Kalean Bai programara atxikita dagoen Betti Gotti euskara kultur elkarteak Koadrilen Eguna proposatzen du berriro Sanmartzialak lagun giroan ospatzeko. Festarako proposatutako formatua ohikoa izango da, aldaketa gutxi batzuekin. Aurten koadrilek ekainaren 21ean izango dute disfrutatzeko hitzordua, bazkaritik haratago doan egitarauaz gozatzeko.
Eguna goizeko 9:00etan hasiko da Koadrilen Gosari herrikoiarekin. Jarraian, 9:30ean goitiberetako parte-hartzaileen artean zozketa egingo da Urdanibia plazako oholtzan. 10:00etan lehiarako ordua izango da, Irun Hiriko IV. Goitibera Lehiaketari hasiera emango zaio eta. Hori bukatutakoan, Koadrilen Kamiseten Lehiaketaren sariketari ekingo zaio, bigarren urtez jarraian, Antxeta Irratiaren laguntzaz antolatu dena. Bertan parte hartzeko asmoa dutenak oraindik garaiz dabiltza, ekainaren 15era arte egin baitaiteke izen-ematea elkartearen webgunearen bitartez. Horretarako, izen-ematean kamisetaren diseinua eta ezaugarriak aurkeztu beharko dira.
12:00etatik aurrera Peña Poteo txarangak eta trikitilariek Urdanibia plazako inguruak girotuko dituzte, 13:15ean Ficobarako bidea hartuko duen kalejira hasi aurretik. Behin mahaian eserita, bazkaria 14:15ean hasiko da globotxupinazoarekin. Aurtengo zapiaren kolorea berdea izango da, pandemiaren ostean hasitako zikloak hala markatzen du eta. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, Herri Bazkariaren ostean, arratsaldeko 16:00etatik aurrera Ficobako ateak zabalduko dira festara batu nahi direnentzako, egunean bertan Ficobako atarian 2 euroko sarrera erosiz. Ordu horretatik aurrera DJ Balber izango da Ficobako 3. pabiloia dantzan jartzen lehena. 17:00etan Burrunba elektrotxarangak dantzaldia eskainiko du oholtza gainetik. 19:00etan DJ Balberrek festaren lekukoa berreskuratuko du Ficobako ateak itxi arte.
Erdigunera itzultzeko kalejira 20:30ean abiatuko da, Matraka Elektrotxarangaren erritmoan. Eguna amaitzeko Betti Gottik mendaria lortzeko aukera eskaini die halakorik nahi dutenei. Mendariaren erreserba webgunearen bidez egin beharko da ekainaren 8a baino lehen 6 euro ordainduz. Elkartetik azpimarratu dutenez, ordainketa egin eta mendariaren aukera erregistratu ondoren, gorde beharreko eskaera zenbakia inprimatu beharko da, mendaria jasotzeko paper hori ematea nahitaezkoa izango da eta.
Hobetzeko nahia beti gidari
2025ean Koadrilen Eguna antolatzeko Betti Gotti elkarteak aldaketa garrantzitsua egin nahi izan du parte-hartzaileen esperientzia hobetze aldera. Herri Bazkarirako sarreren salmenta webgunearen bidez egin ordez, aurten erreserbak emailez egin behar izan dira eta erosketa ordainketarekin formalizatu da. Horrela, webgunearen ordu luzeko blokeoa saihestu eta jendearen erosketa esperientzia hobetzea bilatu da.
22 urteko ibilbidearen ostean, Betti Gotti elkartetik Koadrilen Eguna jai giroan ospatzeko deia egin dute. Beraz, ingurukoekiko errespetu faltek ez dute lekurik izango bertan; ez mahaikideekiko, ez antolakuntzan lanean ari direnekiko. Festa egun hau antolatu ahal izateko Betti Gotti elkartekoek Udalarekin goiz hasi zituzten bilerak eta, zailtasunak zailtasun, antolaketan aurrera egitea lortu dute, udalari adostutakoak errespetatzea eta bidea erraztea eskatuz. Elkartetik azpimarratu dutenez, Koadrilen Egunak ez du adin mugarik. Beraz, noizbait erdigunean herritar profil ezberdinentzat irekia izango den bazkaria antolatzeko ametsari eutsiz, dagoeneko prest dute 2025. edizioa.



