizunarekin argituko du hiriko erdialdean, urtarrilaren 3ko jardunaldia borobiltzeko.

Urtarrilaren 4an, igandean

Urtarrilaren 4an, igandean, eguna goizean goiz hasiko da Oiasso Museoan eskainiko diren bisita gidatuekin. Xantalen Nekropolira ibilbideak egingo dira, historia hurbiletik ezagutzeko aukera emanez (11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz). Era berean, Sargia parkean, 11:00etatik 13:30era bitartean, artilezko ponpoiak egiteko tailerrak antolatu dira, goizari ukitu sormen eta koloretsua emateko.

Arratsaldeko ekitaldi nagusia, Errege Magoen morroien bisita izango da. 16:00etatik 20:00etara, morroiek Udaletxeko areto nagusian egongo dira haurren eskutitzak jasotzeko. Udalak gogorarazi du mugikortasun urria edo dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat lehentasunezko ilara bat egongo dela, inklusibitatea bermatzeko asmoz.

Ilunabarrean, magiak jarraipena izango du Sargia parkeko haurren ludotekan. 18:00etan, Hodei Magoak “100% Hodei” ikuskizuna eskainiko du,t.Egunari amaiera emateko, 19:00etan, ohiko argi eta soinu ikuskizuna egingo da Gabonetako Zuhaitzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude