Abendua garai iluna da, egunak motzak dira, eta baratzak loti daude. Neurri handi batean mundua ere geldirik eta ilun dagoenez, gizakiak belztura horrekin bat egin beharrean, dena hautsi eta ospakizunaren beharra izaten du. Tradiziotik horrela jaso dugu, eta agian ospakizunaren aitzakia eguna luzatzen hastearen kontua izan daiteke, neguko solstizioaren festa, alegia, edo akaso, lan gutxiago egin behar izaten zen garaia zenez, bakoitza bere etxean, zer egin jakin gabe egon beharrean, zer hobe adiskide eta familiarekin festak ospatzea baino.
Erromatarrek, abenduaren 17tik hasita Saturnaliak ospatzen zituzten, Saturno jainkoaren omenez. Denboraren, nekazaritzaren eta bereziki hazien jainkoa zenaren omenez. A zer nolako festak antolatzen ziren! Egun horietan eguneroko bizitza irauli egiten zen, eta halako batean, esklabuek nagusiei agintzen zieten, edota gizonezkoak emakumez jazten ziren, edo kaleetan dadoetan jokatu zitekeen edo… dena zen posible. Festa zen. Legeak hautsi egiten ziren, aro berri bati hasiera ematen zitzaion neguko egun horietan. Berritze modu bat zen. Askatasun adierazpena. Horregatik jendeak pileus izeneko fieltrozko txapel zurixka ere erabiltzen zuen. Txapel hori nagusiek esklabuei jartzen zieten askatasuna ematen zietenean. Saturnalietan, horregatik, jendeak kono moduko txapel hori janzten zuen, askatasunaren sinbolo gisa.
Baina batez ere sekulako ospakizunak antolatzen ziren, etxeetan haragi eta jaki goxoz betetako bankete ikaragarriak, eta ardoa gogotik edaten zuten. Opariak banatzen ziren, gehienetan iluntasuna argitzeko kandelak eta baita zeramikazko irudiak ipintzen zituzten, eta egun horietan kalean jolastu eta jokatu egiten zen. Guk gaur egun loteriarekin egiten dugunaren antzera! Hortxe ibiltzen gara ea zeozer suertatuko ote zaigunaren zain, eta tokatzen zaionak, nahiz eta gutxi izan, txanpain botila bat irekiz ospatzen du beti. Erromatarren garaian ere, antzekoa gertatuko zen Oiasso plazan, jokoan edo ospatzen ziren zozketetan irabazten zuenak gogotik erakutsiko zuen poza. Opariak ere berdin-berdin egiten ditugu, tira, orain agian kandelak baino opari garestiagoak egiten dizkiogu elkarri, kontsumismoaren eraginez, baina kandelak oparitzeak badu lotura guk etxeetan, kaleetan eta nonahi jartzen ditugun argi mordoekin. Gainera etxeetan ospatzen diren bazkari oparoetan ardoa gogotik edaten da. Ez gara hainbeste aldatu. Dena delakoa ospatzeko gogo eta beharra gizakion izaeran dago, alajaina.
Kuriosoa da kristautasunak, Jesus jaio zen eguntzat, Saturnalietako azken eguna aukeratu izana. Ez da kasualitatea. Askoz errazagoa da gizarteak gogoko dituen erritoak mantentzea, nahiz eta aldaketak egin, festa berri bat sortzea baino. Errazagoa da dagoeneko existitzen den festa sinesmen berrietara moldatzea. Gizaseme eta gizalabek, neguko egun horietan etxeko zuloan bakarti eta triste egon beharrean, askoz nahiago zuten zerbait ospatu, Saturnoren festa dela edo Jesusen jaiotza… kontua zulotik atera eta alaitasuna partekatzea izaten da. Nahiz eta batzuentzat gabonetako alaitasuna oso inposatua eta behartua izan, gehienontzat gabonetako ospakizuna negua arintzeko modua da, azkarrago pasatzeko estrategia. Baina batez ere, urte berria datorrenaren aitzakiarekin asmo eta gogo berriak finkatzea da kontua. Urte askoz hobeago bat izateko esperantzan.
Erromatar garaian Saturnalia festak aldaketa ugari bizi izan zituen, eta Errepublika garaian egun bateko festa izatetik, Inperio garaian 7 egunetara luzatu zen. Guk ere, San Tomasetako festarekin hasten ditugu gabonak, eta urtarrilaren 6ra arte luzatzen dira, nahiz eta duela urte batzuk, etxe guztietan ospatzen zen erregeen festa garrantzia galtzen ari den, eta geroz eta jende gehiagok ospatzen duen Olentzero eta Mari Domingiren opari banaketa.
Ohitura aldaketarik deigarriena, Irungo urte zaharreko festa da, non mundu guztia mozorrotzen den. Eta ez da oso ohitura zaharra, baina erabat zabaldu da, eta inauterietan baino askoz arrakasta handiagoa duen mozorro festa mundiala da. Saturnalietan bezalaxe!
Ez dakiguna da Olentzero buru handia, edo Trakatran trakatan hiru erregeren ordez, zer abesten ote zuten erromatarrek. Hala ere, Saturnoren omenez edo dena delakoaren omenez abestuko zuten, seguru! Lastima zirrikitu batetik ezin ditugula ikusi eta entzun hain aztarna ikusgarriak utzi dizkiguten erromatar garaiko gure ez hain urruneko aiton-amonak. Bai, ez dugu familian oso atzera egin behar Oiassoko gure aurrekoen garaietara joateko. Horra, horra… 50 belaunaldi besterik ez!!!



